Navigation – Plan du site

AccueilNuméros9ArticlesEtimologia eta neologia Larramend...

Articles

Etimologia eta neologia Larramendiren Hiztegi Hirukoitz-ean (1745)

Blanca Urgell
p. 299-310

Notes de l’auteur

Lan hau Joseba Lakarrak zuzentzen duen BFF202-03132 proiektuaren barnean egina da.

Texte intégral

Sarrera

1« Euskara » eta « XVIII. mendea » elkarrekin ezin aipatu, « Larramendi » ere aipatu gabe. Halere, nola aipatu behar den, honetan ez gaude ados. Alde batetik, latina txikitan erraz eta laster ikasteko moduko josulagun buru handiko, predikari ospetsu, Espainiako erregina-amaren aitorle, eskolastiko trebe, euskaraz eta erdaraz idazle bikain, Hegoaldeko euskal literaturaren aita, gramatikalari egoki... dohain anitzez hornituta aurkeztu zaigu Larramendi ; diren eta izan diren euskaltzale eta euskalarietan argienetako bat.

2Bestetik, ordea, edonon irakur dezakegu -oraindik ere bai, bost lekutan- hizkuntz ideia zaharkituak zituela, ez Garibaik edo Etxabek baino modernoago edo hobeak ; euskaldunentzat baino erdaldunei begira lan gehiago egin zuela, eta joera gaizto honengatik hanka-bururik gabeko etimologiez -edo txantxetakoez ; ez dakit zer den okerrago- eta gaizki eratutako neologismoz bete zuela bere hiztegia.

3Zilegi bekit berriro ez azaldu beharrik izatea Mitxelenak (1983) eta Lakarrak (1985, etab.), elkarren paretsuan eta beste egile batzuen laguntza berehalakoan erakarriz (Pagola 1984, Sarasola 1986, etab.), nola deuseztatu zuten ikuspegi hori hein handi batean, Mokoroak (1935) eratutako azalpena alderdi askotatik ahula ez zenean, zuzenean okerra zela erakutsiaz, garai garbizaleegi hartako -sabindarren garaiko- gehiegikeriek sortutako eta haiexek okertutako irizpidea, alegia.

4Bazeuden gutxienez beste bi oker nagusi ikuspegi hartan. Lehena, Larramendiren ahotsa isilaraztea, haren esanak irakurri gabe eta haren eginak aztertu gabe epaitzea. Bigarrena, Larramendi gure munstroa bailitzan aurkeztea, euskararen egoera bereziak nahi baino maizago sortzen omen dituen aldrebeskeria edo gehiegikeria baztergarri bezain barkagarri horietako baten edo batzuen egilea.

5Lan honetan erabiliko ditut bi gai horiek -Larramendik berak eskaintzen dizkigun datuak eta Europako hizkuntz ideien historiak XVIII. mendeaz dioskuna- irekitzen dituzten bideetako zenbait Hiztegi Hirukoitz-aren ezagutzan zenbait aurrerapausu egin nahirik, eta honetan jakintzat emango dut hiztegi erraldoi hura dela Hegoaldeko (eta ziurrenik ez bakarrik Hegoaldeko) euskarak XVIII. mendean duen gordailurik handiena, bai eta Imposible Vencido-aren aldean Larramendiren hizkuntz deien islarik garrantzizkoena ere.

6XVIII. mendean oraindik ere giza hizkuntzaren etorkiari eta haren garapenari buruzko iritzi gehienak Bibliako tradizioan oinarritzen dira. Honek esan nahi du hizkuntza Jainkoaren dohaintzat hartzen zela, Babelen kokatzen zela hizkuntz aniztasunaren jatorria eta guk « hizkuntz aldaketa » deitzen diogun horri « ustelketa » zeritzela (Bahner 1966).

7Aspaldixko hasi zen Historiografia Linguistikoa ohartzen zeinen garrantzizkoa den guretzat lehenagoko hizkuntzalarien jarrera itxuraz apalegi edo lañoegi haiek ulertzen ahalegintzea – « beren lekuan jartzea », esan ohi denez-, bestela nekez ulertuko dugulako zer egin zuten edota zer egin nahi izan zuten, eta nola (Koerner 1989, Hüllen 1990).

  • 1  Ideia hau jadanik Swiggers 1990-n aurkitzen da ; zehazki, berak hizkuntz ukipeneko eremuak aipatze (...)

8Lan honetan erakutsi nahi nuke, hain zuzen, tradiziozko ideia haiek -ordurako jadanik zaharkituta zeuden, ez zeuden, honek ez du axola hemen- erabilgarri suertatu zitzaizkiola Larramendiri euskara normaltzeko eratu zuen egitasmoan. Bidenabar, azpimarratu nahi nuke zeinen emankorra izan daitekeen aztertzea teoria orokorrek hizkuntza gutxituetan izaten dituzten ondorenak, baliabide eskasiak bestetan axaletik baino ukitzen ez diren gaiak sakonago -beste era batera, edonola ere- azterrarazten baitituzte eta zenbaitetan, gure gaurko autuan gertatu bezala, are ohiko mugak gaindiarazten.1

9Larramendiren egitasmoan bi tradizio oso ezagun biltzen dira : hizkuntza beteginaren inguruan hausnarketa egiten duena (Eco 1994) eta etimologia kratilozalea (Genette 1976). Biak dira Hiztegi Hirukoitza-ren (HH) neologiaren legamia.

1. Larramendik euskarari buruz dituen ideiak

10Larramendi heziketa eskolastiko sendoko josulaguna izan genuen. Horrezaz gainera, bere liburutegiaren arabera (Altuna 1984) euskarari buruz edo Penintsulako hizkuntz historiari buruz eskuetaratzen zuen guztia irakurri zuen (Garibai, Poza, Etxabe, Oihenart, Moret..., baina baita Aldrete, Mayans, Pierre de Marca...). Ez dirudi, aldiz, gehiegi axola zitzaionik gramatikan edo lexikografian bere burua janztea. Hortik, agian, bere gramatikan sumatzen dugun teorizazio lan urria, edota eredu grekolatindarrari atxikiegi lan egin izana (Oyharçabal 1989, Gómez 1992). Eta hortik HH-ak hiztegigintzaren tekniken aldetik daukan itxura arkaiko xamarra, bai eta eredu bakar baten -Espainiako Erret Akademiaren Diccionario de Autoridades-en- ia erabateko menpekotasuna (Urgell 1999).

11Orobat, ez dira berriak, hasiera batean bederen, hizkuntzari buruz eta giza hizkuntzari buruz oro har Larramendik dituen ideiak, zeren eta bere egiten baitu apologi tradizio luze-luze bat, eta horko ekarriak bere erara landuaz tradizio horren erpin bihurtzen da (Mitxelena 1959). Denok ezagutzen duguna labur bilduz, Larramendik sinesten du, aurreko guztiek bezala, euskara ama-hizkuntzetako bat dela, Babelgo nahasketaren ondoren sortutako 72 hizkuntzetatik bat, aurkintza hauetara Tubal Noeren ilobak ekarria ; Penintsulan mintzatu zen lehen hizkuntza dela eta aspaldi hartan mintzatzen zen bakarra, hots, Penintsula osoko antzinako hizkuntza. Eta, ama-hizkuntza izanik edo, zehatzago, Jainkoak zuzenean sortua izanik hizkuntza betegina izan behar – « arrazoiaren hizkuntza » deritzo Larramendik Descartes buruan, nonbait, bere lehen idazkietan -, zeren eta euskarak baititu

...aquellas perfecciones que en una o varias lenguas han sido admitidas de todos por perfecciones y atributos apreciables, v.g. la propriedad de las voces, la distinción y puntualidad en los modos de hablar, la cortesía y discreción, el concierto y seguridad de las reglas, la consequencia dellas, la harmonía en su dispositiva, y la riqueza y abundancia (1728 : 92).

12Dena den, Larramendik bai hiztegigintzan, bai hizkuntz ideien alorrean, bietan egin zituen ekarpen berri eta jakingarriak, hizkuntza baten lexikoaren aberastasun eta egokitasunari buruzko teoria bereziak garatu baitzituen, eta teoria horiek hitzberrigintzan eredu gisa erabili.

2. Hizkuntz normalkuntzarako oinarri teorikoak

  • 2  Hurrengo guztian, salbuespenak salbuespen, Larramendiren adierazpenen erreferentziak ematera mugat (...)
  • 3  Mayansek uste hori bermatzeko erabiltzen duen testua (Landuchio 1562) ez da erabil zezakeen erakus (...)

13Mayans-ek2 (1737 : 347-348) euskara aurkeztu zuen erabilera faltak eta landu ez izanak usteldutako hizkuntza gisa.3 Larramendik nahiago du azpimarratu hizkuntza bizi eta hilen arteko aldea, eta gogoratzen du hebreerak, grekoak eta latinak, nahi bezain perfektuak izanik ere, betiko galdu dutela berriztatzeko gaitasuna (1745 : xxxiii). Ez, ordea, euskarak, lortu baitu bizirik irautea, Penintsulak jaso dituen inbaditzaile guztiak gorabehera :

...antes universal y estendidíssima por toda España, después más ceñida, y últimamente reducida al Sagrado destos montes, en que logra una vida y salud robusta, nada expuesta a la caducidad de las demás Lenguas. (...) encastillada entre estas rocas, a pesar del tiempo y sus estragos, ha sabido mantener su alma y cuerpo vivientes en un estado tan vigoroso y fuerte, que va a remozarse y aspira a la immortalidad (1745 : xxxiii).

14Ez da ustelketarik izan, beraz ; besterik gabe (eta zuhurki) atzera egin du euskarak, eta « mendi hauen babesean jarri ». Adierazpen honek ez du esan nahi Larramendik ukatzen zuenik maileguek euskaraz duten garrantzia. Alderantziz, zentzuzko bereizketa bat ezarri zuen erdarakada (hitzunea, Ubillosek HH-tik atera zuen terminologian) eta etxekotutako maileguen artean (1745 : xlvii-xlviii), eta zehaztu zuen etxekotuak euskararen arauen araberako bihurtu direla, hizkuntza aberastuz aldatu gabe (1745 : eskaintza, or. gabe). Latinari dagokionez, uste zuen maileguak bi norabideetan joan direla eta, zehazkiago, eguneroko hizkuntzaren hitzak eta gauza arrunten izenak, horiek denak euskarak eman dizkiola latinari (1745 : xvii-xix). Baina, gainerakoan, hizkuntzaren bizitzaz diharduenean gai hau saihestu ohi du. Onartu, onartzen du denboraren iragateak eta hiztunen axolakabekeriak hitz asko galarazi dituztela (1745 : x-xi).

15Hegoaldeko euskaldunek gaztelaniarekiko daukaten kultur menpekotasuna aitorturík (1745 : xliii), Larramendik erabakìtzen du euskarak egin behar duela latinak grekoarekin edo gaztelaniak latinarekin egin zuten bezala, hau da, haren parean jarri behar dela. Ia hogei urteko lana izango zenerako lehen hurbilketa tolesgabe xamar honetan, gaztelaniazko hiztegirik osoena hautatzen du eta bertako sarrera guzti-guztietarako euskal ordainak aurkitzen jarri nahi du. Alabaina, berehala ohartzen da lana erraldoia dela, eta are « eramangaitza », ez hiztegigintza tradiziorik, ez ia libururik ez duen eta eskolan erabiltzen ere ez den hizkuntza batean. « Para salir con ese intento, lo segundo a que me dediqué fue a aprender el bascuence... » (1745 : lii). Ideia honetan bat dator, esate baterako, Schottelius alemanarekin (Seiffert 1990), eta ideia horren lehen fruitua bere gramatika izango da, non berariaz uzten duen hiztegirako « izenen eraketa » deritzana eta antzerako gaiak (1729 : 268).

  • 4  Logika tradizionalarena da materia eta formaren arteko bereizkuntza perpausean. Jadanik seinalatu (...)

16Feijoo-ren aburuz (1726 : 216-221), hizkuntzaren aberastasuna frogatzeko aintzat hartzekoak izan ohi diren hiru ezaugarrietan -oparotasuna (copia), egokitasuna (propriedad) eta harmonia-, copia bakarrik (hitz ugari izatea) dugu neurbide ziur eta esanguratsu. Feijooren murriztapen hau oso gogorra da euskara bezala gutxi landu izan diren hizkuntzetarako ; honegatik Larramendik, euskara txiroa dela aitorturik (1745 : ix), nahiago du aberastasun mota bi bereizi :4

... qué riqueza y copia es la más apreciable en una Lengua ? Es en dos maneras la riqueza de las Lenguas, y quiero explicarme con términos de Escuela : una es la riqueza formal, y per se ; otra es material, y per accidens. La riqueza formal consiste en la variedad de preceptos, en la seguridad de las reglas, en la hermosura y harmonía de la Syntaxis, y en otros atributos que son efectos de la idea, de la inventiva, de la comprehensión del Inventor de las Lenguas. (...)

La riqueza material y per accidens de una Lengua, consiste en la multitud de vocablos sueltos, sean synónimos o no lo sean (1728 : 117-119 ; 1745 : ix-x).

17Bai euskararen aberastasunaz hitz egitean, baita hiztegia nola egin zuen azaltzerakoan (1745 : ix y xlv-li), bietan Larramendik hitz arruntak eta hitz « fakultatiboak » -Zientzia, Arte eta Fakultateetakoak- bereizten ditu. Hitz arruntak direla eta, uste du gaurko euskararen formazko aberastasunak (hots, baliabideetan aberatsa izateak) erakusten duen bezain aberatsa izan zela gure hizkuntza jatorriz baita materian ere (1745 : x), baina jatorrizko copia hura egun euskalkietan sakabanatuta dagoela (1745 : xii, xlv eta lii).

18Hitz fakultatiboei dagokienez, euskarak, beste edozein hizkuntzak bezalaxe, eguneratu beharra dauka, eta honetarako aukeran maileguak onar ditzake, zein berezko ordainak sortu (1728 : 123 ; 1745 : xl eta xxxiii). Larramendik bigarrena hobesten du, Ciceronen bidetik (1745 : xi). Gogora dezagun, bidenabar, garai horretan ari zirela deskubritzen hizkuntza askoren mekanismo morfologikoak (cf. Schottelius ; Jones 1991), eta horrek sortzen duen mirespenaren ildotik berez sortu zela « sortzaile » dei dezakegun lexikografia bat, hiztegigilearen hizkuntz gaitasuna gehiago islatzen baitu, hizkuntzaren benetako egoera -iraganekoa edo egunekoa- baino (Lakarra 1995). Hitz berriak behar izatea eta hizkuntzaren ahalmen sortzaileaz ohartzea, bi alderdiek dute eraginik Larramendiren egitasmoan.

19Alabaina, ordainak ezin dira nolanahi sortu, hizkuntzaren legeen arabera baizik : Larramendi biziki kezkatzen duen gaia dugu hau (1745 : x, adib.). Honegatik, gorde nahi luke egingo dituen hitz berrietan ondare zaharreko hitzetan aurkitzen duen egokitasun berezi hori, hots, motibatuak izatea nahi du, ez arbitrarioak ; hau dela eta, oso esanguratsua da bi aldiz aipatzea Platonen Cratilo liburua, lehenik euskararen perfekzioak aipatzerakoan (1745 : ii) eta bigarrenik hiztegiko hitzak nolakoak izango diren azaltzerakoan ; bigarren honetan, gainera, aipua euskarara itzultzen du, « denek uler dezaten » (1745 : 1).

20Labur bilduz, Larramendik hiru aldiko lana egin zuen : bilketa, analisia eta hitz sorkuntza. Edo, bere hitzetan esanda, lehenik bilatzen ditu

...voces simples oportunas que explican sus objetos simplemente, o compuestas que declaran su naturaleza y propriedades, y passo luego a formar los nombres facultativos que explican naturalmente sus objetos, en el sentido del mismo Platón (loc. cit.).

21Larramendiren sistema ulertzeko gakoa honetan datza, alegia, « euskal hitza » bere ustetan zer zen mugatzean, hiztegian sartzeko modukotzat zer hartzen zuen erabakitzerakoan. Apologiatik bi ideia berreskuratu behar ditugu hori jakiteko : euskarak bere hartan iraun duela Babeldik hona, eta euskal hitzen ezaugarririk aipagarriena adierazten duten horrekiko berezko lotura -lotura naturala- gordetzea dela. Lehenengo ideiaren kariaz, erabakitzen du euskalki eta garai guztietako hitzak bildu behar dituela ; bigarrenetik, neologismoak egiteko bidea lortzen du. Hortaz, euskal hitzak izango dira antzina izan zirenak, gaur egun direnak (zein-nahi euskalkitakoak) eta hizkuntzaren legeen arabera sortutakoak. Halere, zehazten du azken hauei ere ezin zaiela adiera hertsian « berri » deitu :

Son nuevas, pero no ad placitum, ni a mi solo placer y regalado gusto, sino naturalíssimas al significado de las voces simples de que se componen, cuya análisis está descubriendo su oportunidad. Son nuevas, no para el Bascuence, sino para el Bascongado, que no ha querido, o no ha podido descubrir, ni registrar los tesoros que encierra su fecundíssma Lengua (1745 : xlix).

3. Hitzberrigintza

22Oinarri teoriko horien gainean eraiki zuen Larramendik bere hiztegia, gutxi gorabehera 43.000 gaztelaniazko sarrera dituen lan erraldoi bat, 87.000 bat euskal testu-hitz biltzen dituena, agian 40.000 bat lema ezberdin (Sarasola 1997, Urgell 2000).

  • 5  Erabiltzen dudan laginean (H)A hasierako euskal hitz guztiak sartuta daude : 4.867 lema, orotara. (...)
  • 6  Orotara 532 hitz, adiera edo esapide bermatu ahal izan ditut, geroko lekukotasun ahozkoei esker es (...)
  • 7  2.435 eratorri gure laginean ; horietatik 2.199 (%90) lehen lekukotasunak.
  • 8  Laginean 1.070 hitz elkartu daude, eta horietatik 968 (%90) lehen lekukotasunak dira.
  • 9  Eta egile horrek egozten dien data (gutxi gorabehera I. Mundu Gerratik aurrera) baino askozaz lehe (...)

23HH-aren lexikoaren %80 inguru lehen lekukotasunak dira.5 Artean hitz herrikoien lehen lekukotasunak ere egon arren (%14, gutxienez),6 aipagarria da eta nabaria lehen lekukotasun gehienak eratorriak (%50)7 edota elkartuak (%22)8 direla, eta bi multzoetan taiu bereko hitz asko eta asko daudela. Zenbaki horiek aski eta sobera dira, inondik ere, Zgusta-k (1989) « standard-creating dictionary » deritzanaren kasu bereziki argi baten aurrean gaudela erabakitzeko.9

24Aurreko atalean iruzkindu ditugun teoriek hala iragartzen zuten. Teoria eta praktika elkarrekin doaz Larramendiren egitasmoan, ondokoan erakusten saiatuko naizen bezala.

3.1. Galdeketa eta hustuketa

  • 10  Ohar bedi, bide batez, Feijoo baino zertxobait lehenagoko garai batez ari garela, Feijoo hartzen b (...)

25Antzinako copia euskalkietan sakabanatuta baldin badago, euskal lexikoa osatu nahi duenak ezinbestean hiztunen ezpainetatik eta dauden liburuetatik bildu beharra dauka. Frogatuta dago Larramendik galdeketa zabalak egin zituela : hartarako erabili zuen metodoaren deskribapen xehe-xehe eta oso interesgarri bat egin zuen (1745 : lii-liii).10 Frogatuta dago, halaber, hiztegirako bildu eta hustu zituela aurreko liburu ia guztiak, bai eta eskura izan zituen hiztegiak ere. 1. adibidean hiztegiko sarrera bitako euskal hitzen jatorria -euskalkia edo testua- jasotzen dut, esate baterako :

(1) Clavo, iltzea [G], ultzea [B], itzea [L]
Espuma, aparra [G], bitsa [B], pitsa [G], abuina [Ax], haguna [Leiz]

26Bidenabar, azpimarratzekoa da bere ustetan euskarak dituen hiru euskalki nagusietako ordainak ahalik sarrera gehienetan emateko ahalegina ; horrekin bateratsu, errepara diezaiogun G-B-L ordena finko xamarrari, sarreretan euskal ordainak antolatzeko Larramendik baliatzen dituen irizpideetako bat baita, bai HH- an (2a), baita Eranskin- ean ere (2b) :

(2) a. (En ningún) lugar, iñon ere, iñon bere, nihon ere
(Es a) saber, conviene a saber, esan nai det, gura dot, erran nai du
Mariposa, inguma [G], chiqueta [G?], chirita [G?], micheletea [B], ulifarfalla [Ax]

b. Costumbre, ecandua [RS], aztura [Ax]
Cebo, peita [G?], beita [Ax]

3.2. Antzinako euskararen aztarnak

27Euskara beti bat izan baldin bada, egun ahaztuta dauden hitzek han-hemen utzitako aztarnak ere bildu beharko dira, bilketa honetatik lortutako emaitzak euskal hiztegian eskubide osoz (ez arkaismo gisa) jaso ahal izateko. Honetan Larramendik hiru iturritara jotzen du : (1) Toponimia-Antroponimietara, (2) beste hizkuntzek mailegu gisa gorde dituzten euskal hitzetara eta (3) euskal hitzen euren azterketara.

3.2.1. Toponimia eta Antroponimia

28Aspalditik Toponimia zen euskara Penintsulan lehena eta orokorra izan zela frogatzeko erabiltzen ziren argudioetan landuenetako bat ; berez bezala dator, hortaz, Larramendik bertan bilatzea antzinako hizkuntzaren aztarnak. Toponimo eta antroponimoak biltzen eta aztertzen ditu, beraz, eta lan horren ondorioz (3a) HH-an berrerabiltzen ditu, edota (3b) adiera hertsian « neologismo » deitu behar ditugun hitzen oinarri bilakatzen :

(3a) Arruti deitura (1566, ap. ApV 90) > arro + -ti > arruti « arrogante ».
Arrokia deitura (1340, ap. ApV 92) > arro « esponjoso » + -ki > arroki « esponja ».

(3b) arrutiro « arrogantemente », arrutitu « jactarse ».
arrokarri « piedra pómez » (2. osagaia arri « piedra » delarik), arrokitu « esponjar ».

29Toponimiaren garrantziaz jabetzeko hona hemen A letran bildu ditudan Gipuzkoako herrien izenak (toponimia txikia ere ageri da, ordea), beren azalpen batzuetan oso xelebreekin :

(3c) ABALZIZKETA « Melodrama, diálogo en música, abalcizqueta, otseztizaueta ».
ADUNA « Trigo nuevo, aduna ».
AMEZKETA « Carvallar, amezqueta, amezaga ». « Quexigal, amezqueta, ameztia ».
ARRASATE « Demolición, arrasatea, barraiadura, deseigoa, deseguindea, lurreratzea ».
ASTIGARRAGA « Arboleda de ellos [tilos], astigarraga, astigardia ».

30Baita Bizkaiko herri zenbait ere, batere nekerik gabe bilduak :

(3d) GETXO : « Humillo, quecho, guechoa ».
LARRABEZUA : « Pasturage, larre guciaquicoa, larrabezua ».
MAÑARIA : « Mañero, el que tiene maña, mañeru, mañaria ».
MARKINA : « Margen, esta voz y la Latina margo, marginis, son de el Bascuence marguina, marquina, que significa lo mismo (...). Marguina, ertza, bazterra ». Cf. « Margenar, marginar, marguindu, marquindu, ertzatu, baztertu ». « Marginal, marguinarra, marquindarra, ertzecoa, bazterrecoa ».
OROZKO : « Público, otsandequia, ochandiquia, aguerria, aguiria, jaquiña, orozcoa ». « (Muger) pública, emacume orozcoa ».

  • 11  Ezaguna da, ordea, ez zela bera izan horretan aritutako bakarra, ez lehena : Ziburuko Etxeberrik e (...)

31Baina toponimoak zatitu ere zatitu daitezke, erroez, atzizkiez eta elkarbideez informazioa eman dezaten. Adibide egoki bat izan daiteke -di atzizkiaz eratorritako hitzen HH-ko ugaritasun nabarmena, nahiz atzizki hori euskara historikoan ia antzua izan, baina Toponimian eta Antroponimian maiz aurkitzen zuena :11

(4) agadi « palazón » (aga « palo »-tik sortua), andredi « mugeriego, conjunto de mujeres » (andre « mujer »-tik), arraundi « palamenta, conjunto de remos » (arraun « remo »-tik), etab.

3.2.2. Beste hizkuntzetako euskal maileguak

32Bestela epaitu badira ere, Larramendiren etimologiak ez dira euskararen aldeko tour de force gutxi-asko zoro bat ; ez bakarrik behintzat, ez eta gutxiagorik ere. Eremu honetan ere lanean dabil antzinako formen bila : bere ustetan, euskararekin harremanetan izan diren hizkuntzek gorde dituzte antzinako forma galdu horietatik batzuk, guztiz gaztelaniak, baina baita latinak, grekoak, etab. Hortaz, etimologiek ere elikatzen dute hiztegia, (5a) etxekotutako mailegu zenbaitez « jabetzeko », (5b) berriak gehitzeko eta (5c) haietatik ateratako erro-atzizkiekin neologismoak egiteko bidea emanez :

(5a) abere « animal » [1562] : « Aberes, hazienda, riquezas, viene de el bascuence abere, ganado, y antiguamente las riquezas eran en ganados, y por esso a los ricos llamamos aberatsac, como el latín pecuniosos de pecus ».
adobatu « remendar » [1562] : « Adobar, es voz puramente bascongada, de adoba, adobatu, remendar, y este verbo de oba, obatu, obe, obetu, mejorar, y es lo que se procura remendando ».

(5b) abollatu « abollar » : « Viene de el Bascuence bollá, que significa el batán que tunde y golpea los paños ; o de boillá, redondo ».
agasajo « agasajo », agasajatu « agasajar » : « Agasajar, de agasajo, y esta voz de el antiguo castellano gasajo, cuyo origen puede ser de el bascuence guizagajo, hombre digno de lástima ; y esta expresión, con que recibimos a los que llegan maltratados de el camino... ».

(5c) abollantza « abolladura », abollari eta abollatzalle « abollador », abollatze « abolladura ». agasajatzalle « agasajador », agasajatze « agasajo ».

33Etimoak ere -baita euskaratik datozen gaztelaniazko hitzak eurak ere- berranalizatuak dira. Adibidez, (6a) euskaraz ere emankor den gaztelaniazko -dura atzizkiaz jabetzen da ; eta (6b) elkartu-eratorrien lehen osagaiaren bukaerako o > a aldaketaz ohartzen da, nahiz ordurako fosildurik egon, eta berrezartzen du neologismoetan (ez beti testuinguru egokietan, eta honek salatzen du bestek baino argiago, jakina) :

(6a) « Alzadura, es voz puramente bascongada, altzadura ». « Asmadura, es voz enteramente bascongada, y viene de asmatu, asmar ».
algaindura « costura », arrascadura « rascadura », arregura « regadío, regadura », atzekidura « raboseada, raboseadura ».

(6b) « Zulaque, betún para embetunar los caños, arcaduces, es voz bascongada zulaquea (...) de zuloa, agujero, y guea, posposición que significa sin o negación, que en composición es también quea ».
ardabeltx « tintillo » (ardo « vino » + beltz « negro »), baina ardo < *ardano, ardan- elkartu-eratorrietan : cf. ardandegi « taberna » (1643) o ardantza « viña » (1164).

3.2.3. Euskal hitzen azterketa

34Bildu ahal izan zituen hitz anitz ere -zaharrak zein berriak, orokorrak zein euskalkietakoak- analizatu zituen Larramendik. Zoritxarrez, gehientsuenetan ez ditu bere ondorioak agerian jartzen, eta honegatik zatika baino ez ditugu ezagutzen oraingoz ; halere, badirudi Larramendik egindako lan horrek ez duela parerik (emaitzen kopuruan, behinik behin) aurreko euskal gramatikagile edo hiztegigileek egin zuten lanetan. Ikus ditzagun alderdirik nabarienetako batzuk :

  • 12  Gure laginean Larramendik 72 atzizki ezberdin ditu, eta Urtek 52, esate baterako (Urgell 2000). Es (...)

351) Atzizki asko isolatzea lortu zuen.12 Ondorioz, HH-ko eratorpen neologikoa oso ñabarra da, askotarikoa, baliokidetzat (zuzen edo oker) hartzen dituen atzizkiak aldizkatzen baititu maiz, hizkera batekoak edo bestekoak diren begiratu gabe :

(7) Assegurador, segurutzallea, seguruguillea (seguru(tu)+ -tzaile, + -gile). Mañoso, mañatsua, mañaduna, mañatia (maña + -tsu, + -dun, + -ti).

362) Elkartu-eratorrien morfema-mugan gertatzen diren (edo gertatzen ziren) hots-aldaketa mordoxka batez jabetu zen. Gai honetan, batzuetan asmatu egin zuen, asmatu ere, baina interpretazio txarrak ere ez dira gutxi: ikus ardabeltxa (6b)-n, esaterako. Interpretazio txar horiexek dira, antza denez, Larramendiren hitz berri askori itxura xelebre hori eman dietenak. Halaber, lotu beharko genituzke atzizki batzuen alomorfo ezezagunak ugari agertzearekin ere :

(8) -gintza atzizkiaren -intza alomorfo ezezaguna : argintza « cantería » (s. XVII ; argin « cantero » + -gintza) vs. astelarintza « semanería » (astelari « semanero » + -intza).
-era atzizkiaren -dera eta -tera alomorfo ezezagunak : akabera « conclusion » (1713 ; akaba(tu) « acabar » + -era) vs. alargundera « viudedad » (alargun « viudo » + -dera), aurtera « niñez » (aur « niño » + -tera).

37bai eta testuinguru eta alomorfoaren artean egoten den erlazioaren galerarekin beste batzuetan :

(9) -gin atzizkiaren -kin alomorfoa herskari edo txistukariaren ondoan agertzen da : altzairugin « (fabricador de) acero » (altzairu « acero »), ameskin « soñador » (amets « sueño ») vs. aizekin « abanico » (aize « aire »), asgin « festejo » (ats « respiración »).

3.3. Neologismo kratilozaleak

  • 13  Halere, azpimarratu behar dugu Larramendiren etimologiak ere askotan hertsiki kratilozaleak direla (...)

38Behin datuak bildu eta analizatu ondoren, neologismoak egiterakoan agertzen zaigu kratilismoa ez teoria gisa, arau praktiko gisa baizik.13

39Euskararen ezaugarrietako bat hitzak motibatuak izatea baldin bada, eta hitzak aztertuaz deskubritu baldin baditugu arautzen dituzten mekanismoak, orduan egingo ditugun hitz berriak ez dira nolanahikoak izango : hizkuntzaren legeak eraketaren aldetik ez ezik, filosofikoki ere errespetatuko dituztenak izango dira. Alde honetatik, oso argigarri suertatzen da XVII. mendeko Covarrubias gaztelaniazko hiztegigilearen definizioa, atzekoz aurrera jartzea aski baita neologismo kratilozale bat nola eratzen den ulertzeko : « En la etimología de cada vocablo está encerrado el ser de la cosa, sus cualidades, su uso, su materia, su forma, y de algunas dellas toma nombre » (s.v. etymología, ap. Seco 1987 : 114 ; etzana nirea).

40Eratorpena berez dugu kratilozalea ; elkarbidean aurkituko ditugu, beraz, adibiderik borobilenak. Larramendik hitz berriaren osagaiak aukeratzeko -Covarrubias-en harako algunas dellas hori- erabiltzen duen iturria maiz da (10a) HH-an jasotzen duen gaztelaniazko definizio edo bereizgarri laburra, edota (10b) DAut-eko definizioa, edo (10c) bertako etimologia ; bide batez, honek erakusten digu Akademiaren hiztegia eredu lexikografikoaz gehixeago ere izan zela Larramendirentzat :

(10a) abrebasle « quatrero, ladrón de bestias » (abre « bestia » + ebasle « ladrón »)
aderna « pitón, cuerno que empieza a salir » (adar « cuerno » + erne « brotar »).

(10b) arrautsi bedar « salsafrás, salsifrás, yerva » < DAut « ...se les dió este nombre (...) por la virtud que tienen de deshacer y quebrantar la piedra que suele formarse en los riñones » (arri « piedra » + autsi « romper » + bedar « hierba »).
auntzorein « tragelafo » < DAut, s.v. tragelapho : « Animal que es de naturaleza media entre ciervo y cabra, porque resulta por generación de los dos » (auntz « cabra » + orein « ciervo »).

(10c) arlatx « vinagre » < DAut « Es compuesto de las dos voces, Vino y Agrio » (ardo « vino » + latz « agrio »).
atzbelar « escabiosa, yerba » < DAut « El zumo que se saca de ella es mui saludable contra la sarna y roña, de donde parece tomó el nombre del Latino Scabies, que significa la Sarna » (atz « sarna » + belar « hierba »).

41Halaber, (11a) gaztelaniazko hitzaren kalko zuzena egitera ere jotzen du batzuetan, edo (11b) latinezkoaren, edo (11c) are grekozkoaren kalkora, noiz eta hizkuntza hauetan dagoenekoz erreferente kratilozale bat aurkitzen duen, hau da, elkartu bat edo sintagma baliokide bat:

(11a) akirin « cabrón castrado » (aker « cabrón »+ irin(du) « castrado »).
argi iges « lucífugo » (argi « luz » + iges « huyendo »).
arraianre « pexemuller » (arrai « pez » + anre « mujer »).
arriolio « petróleo » (arri « piedra » + olio « aceite »).

(11b) abarte « claro en la Arquitectura » < lat. intercolumnium (abe « columna » + arte « entre »).
arakaro « encarnadura » < lat. carnis temperies (aragi « carne » + aro « sazón »).
arbazkatu « encarnizarse » < lat. carnes vorare (aragi « carne » + bazkatu = vorare).

(11c) aldizenda « metonymia » < DAut « Es voz Griega, que vale Mudanza de nombre » (alda(tu) « mudar » + izen « nombre » + -da atzizki izengilea, -te-ren aldaera HH-an) ; astorro « onocrótalo, ave » < DAut « Su grito o graznido es semejante al rebuzno del asno, y por esso le llamaron Onocrótalo en Griego, de ones, asno, y crotalos, grito o ruido » (asto « asno » + orro « grito »).

4. Azken hitzak

42Larramendi bat dator garai hartako beste egile batzuekin bere hizkuntza denboraz kanpokotzat -hiztunek egiten duten erabilera xumetik atetiko edo goragokotzat-hartzean, betiereko arauak dituen berezko esentzia edo (Orixek esango lukeenez-edo) goi-isurizko zerizantzat ; eta, beste askok bezala, ondorioztatzen du hizkuntzaren azterketak ezinbestean argitu beharko dituela funtsezko arau horiek. Bat dator, halaber, intuizio horren ahalmen sortzaileaz ohartzen direnekin eta, euskara kultur hizkuntza bihurtzea izanik hausnarketa hauen guztien xedea, buru-belarri sartzen da euskararen deskribapen gramatikala egiteko eta haren sorbideak argitzeko lan nekagarri eta arazotsuan : ezina omen zen lan horretan.

43Nabari diren baina ziurrenik espero behar genituen batetortze hauezaz gainera, Larramendiren egitasmoak badu gutxienez osagarri bat besteetatik zeharo ezberdin bilakarazten duena, dakidalarik : bere hizkuntza diglosi egoera larri batean dagoela argi izatea, alfabetatua egotea eta gaztelaniaz jakitea, biak bat izatea.

44Ikuspegi honetatik ez dago neologismoak sortzera mugatzerik, nahiz hori ere oso beharrezkoa dela jakin ; Larramendik neologia argudiaketa sendo batez lagundu beharra ikusi zuen, euskaldunak gonbidatu behar baitzituen, lehenik, beren hizkuntzan alfabetatzera (gramatikaren bitartez) eta, bigarrenik, hizkuntza erabiltzera arlo guztietan (hiztegiaren laguntzarekin).

45Argudiaketa horren alderdirik esanguratsuenetako bat da hemen aurkeztu dudana : tradiziozko etimologia, analisi morfofonologikoaren hasikin zenbait eta hitz eraketa, hirurak biltzen dituena, oraintsu arte euskararen apologia hustzat hartu ohi ziren arren, beren arteko lotura teorikoa ikusi gabez.

Haut de page

Bibliographie

— Altuna, Patxi, 1984, « La auténtica biblioteca de Larramendi », Muga 28, 66-81.

ApV = Michelena 1955.

— Bahner, Werner. 1966. La lingüística española del siglo de oro. Aportaciones a la conciencia lingüística en la España de los siglos XVI y XVII. Jesús Munárriz Peralta-ren gazt. itzulpena, egileak gainbegiratua eta eguneratua. Madril: Ciencia Nueva.

— Breva Claramonte, Manuel, 1985, « Prologo », in Lázaro Carreter 1985, 7-34.

— Eco, Umberto, 1994 [1993], La búsqueda de la lengua perfecta, Maria Pons-en gazt. itzulpena. Bartzelona : Crítica.

— Genette, Gérard, 1976, Mimologiques. Voyage en Cratyle. París : Editions du Seuil.

— Gómez, Ricardo. 1992. « Larramendiren gramatika eta gramatikagintzaren historia », in Gómez & Lakarra (arg.) 1992, 261-274.

— Gómez, Ricardo & Joseba A. Lakarra (arg.), 1992, Euskalaritzaren historiaz, I : XVI-XIX. mendeak, ASJU-ren gehigarriak, 15). Donostia Gipuzkoako Aldundia/EHU.

— Hausmann et al. (arg.), 1989, Dictionaries. An International Encyclopedia of Lexicography. Berlin/New York : Walter de Gruyter.

— Hüllen, Werner (arg.), 1990, Understanding the Historiography of Linguistics. Problems and Projects (Symposium at Essen, 23-25 November 1989). Münster : Nodus Publikationen.

— Jones, William Jervis, 1991, « Lingua teutonum victrix ? Landmarks in German lexicography », Histoire Épistémologie Langage 13 :2., 131-152.

— Koerner, E. F. Konrad, 1989, Practicing Linguistic Historiography. Amsterdam/Philadelphia : Benjamins.

— Lakarra, joseba A., 1985, « Larramendiren hiztegigintzaren inguruan », ASJU 19 : 1,9-50.

— Lakarra, Joseba A., 1993, XVIII. mendeko hiztegigintzaren etorkiez. Doktorego-tesi argitaragabea, EHU, Gasteiz.

— Lakarra, Joseba A., 1995, « Pouvreauren hiztegiez eta hiztegigintzaren historiaz », ASJU 29:1,3-52.

— Landucci, N[icolao], 1562, Dictionarium Linguae Cantabricae (1562). M. Agud eta K. Mitxelenaren arg., K. Mitxelenaren hitzaurrea. Donostia : Gipuzkoako Aldundia, 1958.

— Larramendi, Manuel de, 1728, De la antigiiedady universalidad del Bascuenze en España : de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas Lenguas, Demonstración previa al Arte que se dará a luz desta Lengua. Salamanca : Eugenio García de Honorato. Berrarg. Bilbo : Ediciones Vascas, 1978.

— Larramendi, Manuel de, 1729, El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada. Salamanca : A. J. Villagordo. Berrarg. faksim. Donostia : Hordago, 1979.

— Larramendi, Manuel de, 1745, Diccionario Trilingue del Castellano, Bascuence y Latín (2 lib.). Donostia : Bartholomé Riesgo y Montero. Berrarg. faksim. Donostia : Txertoa, 1984.

— Lázaro Carreter, Fernando, 1985 [ 1949], Las ideas lingüísticas en España durante el siglo XVIII. Revista de Filología Española-ren 48. gehigarria. Berrarg. Bartzelona : Crítica.

— Mayans, Gregorio, 1737, Orígenes de la Lengua Española. In Obras Completas II, Antonio Mestre Sanchís-en arg. Valencia : Publicaciones del Ayuntamiento de Oliva 12, 1984.

— Mitxelena, Koldo. 1955. Apellidos Vascos. (4. arg. Donostia : Txertoa, 1989).

— Mitxelena, Koldo. 1959, « La obra del P. Manuel de Larramendi (1690-1766) ». Cuadernos de la Cátedra Feijoo 6. (Berrarg. in Mitxelena 1988 : 2, 900-912).

— Mitxelena, Koldo. 1983a, « Mendiburu eta Larramendi », Euskera 28 :1. Orain in SHLV, II, 912-915.

— Mitxelena, Koldo. 1983b, « Euskara eta euskararekiko ikerlanak (1700-1880) », Eusko Ikaskuntzaren IX. Kongresoa, Bilbo. Orain in SHLV, II, 948-964.

— Mitxelena, Koldo. 1984, « Aurkezpena » in Sarasola 1984.

— Mitxelena, Koldo. 1988, Sobre Historia de la Lengua Vasca (2 lib.), Joseba A. Lakarraren arg., ASJU- ren gehigarriak 10. Donostia : « Julio de Urquijo » Euskal Filologi Mintegia.

— Mokoroa, Justo M., « Ibar », 1935, Genio y Lengua, Tolosa.

— Oyharçabal, Beñat. 1989. « Les travaux de grammaire basque avant Larramendi (1729) », ASJU 23 :1, 59-73.

— Pagola, Ines, 1984, « Neologismos en los Juegos Florales », ASJU 18 :1, 55-159.

— Sarasola, Ibon, 1986, « Larramendiren eraginaz eta », ASJU 20 :1, 203-215.

— Sarasola, Ibon, 1997, Euskal hiztegigintza XX. mendea arte. EHU-aren katedrarako txosten argitaragabea, Gasteiz.

— Seco, Manuel, 1987, Estudios de Lexicografía española. Madrid : Paraninfo.

— Seiffert, L., 1990, « The Vernacularist and Latinist Justus-Georgius Schottelius and the Traditions of German Linguistic Purism », in Hüllen (arg.) 1990, 241-261.

— Swiggers, P., 1990, « Reflections on (Models for) Linguistic Historiography », in Hüllen (arg.). 1990, 21-34.

— Tovar, Antonio, 1980, Mitología e ideología sobre la lengua vasca. Madrid : Alianza.

— Urgell, Blanca, 2000. Larramendiren Hiztegi Hirukoitza-ren osagaiez. EHU-aren doktorego-tesi argitaragabea, Gasteiz.

— Urgell, Blanca, 2001, « El Diccionario de Autoridades de la Academia Española y el Diccionario Trilingue del Castellano, Bascuence y Latín (1745) del P. Larramendi », II Congreso Internacional de la Sociedad Española de Historiografía Lingüística, 907-918. Madril : Arco/Libros.

— Zgusta, Ladislav, 1989, « The Role of Dictionaries in the Genesis and Developement of the Standard », in Hausmann et al. (arg.), 70-79.

Haut de page

Notes

1  Ideia hau jadanik Swiggers 1990-n aurkitzen da ; zehazki, berak hizkuntz ukipeneko eremuak aipatzer ditu, XVIII. mendeko hizkuntz ideien mintegi gisa.

2  Hurrengo guztian, salbuespenak salbuespen, Larramendiren adierazpenen erreferentziak ematera mugatuko naiz, oso-oso argiak izaten dira eta ; ikusi ahalko denez, gai bera eta ia-ia argudiaketa bera HH-aren hitzaurreko atal bat baino gehiagotan agertzen dira, testuinguru ezberdinetan eta, are garrantzizkoago, zati apologetiko eta lexikografikoetan errepikatuta : bi arloak elkarrekin oso lotuta zeudelako beste froga bat, zalantzarik gabe. Halaber, gehienetan ez ditut aipatuko garaiko beste egile batzuekin (guztiz espainiarrekin) dituen iritzi kidetasun eta batetortzeak, gure helburuetatik at geratzen den azterketa xeheago bat merezi dute eta.

3  Mayansek uste hori bermatzeko erabiltzen duen testua (Landuchio 1562) ez da erabil zezakeen erakusgarririk onena, jakina, jadanik Tovarrek argitu zuen bezala (1980 :80-81). Tovarrek, horrekin batera, Mayansen argitasun handiagoa ere azpimarratzen du, Larramendik baino hobeto ulertzen baitu Penintsulako hizkuntzen bilakabide historikoa. Halere, gogoratu behar da (Lakarra 1985-ekin bat etorririk) Tovarrek euskarari buruzko hausnarketen historia progresibista bat aurkezten duela, eta ikuspegi honen barruan ez dagoela ulertzerik Larramendiren ezinegona, euskara normaltzeko asmoa izanik, ikusten duenean zeinen lekukotasun eskasa -erdarak bortizki kutsatutako hizkera batekoa-erabiltzen duen Mayansek.

4  Logika tradizionalarena da materia eta formaren arteko bereizkuntza perpausean. Jadanik seinalatu da (Lazaro Carreter 1985 [1949], Breva Claramonte 1985, Lakarra 1993) bereizkuntza hori lexikoari aplikatzea berrikuntza bat dela. Iruzkingile batzuek diotena diotela, ohar bedi Larramendik urte batzuk kentzen dizkiola Armestori, nahiz horiek 1745eko bertsioa bakarrik ezagutu.

5  Erabiltzen dudan laginean (H)A hasierako euskal hitz guztiak sartuta daude : 4.867 lema, orotara. Zehaztasun gehiegirik gabe zenbatuz, eta gehienbat aldaerekin eskuzabal jokatuz, ateratzen zait 1745 baino lehen lekukotutako hitzak 1.037 direla. Xehetasun gehiagotarako, ikus Urgell 2000.

6  Orotara 532 hitz, adiera edo esapide bermatu ahal izan ditut, geroko lekukotasun ahozkoei esker eskuarki, baina lana ez dago amaituta, argitaratzen den ia hiztegi dialektal bakoitzak berrespenen bat ematen du eta. Kontuan har bedi, gainera, pentsatzekoa dela HH-an ahozkotik hartutako hapax bat baino gehiago egongo dela.

7  2.435 eratorri gure laginean ; horietatik 2.199 (%90) lehen lekukotasunak.

8  Laginean 1.070 hitz elkartu daude, eta horietatik 968 (%90) lehen lekukotasunak dira.

9  Eta egile horrek egozten dien data (gutxi gorabehera I. Mundu Gerratik aurrera) baino askozaz lehenagokoa. Kontuan har bedi Zgusta batez ere Afrikako eta antzeko hizkuntzen garapenaz ari dela.

10  Ohar bedi, bide batez, Feijoo baino zertxobait lehenagoko garai batez ari garela, Feijoo hartzen baita Espainian dialektologi galdeketen aitatzat.

11  Ezaguna da, ordea, ez zela bera izan horretan aritutako bakarra, ez lehena : Ziburuko Etxeberrik eta Harrietek ere gutxienez baliatu zuten toponimiatik kanpora.

12  Gure laginean Larramendik 72 atzizki ezberdin ditu, eta Urtek 52, esate baterako (Urgell 2000). Esan gabe doa denak ez direla emankorrak ; halere, zenbakiok HH-ko aberastasunaren erakusgarri onak dira.

13  Halere, azpimarratu behar dugu Larramendiren etimologiak ere askotan hertsiki kratilozaleak direla ; cf., adibidez : « Arda, animalejo conocido, vivíssimo, ligeríssimo : viene de el Bascuence, o de ari da, sincopado en arda, y significa, siempre se mueve y anda ; o de arin da, que significa que es muy ligero » edo « Alcalde, puede venir con toda propriedad de el Bascuence alcatea, que significa poder de cadena, de al, alá, poder, y catea, cadena ».

Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Blanca Urgell, « Etimologia eta neologia Larramendiren Hiztegi Hirukoitz-ean (1745) »Lapurdum, 9 | 2004, 299-310.

Référence électronique

Blanca Urgell, « Etimologia eta neologia Larramendiren Hiztegi Hirukoitz-ean (1745) »Lapurdum [En ligne], 9 | 2004, mis en ligne le 01 mars 2009, consulté le 19 mars 2024. URL : http://journals.openedition.org/lapurdum/882 ; DOI : https://doi.org/10.4000/lapurdum.882

Haut de page

Auteur

Blanca Urgell

EHU, Gasteiz
blanca.urgell@ehu.es

Articles du même auteur

Haut de page

Droits d’auteur

CC-BY-NC-ND-4.0

Le texte seul est utilisable sous licence CC BY-NC-ND 4.0. Les autres éléments (illustrations, fichiers annexes importés) sont « Tous droits réservés », sauf mention contraire.

Haut de page
Rechercher dans OpenEdition Search

Vous allez être redirigé vers OpenEdition Search