Navegación – Mapa del sitio

InicioNumérosNuméro spécial 3ArticleSare sozialak, euskalkiak ikertze...

Article

Sare sozialak, euskalkiak ikertzeko baliabide gisa

Orreaga Ibarra Murillo
p. 155-175

Resumen

Sarearen bidez egiten diren elkarrizketak aztertuko ditugu lan honetan ; aldi berean, jakin nahi dugu ea sare sozialak baliagarriak diren euskalkiak aztertzeko. Gisa honetan, sare sozialetan hartutako pre-corpus bat osatuko dugu eta, horrekin, lan hipotesiak planteatuko ditugu, horrela hainbat kategoria landuko ditugu, gero, bilketa lan zabalagoa egiteko. Horrela, ikerketa kualitatibo eta konparatiboaren bidez ikusiko dugu zein aukeraketa dialektal eta zein ortografia ezaugarri egiten diren, edo noraino bertako hizkeraren ezaugarriak islatzen diren. Helburua da ikustea zein ahozkotasunen markak agertzen diren mezu hauetan eta zein inplikazio dituzten ikusten diren hemengo idazketan.

Inicio de página

Entradas del índice

Índice temático:

linguistique, philologie, économie

Índice geográfico:

Louisbourg, Canada, Labourd
Inicio de página

Notas del autor

Artikulu hau FFI2012-33190 Núcleos innovadores de los dialectos vascos proiektuaren babespean burutu da.

Texto completo

1. Sarrera

1Lan honen xedea da sarearen bidez egiten diren elkarrizketak aztertzea, eta ikustea ea sare sozialek balio duten euskalkien bizitasuna aztertzeko.

2Jakina denez, sare sozialak oso interesgarriak dira komunikatzeko, harremana izateko eta dibertitzeko, eta honenbestez, ikerketarako ere oso baliabide egokiak suertatzen dira. Horregatik, lan honen helburua izanen da berauen ezaugarri linguistiko eta pragmatikoak aztertzea, eta, honetarako bereziki euskaraz idatziriko blogetan eta whatsappetan oinarrituko gara. Izan ere, horiexek dira “chat”a ordezkatzen duten adibiderik egokienak. Badira bertze batzuk : tuenti, facebook eta horrela, baina horiek ez dira gure ikerketa helburu.

3Azken honetan, ikertzaileei arreta deitu dien alor bat izan da testu hauen izaera hibridoa, idatzizkoaren eta ahozkoaren tartean dagoena. Horregatik, Francisco Yus (2001) eta Leonardo Gómez Torrego (2001) ikertzaileek, besteen artean deitzen diete “testu idatziak”, baina ahoz esandakoak (oralizados), ahoz esaten direnak. Sarean suertatzen diren komunikazio hauetan ikusi behar dugu zeintzuk diren ahozkotasunaren ezaugarriak. Horregatik, blogetan eta whatsappetan erabiltzen den hizkera aztertu behar dugu.

4Jakina da euskarak jauzi egin duela sareetara, eta hori dela eta, Interneten mila orrialde daudela euskaraz ikasteko, euskaraz sakontzeko ariketak, corpusak, hiztegiak, aisia betetzeko webguneak, informazioa aurkitzeko baliabideak etabar ugaritu dira.

5Beste afera bat da, baina, honekin lotuta, dudarik gabe, sareak zein funtzio betetzen duen galtzeko arriskuan dauden hizkuntzak gal ez daitezen. M. Gibson soziolinguistak oroitarazten du websareen potentzialitatea hizkuntza hauetan :

6La récolte et l’enregistrement de matériaux illustrant l’actuelle diversité peuvent aider la communauté à maintenir ses savoirs ainsi à l’usage de sa langue, ne serait ce qu’à titre patrimonial, et contribuer ainsi à résoudre des conflits ou questions identitaires (Gibson 2012 : 81).

7Hauxe bera pentsatzen dute ikertzaile eta hizkuntzalari askok, euskarak iraungo badu izanen dela eskutik emanda teknologiarekin. Bestela, ezinezkoa izanen da gure hizkuntza iraunaraztea.

2. Corpusa erabiltzea : arazoak eta abantailak

8Erran bezala, ikertzaile askoren ustez, testu hauek ahozko testu idatziak dira. Izan ere, egoeraren testuinguruak baldintzatzen du hau eta horrek egiten du lagunarteko hizkuntza erabiltzea. Beraz, sare sozial birtualetan, eta hemen oinarrituko da gure gaia, lagunarteko hizkeraren ezaugarriak erabiltzen dira.

9Corpusaren Hizkuntzalaritza (LC) gero eta gehiago oinarritzen da testu hauetan ikerketa linguistikoak egiteko ; horrela, John Sinclairrek dio (1991 : 171) “un corpus es una colección de textos de ocurrencias de lenguaje natural, escogidos para caracterizar un estado o una variedad de lengua”.

10Adam Kilgarriff eta Gregory Grefenstett ikertzaileek erraten dutenez (2003 : 33), hizkuntzalariak eta teknologikoak gero eta gehiago jartzen ari dira arreta hizkera modu honetan :

11Language scientists and technologists are increasingly turning to the Web as a source of language data, because it is so big, because it is the only available source for the type of language in which they are interested, or simply because it is free and instantly available.

12Euskaraz dauden corpusak anitzak dira : Ahotsak.com, Navarchivo… Hauek hizkuntzaren datu pila ematen digute, baina, herriko hizkera tradizionalean eginak dira, nolabait. Honatx Navarchivo-tik ateratako adibide bat. <http://www.navarchivo.com/​index.php/​es/​fondos/​memoria/​historiasdevida/​inklusakoa>. Bistan denez, corpus hauek publikoak dira, baina ez dute elkarrizketa edo txat baten hizkera islatzen ; aldiz, elkarrizketatu bakarra izaten da eta gehienetan adinekoa, gaia bizitza tradizionalaren ingurukoa izan ohi da eta herriko hizkera dialektala bilatzen da. Honenbertzez, corpus hauek baztertuko ditugu gure lan honetarako. Hala ere, corpusekin lan egiteak abantaila handiak ditu, eta, horregatik, corpusak erabiltzearen abantailak zerrendatuko ditugu :

  • Erabilitako testuekin, azterketa kuantitatibo eta kualitatiboak egin daitezke. Eta horien artean testu etiketatuak eta ez etiketatuak azter daitezke, prozedura automatikoak erabiliz.

  • Diskurtsoaren testu originalak dira eta normalean zabalak.

  • Fidagarritasun handiago eskaintzen dute azterketak egiteko.

  • Ondorioak metatzen ahal dira, eta berriz aztertu ondorengo ikerketetan.

  • Gaur egun oso erabilgarriak dira hizkuntza aldakortasuna neurtzeko.

  • Aldaera desberdinen arteko aldeak daude.

  • Datuak ordenagailuaren bitartez atera direnez, jada digitalizatuak dira, eta, hori dela eta, errazki lortu eta gorde ahal dira. Era berean, alderaketak egin daitezke, erregistro anitzetakoen eta genero desberdinen gainean.

13Metodologiari dagokionez, whatsappen corpusa lortzeko, beharrezkoa da ‘behatzailearen paradoxa’ kontuan hartzea, ahalik eta hizkera naturalena lortzeko. Jakina, zein den gure helbura erraten badiegu erabiltzaileei, orduan espontaneitatea galtzeko joera izaten dute. Baina, ikerketa helburua izanik, posible da datu kopuru zehatza biltzea, hainbat hiztun hartuz eta beren burutzapenak bilduz. Honetarako, adibidez, gazteen whatsappak biltzen ahal ditugu identitatearen ezaugarriak ezabatuz. Bertze aukera bat da guk geuk ikertzea, gure ingurunean nola komunikatzen den ezagutzeko asmoz, edota guk geureak bildu, bertze gazte edo heldu batzuekin ari bagara.

14Hiztunen datuen bilketarako komeni da nolabaiteko hiztunen aukeraketa egitea, norengandik hartu behar ditugun datuak jakiteko, alegia, hiztunak zeintzuk diren eta nongo euskara egiten duten, ikasketak non burutzen dituzten, etxeko hizkuntza egunero zein den etab.

15Argi dago whatsappak eskuratu nahi baditugu, erabiltzaileei eskatu behar diegula baimena. Honenbestez, ziurtatu behar diegu ikerketarako xedearekin erabiliak izanen direla eta izenak anonimoak izango direla ; horrez gain, eta haiek lortzen dutenean, elkarrizketa naturalaren adierazgarriak izan behar dute. Horretarako, beren kideekin daudenean ez da komeni bertzeei erratea zein helbururekin ari diren. Bertzela, dena desitxuratuko litzateke. Behintzat, xede linguistikorik ez dagoela erran daiteke ; alegia, horretaz konturatzen badira, bapatekotasuna galduko da eta emaitzak erabat baldintzatuko dira. Anitzetan, jakitun baitira zein “gaizki” mintzo diren, eta horrek eragiten ditu zuzenketak etab. Nolanahi dela ere, oso eduki pertsonala duten materiala ez dute zertan jaso behar, beti haien esku dago hori ikerketarako material bezala erabiltzea ala ez :

16Corpusaren datuak biltzeko arazo batzuk suertatzen dira :

17Heterogeneotasun handia izaten dute, horrek zailtzen du dokumentu homogeneoak aurkitzea eta datu egituratuak lortzea. Komunikazioa librea baita eta gaiak aldatzen baitoaz hiztunen eta gaien arabera.

  • Ordezkagarritasuna. Corpus batek erakusten du hizkuntza zehatz bateko informazioa, baina, ezinezkoa da hizkuntza ‘osoaren’ informazioa ematea. Corpus batek hizkuntza baten ezaugarriak aurrera ditzake, baina, nolabaiteko aterabideak bila daitezke hautatzen dugun corpusa proportzionala izan dadin eta nolabaiteko proiekzioak egin ditzan.

  • Lanaren zabalera edo testuen kopurua zehaztu behar da. Jakina, honetarako, datuak biltzeko etika kontuan izan behar da. Datu hauek askotan erabil daitezke, erabiltzaileen whatsappen “harrapaketak (captura)”, eta datu pertsonalak ezabatuz (izena, adina etab). Hori oso material interesgarria izan daiteke. Jakina, guk jasotako datuak baldin badira, informatzaileei sinarazi ahal diegu agiri bat, adieraziz datuak ikerketarako besterik ez direla erabiliko.

  • Sortzen den beste arazo bat pribatutasuna da. Nola gorde pribatutasuna ? Lehenengo eta behin, erran behar dugu identitatearekin lotura duten ezaugarri guztiak ezabatu behar direla, salbu adinarena eta testuinguruari dagokiona. Dena den, egun kontsideratzen da sarean sortzen den komunikazioak muga lausoak dituela. Lori Kendallek dioenez (2002 : 60),”talk tends to blur the distinction between public and private”. Bertzaldetik, identitate digitalaren aferak izaera birtual eta publikoarekin du lotura, eta modu umoretsuan egitearekin. Bertzaldetik, blogak publikoak dira. Hor erabiltzen diren elkarrizketa eta datuak, nolanahi dela ere, ezabatu beharko lirateke.

3. Pre-corpus baten ezaugarriak

18Lan honetako gure xedea izanen da “pre-corpus” bat osatzea, sare sozialetan hartutako edukien gainean. Gisa honetan, lan hipotesiak planteatuko ditugu, eta horrela, hainbat ezaugarri eta kategoria aztertuko ditugu, gero, bilketa lan zabalagoa egin ahal izateko. Corpusak balio du aurreko ideia baieztatzeko eta ikertzeko modu bezala.

19Erran bezala, guk pre-corpus bat osatu dugu, sare birtualetatik aterata : Nafarroako eta Gipuzkoako unibertsitateko 8 gazteren arteko elkarrizketak dira, zehazki bi blogetatik eta 90 whatsappetatik bilduak. Datu hauek ikasleei berei eskatu zitzaizkien, helburua ikerketa zela esanez. Pre-corpus honen xedea da hipotesi batzuk proposatzea eta ezaugarri eta kategoria komun batzuk ematea, geroago bilketa handiagoa edo osotuagoa eman ahal izateko. Bigarren xedea da ikustea zein diren ahozkotasunaren markak corpus honetan, alegia, zein ondorio dituzten hemengo idazketan.

20Corpusaren linguistika (LC) saiatzen da testu naturalak eta osoak biltzen, horrela nolabaiteko konplexutasuna eta zabalera sortu nahi duelarik. Ordenagailuaren bidez sortzen den diskurtsoa aztertzen denean, helburu nagusiena da diskurtsoaren ezaugarri linguistiko eta pragmatikoak aztertzea. Gaur egun sare sozialetan arduragabeko hizkera erabiltzen da gehienbat, eta gure helburua da zehaztea sare hauetan zein diren hizkera arduragabearen ezaugarriak.

4. Euskaraz idatziriko blogen inguruan

21Teknologiekin lotutako jende askok, bereziki gazteek, usu erabiltzen dituzte blogak gustuak eta esperientziak partekatzeko eta elkarrekin komunikatzeko. Blogek formatu estuagoa dute sare sozialetan, beharbada blog pertsonalek ez dute arrakasta handirik, eta orain, gero eta gehiago “gai zehatzen inguruko blogak” ari dira indarra hartzen. Beraz, zenbat eta handiago egin gazteek jotzen dute gehiago gaikako blogak ikustera, bertzeetara baino, eta nerabeen artean ia ez da erabiltzen. Agian, fotoblogak dira gehien erabiltzen direnak. Han jartzen ahal dituzte lagunekin partekatu duten asteburua, zaletasunak, argazkiak eta abar. Blogak aukera eskaintzen du istorioak kontatzeko eta partekatzeko, blogaren arrakasta neurtuko da bisiten arabera.

22Blogen hedapenei buruz, horrela dio Pinilla Gómezek (2009 : 93) :

España tiene una tasa de penetración de blogueros del 18,2 %, un porcentaje muy alto si comparamos con países como Corea del Sur y Taiwan, que con un 30 % de penetración son los líderes a nivel mundial. Además, la tasa de lectores de blogs en España es del 34,3 %, sólo superada por el 40,6 % de Holanda y el 39,6 % de Corea del Sur.

23Erran bezala, blogak mota askotakoak dira :

  • Eguneroko pertsonala, gehienetan bidaienak izaten dira.

  • Gai baten inguruko blogak : hauek berezituak izan ohi dira, gai zehatzen ingurukoak. Gai asko jorra daitezke : musika, kirola…

  • Entrepesetako bloga : multinazionalek erabiltzen dutena (adib. Telefónica, Microsoft), haien artean konektatzeko.

  • Fotoblog : irudi fotografiko pila.

  • Blog bideo galeria bat, ordenatua.

24Erabiltzaileei dagokienez, anitzetan erabiltzaile gazteak dira. Gazteak komunikatzen dira, hori delako lagunekin etengabe egoteko modu bat. Hauetan gazteen errutina linguistikoak agertzen dira ; alegia, gai hauek jorratzen dira : maitasun sentimenduak, nahi dutena adierazteko eskubidea, ligeak, diskoteka, debekatua dagoena... Honek ez du esan nahi gazteek ez dakitela bertze ezertaz mintzatzen. Argi dagoena da gazteen hizkuntza dela testuinguruan sortzen den hizkera bat. Hori dela eta, jorratzen diren gaiak dira gazteei gehien interesatzen zaizkienak. Gainera, horrek ekartzen du egoera zehatzetan ateratzen direnak.

25Euskarazko blogei dagokienez, orain urte batzuk ez bezala, blog batzuetan ikusten da euskalkiei eusteko nahi bat, eta hori ere garrantzitsua da. Bertzaldetik, hizkuntza bera bihurtzen da mintzagai blog hauetan. Lan honetarako bi blog aztertu ditugu : lehenengoa uztarria.com (komukitatea) atala, Azpeitian egiten dena, eta, bigarrera goiena.com, Arrasate eta inguruan egina. Bi blog hauek irekiak dira, kuadrillan esperientziak partekatzeko xedea izaten dutenak dira, alegia, herriko berriak, aisia, seme-alaben kontakizunetarako eta abar eginak.

26Hain zuzen ere, hizkera dialektala erakusten dutenen artean, <http://blogak.goiena.eus/​> badira bizkaieraz idatzitakoak. Baina, bertze batzuk erabat batuan ari dira. Goiena-ren barruan Arrasatek baditu nahiko blog, baina, oraingo hau hautatu dugu gehienbat bertako hizkeran idatzia dagoelako. Hau da honen esteka : goiena-> herriak-> Arrasate-> Azkenpote. Kontua da hauxe dela blog bakarra (Azkenpote), Arrasateko blogen artean euskara dialektalean idatzia, eta gainerakoak, bertze hamarren bat, euskara batuan daude. Beraz, arakaketa hori egin dugu, hain zuzen ere, lagun-talde bateko bloga delako. Bertzaldetik, Baztango eta Bortzirietako blogak ere begiratu ditugu, baina ez dut aurkitu euskara dialektalean egindako bertzerik. Adibidez, Aisia.net <http://www.aisia.net/artista-bat-naiz-ni> beste blog mota bat da, Gasteizkoa, baina ez dago euskalkian idatzirik, eta Baztan ikastolako blogean <https://baztanikastolagurasoelkartea.wordpress.com/​> dena euskara batua da.

27Hau ikusita, ondorioa izan daiteke euskara batuaren eredua gailentzen ari dela nagusiki ; alegia, estandarizazioa indartsua dela, nahiz oraindik tokian tokiko hizkera erabiltzen duten. “Euskalkiaz edo batueran idaztea ?” Hori planteatzen da eztabaida luze batean. Ez dago euskalkian idatzia, nahiz eta ekarpen batzuetan hori planteatzen den, hain zuzen ere, gai hau era monografikoan jorratzen da : Euskalkiyek gora eta euskera batua... Uztarria.com “komunitatea” delako atalean eta pertsona bakoitzarenean klikatuz, hor ateratzen da, adibidez, Garbiñe Bereziartua eta Enekoitz Esnaolaren arteko eztabaida. Gaia idazkera da ; alegia, nola idatzi behar den (http://uztarria.com/​komunitatea/​JuleneFrantzesena/​1328613812) blogean. Batzuen arabera, itxura formalagoa izan behar du idazkerak, bertze batzuentzat, ez :

A : Euskalkiyek gora eta euskera batua behera, nik azpeitiarrez idaztet sare sozialetan, eta komunitate hontane hala eingoet. Interneteko sare zabalien txoko bat daukeu azpeitiarrok, eta aberasgarriye iruitze zat azpeitiarrez idatzitako komentayo, artikulu eta abarrak kaleratzie. Ba hoixe, nere lehenengo ekarpena, azpeitiarrez ! 2012-02-07 12 :23
Hauxe erantzuten dio bertze batek :
B : Baina gauza bat dun hizketan erabiltzea eta beste bat hedabide estandar batean idaztea. Eta uztarria.com-eko komunitatea, hedabide estandar bateko parte bat dun. Beste kontu bat dun Twitter edo Facebook. Zer iruditzen Lekeitioko kazetari batek Berria-n ‘dotsu’, ‘neban’ eta abar idazten hastea ? (edo gauza bera esan daiteke Baigorriko batez, Oiartzungo batez edo Azpeitiko batez). 2012-02-07 12 :51

28Gaur egun ahozko mintzairak —lehenago elkarrizketa arduragabekora mugatua zegoenak— garrantzi handia hartu du, orain informazioa eta ezagutza partekatzeko metodo gisa erabiltzen dugu, hasieran izan zen bezala. Blogetan diskurtso luzeagoak agertzen dira. Funtzio komunikatiboa gailentzen da, iraultza linguistikoa nagusi delarik. Eta, batzuetan, “hizkuntza” bera bihurtzen da mintzagai :

A : Alleau da udaberriye eta euzkiye hasi da baztarrak goxatzen. Horren harira burura etorri zaten hitze “eutera” da. Eta gure belaunaldiyen eta hortik beherakuetan hitz hori asko ibiltze ez ote…

B : Leitza aldien “berdinzart” edo “berdinzabart” erabiltze omen debe.

5. Sarearen bidezko hizkeraren ezaugarriak

29Jakina denez, blogen eta whatsappen artean aldeak daude. Izan ere, blogetan denbora gehiago dago pentsatzeko eta diskurtsoa antolatzeko, helduagoek erabiltzen baitute. Ez da gauza bera blogen edo whatsappen hizkera, whasappetan hizkera momentuan gertatzen baita. Baina gure helburua da ikustea hizketa arduragabekoaren zein ezaugarri agertzen diren batean eta bertzean.

30Ezaugarri orokorrak hauek dira : diskurtsoa elkarrizketa motakoa da, eta, horregatik, ahozkotasunaren ezaugarriak gauzatzen dira, hala nola planifikazio falta. Txat hauen ezaugarri behinena da bere ahozko izaera, eta nolabaiteko tarteko tokia okupatzen du, ahozkoaren eta idatzitakoaren artean. Azken batean txatak elkarrizketa idatziak dira. Nolabaiteko tarte bidean daude ; izan ere, tentsioa dago idatzitako eta arduragabeko elkarrizketaren artean.

31Komunikatzeko bi moduetan idatzitakoa eta ahoskatua elkartzeko joera dago. Horrela, informatikako baliabideak idatziak diren arren, ahozko hizkera erreala imitatzen saiatzen dira, horregatik askok deitzen diete “ciberhizketa” edo “ahozkotasun idatzia”. Sare sozialetan parte hartzen ari zarenean, igortzen den mezua hauxe da : “egon lasai gramatika eta ortografiarekin”. Akatsek ez dute garrantzirik, pribatasunean geldituko baitira. Baina, bertzeek zutaz duten ideia adierazten dute, alegia, zure nortasun birtualaren irudia egingo dute.

32Gehienetan, Tuenti-n egindako ikerketetan ikusten da gazteek hizkuntzarekin jolasten dutela, eta, hori dela eta, hizkuntzaren erabilera arduragabekoa, lagunartekoa egiten dute. Elkarrizketa hauetan gailentzen den funtzioa konatiboa edo deitzailea da, saiatzen baita entzulearengan eragiten, eta ortografia eta gramatika arauetaik kanpo egoten da.

33Txatetan gailentzen da erosotasuna eta lasterka aritzea. Gizakiok komunikatzeko beharra dugu, eta horrek pertsona bat bertzearen ondoan sentiarazten du, bat-batekotasunari esker. Txatak esango genuke, ez du hizketa hondatzen, baizik eta bere erregela berezkoak sortzen ditu, komunikatzeko bide honi egokituz. Txatak ez du hizkuntzaren osotasuna eragozten, modu informalean sortzen da, eta ezaugarri horietako bat da bere aldakortasuna. Bertze aldetik, txataren ezaugarri ortografiko, gramatikal eta aditzetakoak, hizkuntzaren arauak egunero berridazten dira, uneoro, pertsona bakoitzak txateatzen du momentuoro. Txata sortzen da ahalik eta lasterren igortzen dugunean mezua, eta hori ulertzen bada, denak balio du. Txatean helburua izaten da elkarren artean ulertzea, ez nola egiten den. Whatsappetan gailentzen den funtzioa deitzailea da, gehien axola duen elementua da hartzailea eta helburua berarengan eragitea da. Baina blogetan ez da funtzio hori hain argi islatzen.

34Jakina, baliabide berriak hartzen ditu, ahozkotasunaren ñabardura eta ezaugarriak ordezkatzeko, ahozko elkarrizketan doinua, bolumena, bi zentzuzko mezuak etab, arruntak dira. Baina informatikaren bidez formula berriak behar dira ; horregatik, emotikonoak behar izaten ditugu. Emotikonoek intentzioa ematen diote elkarrizketari, zentzu komunikatiboa aldatzen baitute ; bat-batean eta egiturarik gabe sortzen dira. Azken batean, txatak sentiarazten du pertsona bat bestetik hurbil, txatak bi enuntziatu motzen arteko elkarrizketak dira, bi edo pertsona gehiagoren artekoak.

35Gainera, ahozko hizketan arduragabetasun ezaugarriak aurki ditzakegu. Eta idatzitakoaren nagusitasuna, ahozko hizketaren aurrean, hezkuntza sisteman du oinarria, eta gizarte sisteman, horrela kode idatzia maneiatzen dutenek aukera gehiago dute, adibidez, administrazioan sartu ahal izateko.

36Utzarria.com-en eta Goiena blogetatik hartutako ezaugarriak hauek dira :

5.1. Fonetika

37Fonetika arloan, idazkera fonetikoa erabiltzen da, gehienbat. Alegia, erraten den bezala idazten da: adib. aukerie euki ber lukebe, jun ‘joan’, osotara, tokian tokiko elkarrizketa islatzen dute. Horrek ez du erran nahi, batzuetan h-a erabiltzen ez denik.

  • Hurbileko bokal asimilazioa, alegia, a > e bihurtzen duen legea ohikoa da: maestruen artistie, pilluek, herrixen, hartu-emunien, bazkarixe...

  • -Ixe deklinabide bukaera arrunta da absolutiboan eta inesiboan: herrixen, bazkarixe...

  • Hizki bikoitzak, adibidez, -tt-ak gailentzen dira: zerbatteko, konprometittuko, geldittu daiket edo -dd: bilddots...

  • Ortografian -ñ- eta -ll- eta horrelakoak agertzen dira: distraziñuak, iraillek 13, zelebraziñue...

  • Bokal arteko kontsonanteak desagertzen dira: eukiko dou, hitzein, atzeo, gauien, erañun ‘herenegun’, gaurrea ‘gaurrera’...

5.2. Izen morfologia

  • Tokian tokiko morfemak nagusitzen dira, adibidez, ablatiboan -tikan: goizetikan.

  • Bertako nominalizazio atzizkiak, adib. -ketan, -ketako erabiltzen dira: atasketan die ‘ataskatzen dira’, baliek zainketan ‘baleak zaintzen’, hartu-emunien jarraiketako ‘jarraitzeko’.

  • Tokiko izena + zenbatzailea hurrenkera agertzen da: Lidek pieza bi jo zittuen, bideo bi, kuadrilla biren baturie.

  • Genitiboaren deklinazio markak agertzen dira era laburrean ahoskatuak: batana ‘batarena’, Olentzerona.

5.3. Aditz morfologia

  • Indikatiboaren orainaldia erabiltzen da : nik azpeitiarrez idaztet, aberasgarriye iruitze zat, txoko bat daukeu, nik eman det nere atxikimendue, bisitau daue, ezin diat entendiu

  • Aditzetan tokian tokiko ezaugarri dialektalak nagusitzen dira : nijoo, daket, dezue.

  • Lehenengo pertsona eta 2. pertsonaren erabilpena ohikoa da, forma sinpleak, aditz konposatu gutxi : idatzi det, esan laiket, hik zer diyok, gerturatzen ai haiz, ahaztu eintzak esatie, nazka-nazka eginda nitxiok.

  • Bereziki hizkera adierazgarria bilatzen da. Aguxtooo. Ba ondo pasaaaa : Bai ? joe ba ni iual enao.

  • Hitano erregistroa eta hika erabiltzen da Azkoitian eta inguruan : Ezin diat entendiu ; PNVren esku zegok ; etzaukeat ; zinegotzia haizekala ? ; etzekiat zeinek esan diken, Iosu, baino esaten deken hori eztek hola ; nahi deken putetxea esateko eta kartela jartzeko nazka-nazka eginda nitxiok ; hi bai haizela adarra jotzen, galdeyobek Mallasekuei. Baina, aldi berean, Nork-nor aldaera estandarra eta ‘kultua’ erabiltzen da, bistan da gazte hauek alfabetizatuak izan direla : konduzidu ginttuen.

5.4. Lexikoa

38Jakina denez, egoera komunikatibo eta gaiaren arabera lexikoaren behar ezberdinak egoten dira. Hori dela eta, erraterako, Ondarrutarrek argitaratu dute “Ondarrutarren hiztegi entziklopedikoa”, sareetan erabilia izateko. Bertzaldetik, testuinguru alai, arduragabeko, aske eta ausart honetan, honakoak erabiltzen dira :

  • Lexikoaren eremuan tokian tokiko euskara nagusi denean. Adibidez, Goienako blogean : domekie, be ‘ere’, baturie.

  • Neologismo gutxi erabiltzea da ezaugarri bat, alegia, ahozko eredu informala da nagusitzen dena : Dizienbreko, Nobienbreko, asumitzea, botazio, konduzitu, mayoriyez, inposaketie, botuen rekuentue, residentzia, ya, kompartitu, mazetie ‘maceta’, portal. Baina, beste batzuetan, euskal forma “kultuak” edo euskara batuarenak ere biltzen dira : Dirue abenduen 15a (domekie), klaru ‘argi’ azaldu dezagun nabari da alfabetitzatuak direla gazte horiek. Behintzat hau eremu euskaldunean gertatzen da, Gipuzkoan eta horrela, ahozko era naturalean egiten dena, alegia, erdal mailegua fonetikoki egokitua : kotxeko retrobisorie puskau, kontrayuek, badaukela kabidie, katastrofistieKaleko ahozko lexikoa nagusitzen da : konpratan, (de compras), aer (a ver), kamiseta, kulero

  • Biraoak, bi edo hiru zentzu izan dezaketen aditzak, hitz maitagarriak, adib. valeeeee prexioxa.

  • Honezaz gain, izen berezietan anitzetan forma laburtuak gailentzen dira : Izas (Izaskun), Mon (Montse), Txe, Ritxi, Jefon, Aperri, Orre (Orreaga)

  • Baina, hala ere, tartean hitz kultuak erabiltzen dira : kontsumitzen ai dienak espazio hortan “lehentasunik” euki gabe, parke “kopuru” berdinak daude, “erraldoi”, “altzarigintza”. Aldaera kultua (idatzia) eta ez hain kultua nagusitzen da egoera informaletarako. Adibidez, hemen kakotxen artean jarria : Alleau da udaberriye eta euzkiye hasi da baztarrak goxatzen. “Horren harira”.

5.5. Joskera

39Joskeran ez da erabiltzen eredu kultua, kalekoa edo arduragabekoa baizik : Goian bego tio Luis Mari, ez da esaten *Luis Mari osaba gramatikak eskatuko lukeen bezala. Esaldiaren hurrenkerari dagokionez, maiz aditza perpausaren aurrean kokatzen da : Erabaki nuen residentzia batera joatea (erresidentzia batera joatea erabaki nuen), joaten gara zortzitan (zortzitan joaten gara), joan behar nintzen kurtso hasieran (kurtso hasieran joan behar nintzen), egin ditut lagun oso onak (oso lagun onak egin ditut).

40Orokorrean erran dezakegu, gramatikarekin erlajazioa dagoela, adibidez, hiketa eta erlatiboa batera erabiltzen dira : ‘Txerrikeye’ esango nuke nik... Eta, lehen ein dekan ekarpenan harire, euskalkiye nahieran ibiltzeiaunez, batzuk ‘txarrikei’ esangoiabe, eta beste batzuk ‘txerrikei’.

41Errepikapenaz den bezainbatean, hitzak errepikatzen dira idatzitakoari adierazgarritasuna emateko, eta baita letrak ere : batere batere batere gustatzen, musutxobattt, muaaa (muxua), valeeeee prexioxa.

42Bukatzeko, blogetan kode aldaketa, alegia, euskara-gaztelera txandaketa maiz agertzen da, adibidez : ‘hartu geiengo batekin eta aaala toma inposición’ ; ke pasaaaaaaaaa, ba bai emenxeeeee jaja.

6. Whatsappen ezaugarriak

43Whatsappak igortzen ari garenean, elkarrizketa denbora errealean suertatzen da, nahiz eta denbora tarte edo desfase txiki bat dagoen. Horrek abantaila txikia dauka, ematen digulako denbora pixka bat hausnartzeko eta erantzunetan kontu pittin bat izateko, edo barregarriagoak izateko, eta horrek alde handia dauka ahozko elkarrizketarekiko.

44Kontuan hartu behar dugu lagunarteko komunikazioa testuinguru komunikatiboak baldintzaturiko hizketa modua dela, eta ez da erabileraren moduarengatik sortzen, alegia, aldaera diatopikoa (dialektoak) edo diastratikoa (soziolektoak) da.

45Internet ez da sortzen bakarrik erabiltzaileen bizitza errazteko, baizik eta besteekin erlazionatzeko, horregatik normala da gazteen artean errotu izana eta diskurtso berezi bat sortu izana, gazteen artekoa (whatsappetan ia orain ez da mezu idatzirik igortzen). Hau da kode berri bat, ekonomia linguistikoaren zerbitzuan dagoena, lagunartekotasuna etab.

46Jakina da ahozko mintzamena idazmenaren aurrekoa dela, ahozko mintzamena soinuen bidez transmititzen da, eta, horregatik, batasuna dago hiztuna eta entzulearen artean (nahiz eta orain mezu bat ere grabatua utz daitekeen). Idatzitako hizkuntzan, igorlea eta hartzailea bereizita daude espazio eta denboran, eta keinuen bidez transmititzen da. Ahozko mintzamena bat-batekoa da eta emotiboa da, izan ere ahotsaren inflexioarengatik, gorabeherengatik, erraz jakin dezakegu hiztuna triste dagoen edo haserre.

47Dioenez, estandarraren arauak ez dira errespetatzen eta ekonomia eta adierazkortasuna bilatzen dira, ulergarritasuna da arau bakarra. Ikonoak, indargarriak (beste hizkuntzetatik hartutako hizkien irakurketa, onomatopeiak, puntuazio markak errepikatzea, hizkiak errepikatzea) da ohikoena. Horrez gain, hizki larririk eta puntuazio markarik ez erabiltzea da beste ezaugarri bat, eta bukatzeko, akats ortografikoak eta ahozkotik hurbil egotea da joera hedatuena.

48Itxura denez, Internet sortu da ahozko interakzio bi modu horiek betetzeko : espazio huts hori elkartzeko sortu da, beharbada erregistro arduragabekoaren mugak zabaltzeko. Ez hainbeste egunerokotasunarengatik, tonuarengatik (informala), baizik ahozko moduarengatik (bat-batekoa). Agian, modu berri baten aurrean gaude, agian, idatzia eta bat-batekoa ?

49Whatsappen bidez adiskidetasuna bultzatzen da jendearen artean, eta, aldi berean, lagunen artean pasatzen dena kontatzeko modua da. Horrela, errealitate komunikatiboa eta linguistikoa adierazten da. Ezaugarri horietako bat da aberastasuna eta indar pragmatikoa, adierazkortasun handia ematen diote interesa hor dagoelako, eta hasierak eta bukaerak interesa galtzen dute eta, aldi berean, kortesia pragmatikoaren maila jaisten da nabarmenki.

50Mintzatzeko “txandak” ere badira telefonoan eta ahozko elkarrizketan bezala. Horregatik, batzuetan aldibatekotasuna sortzen da, sinkronizazio arazoak direla eta, batzuetan arazo pixka bat sortzen da, batzuek ez dituztelako bertzeen mezuak irakurri ahal izaten.

51Elkarrizketatuak erantzuten ez badu, badirudi elkarrizketatik alde egin duela, eta horregatik honakoak ikusten ditugu :

(1)

Eneeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeee ( :bizi al alaiz ?

ke pasaaaaaaaaa ba bai emenxeeeee jaja zmz

52Agurretan, hasieran eta bukaeran, bokalak luzatzen dira, adibide hauetan bezala :

(2)

Ikusiarteeee

Aspaldikoooo

53Toki berean ez daudenez hiztunak jartzen ditu ideiak arreta deitzeko, zalantza ekiditeko, alegia, ea hiztuna hor dagoen jakiteko, honakoak igortzen dira ; yaaa, bai…amm, eta emotikono ugari, hala nola aurpegi irribarretsuak (J) eta beste hainbeste : adib. erran datate ez atratzeko doneztebetik bertzenaz… *labanen ikurrak* (mehatxua adierazteko).

54Diskurtsoa “dialogikoa” da, ahozkotasuna eta dinamismoa duena, planifikazio falta adierazten duena, eta informalitate handia erakusten du. Idazten da mintzatzen den bezala, bokalen kenketekin, baina, hizkuntza idatziaren ezaugarriak tartekatzen dira ; adibidez, kontsonante taldeak : zmz, asi k.

  • Fonetismoak, bokal arteko kontsonante kenketak : aer, dau, aer…, eozer, eun, nijoo, aer, geroo…

  • Anitzetan hizki larriak ez dira erabiltzen izen berezietan eta lekuzkoetan : arantxako, irurenako, sarakin, pauli, gasteiz, elizondo.

  • Kontsonante taldeak zmz, asi k, pa, Eta : ta. Oraingo joerari erantzuten diote : adib. Pedro Snchz, PSOEkoen liderraren txartelak holakoak dira.

  • H guti agertzen da : ara ‘hara’.

  • Indarra emateko maiuskulak erabiltzen dira : ZE ONGIIII, eta bokalak luzatzen dira : superpoliiitt, Iepeee ! ! !

  • Gaztelerarekin txandaketak : como de cebra ; guapa ; Olentzarona bukatzea asi k eozer gauza.

  • Hitz gehienek aldaketa jasaten dute. Adibidez, hipokoristikoak izen berezietan : Manita…, pauli, musutxo, nesken kasuan gehiago izaten dira.

  • Kontsonanteen kenketa hitz erdian : engaintzen, pixkot, zatela (zaretela), hobena (hoberena), aertu (agertu), eonen (egonen).

  • Hasierako bokalak kentzen dira : kustia (ikustea), zanen (izanen), re (ere), do (edo).

  • Laburtzapenak hitz barruan, mota guztietakoak. Hauek agertzen dira Gipuzkoan, euskalkiaren ezaugarriak dira hauek : asteburuk, aitz (agitz), uain (orain), aurrekun, gelditzn, ta esq, bon ueno, perate (esperate), abenduen, pxket, xrai, zm (zer moduz), bn (bien).

  • Ortografia akatsak, adibidez, maiuskulak falta dira : doneztebe, elizondora, itsaso.

  • Erdal lexikoa : katxondeo, elegante, despedida, claro, sospetxatu, engaintzen.

  • Normalean bokalak luzatzen dira : baaai, ongiii, eroteraaa, joee, iliaaa, adiskidetasun edo poztasun doinua lortzeko : doneztebeee, baaai, mantxooooo, ongiiii, nooo, vamooos, direee, bakittt.

  • Batzuetan hitzak lotzeko eta elkarrekin idazteko ohitura dago : errandugun, nunzaude ?

  • Ba… baiezkoaren gehiegizko erabilera dago Iruñeko ikasleen artean : ze plan bada gaur atsekooo ?, badire orai muxikuak.

  • Ikurren eta laburduren erabilpena : x (por), xrai (por ahí), dpm (de puta madre), galdera ikurrak, kakotxak ; ¿ zer’, ta oiii

  • Inkoherentziari ataria irekitzen zaio ; gramatikarekin eta sintaxiarekin jolasa dago, 3. adibidean ikusten den bezala.

(3)

A- Zer moduz gasteiztik ?

B- Ba klasean de rayada. Gasteiztik dpm baña aurten bastante responsable ta ordun estresatua.

A-Joeee esk zu duela asako etzeala etortzen.

  • Erdararen eraginez suertatzen diren kalkoak ugariak dira : zer moduz Gasteiztik (por Vitoria), Errusiar Erreboluzioa erori da (ha caído).

  • Honezaz gain, erabiltzaileen arabera, emotikono desberdinak erabiltzen dira. Nesken whatsappetan badira emotikono pila bat : adib. ezpainak, bihotzak, irriparrak.

  • Esaldi inplizitu ugari daude. Elkarrizketatuak jakin ohi du zentzua ateratzen : Ingo naiz tita…. (egingo dut “tita” batean).

  • Beste batzuetan aditz laguntzailea ez da erabiltzen : ez iruitzen (ez zait iruditzen).

  • Azkenik, puntuaziorik ez da egoten anitzetan, adibidez, Tu ! edo no-ren ondoan eta 5- lerroan No–ren ondoren, baina hartzaileak interpretatzen ditu eta askotan zuzenketak egin behar dira, 4. adibidean dioen bezala :

(4)

A.Tu sofiak noiz bukatzen diti azterketak ?

B.Ditu*

A.Ske uste dut oraindikan ez dituela bukatzen

B.Aste barru o por ahí

A.No aste barru o por ahí

  • Eta, horrez gain, badira emotikono ugari. Nesken whatsappetan badira emotikono pila bat : adib. muxua adierazteko ezpainak, adostasuna eta desadostasuna adierazteko eskuak eta abar, eta anitzetan hitz gozoez lagunduta : valeeeee prexioxa.

6.1. Ortografia whatsappetan

55Ortografiari dagozkion fenomenoak hiru taldetan banatzen dira : a) kenketak (elementu grafematikoen kenketak), b) epentesiak (elementuak gaineratzea), eta c) ordezkaketak, elementu batzuk beste batzuen ordez jartzea. Ahozkotasunaren markak ortografian islatuak agertzen dira.

6.1.1. Kenketak

  • Hasierako kontsonantea kentzen da gaztelania : zanen (izanen), zm (zer moduz), eta baita gaztelania tartekatzen dutenean ere : perate (esperate), toy (estoy), bn (bien)…

  • Bokal arteko kontsonanteak desagertzen dira : hitzein, atzeo, gauien, erañun (herenegun), gaurrea (gaurrera). Baztango corpusekoak dira bertze hauek : pxket (pixka bat), ta (eta), lekuik (lekurik), abenduen (abenduaren), bakitt (badakit), gatatik (gateagatik/joateagatik), pos (pues), pa (para) …

  • Formula tinko batzuk, gehienetan bokalak falta dira : zmz (zer moduz’), zmz o k ? (zer moduz o qué), dpm (de puta madre), esk (es que), eske

  • Bokal eta kontsonante elkarketak islatzen dira, eta letren kenketa dago : eztiñat iñun bilau eta etzakiñat, inber (egin behar). Aditz nagusi eta laguntzaile loturak egiten dira : ezaukeat, enitxiok, etzeok, ikusteiat ‘ikusten diat’, ibiltzet ‘ibiltzen dut’, enue ‘ez nuen’, deun ‘degun’, etzeok ‘ez zegok’.

  • H-rik ez, edo behintzat ez da hain zorrozki jokatzen : inber ‘egin behar’, baina ez beti ? : hik zer ?

  • Aferesia, laburtzapenak : katxiss, jiji, ontxe ‘oraintxe’.

  • Errepikapenak, soinu onomatopeikoak : tik-tak, tik-tak, tik-tak.

  • K letra qu-ren ordez : ksiiii (que sí), esk (es que), ke (que)

6.1.2. Epentesiak

  • Epentesiak hitz barruan suertatzen dira, gehienetan kontsonante sabaikariak ordezkatzeko izaten dira, -y- grafemak ordezkatzen ditu : aazpaldiyen, misteyo, balaunaldiyetan, seriyuo, biyer, lotsagarriye, penagarriye, amorragarriye, herriyen.

  • Baina, bukaeran ere agertzen dira, alegia, bukaeran eta hasieran kontsonanteak eta bokalak errepikatzen dira : - pozztee naaaizz nire zuu ondo eotieez, eneeee.

  • Txikigarriak erabiltzen dira, -txo gaineratuz, gehiago nesken hizkeran egiten da : muxutxobat kalean gelditu denari.

  • Hitzak errepikatzen dira idatzitakoari adierazgarritasuna emateko : -baterebaterebatere gustatzen, eta baita letrak ere : muaaa (muxua), musutxobattt, adiskidetasun edo poztasun tonua lortzeko : atsekoo, yeaah, zuekinn, oii (hori), sii, doneztebee, baai, mantxoo, ongii, noo, vamoos, diree eta bakitt, pollitte..

  • Laburtzapenak ez dira beti nagusitzen. Batzuetan tokian tokiko atzizkiak idazten dira, adibidez, -txako, -tikan eremu horretako ezaugarriak baldin badira, adibidez : Nitzako konzentrazioetara ez dena juten berak jakingoebe zeatikan.

6.1.3. Ordezkaketak

  • Kontsonante afrikaturik ez da idazten batzuetan, horren ordez, x erabiltzen da eta ez tx : a zer xaltxa ! Emenxe.

  • Bokalak kontsonante bihurtzen dira : weeenoGu-aren ordez wa, adibidez, wapo.

  • Jarraian idatzitako kontsonanteak pentsamendua ordezkatzeko xedearekin, ezaugarri prosodikoak ordezkatu nahian : mmmmmm, baaaa, ayyyyyy, onaaa.

  • -y- eta -ll- soinua grafema batean biltzen da. Hobe esanda -ll- grafema askotan -y- bihurtzen da : biyer, iyebete, mutiya.

  • Zenbakiak erabiltzen dira, nahiz erdal ahoskera ordezkatzen duten, kasu honetan bezala : (ados) A2, eta, besteetan, Ta 31an berriz, ikusiko zaitut ?

  • Ingeleseko ahoskera fonetikoa oroitzen duten itemak : by (bai), ok, yeaah (ingeleraz).

  • Euskara-erdararen arteko “interhizkuntza” ezaugarriak ere bai : Manita guapa zmz deskantsau dezue ? ?, olentzarona bukatzea asi k eozer gauza telefonoz

  • Hitz larriak ez dira erabiltzen : iyebetee inguru izengoozan… santo tomasetan !

6.1.4. Heterografiak

56Maiz ortografia akatsak izaten direnean, kontzentrazio eta denbora faltari egozten zaio hau. Baina, azken batean, nolabaiteko kode bat suma daiteke gazteen artean eta horrela, honek taldearen marka bezala jokatzen du. Bi hiztunek konpartitzen dutelako gaitasun berbera, nolabaiteko “antiortografia” bat sortuz.

57Ortografia akatsak izaten dira ez jakiteagatik arauak, baina, heterografiak dira nahita egindako desbideratzeak. Talde honetan sartzen dira bokalak errepikatzea, <x> <tx>-en ordez eta zenbakiak erabiltzea.

58Ortografiari dagokionez, ez da berdin edozein hizki jartzea. Hau adinaren araberakoa ere bada ; adibidez, unibertsitateko 29 urteko ikasle batek bertze bati igortzen dio hau. Baina, gazte anitzi ez dio berdin v edo b idaztea, adibidez, kasu honetan zuzentzen du V eta B, 5. adibidean bezala :

(5)

A-esan dit nire aitak 8etan etorriko dela gure Vila

A-Bila*

(6)

eyyyy, okeeeeey,vaaaale, guaaaachi

59Beste batzuetan, akatsak bere horretan gelditzen dira : asako (asko), urten (aurten). Gisa berean, idatzitakoari tonu bat ematearren, hiru puntuak eta harridura eta galdera ikurrak (behin baino gehiagotan) erabiltzen dira : atsekoo ? ?, ta oii ?, eztakit utziko dataten bakarrik gaten…, zer ? ? ?, zuek erranen duzue !, atsaldion Itsaso ! eta gateko asmorik baba ? ?

60Laburbiltzeko, ikus dezagun zer gertatzen den bertze hizkuntza batzuetan. Androutsopoulos-ek (2000) Alemaniako azpi-kultura mugimenduetako iragarkietan erabiltzen zen ortografia aztertu zuen eta ezaugarriak sei taldetan sailkatu zituen.

(a) Phonetic spellings (esaterako, “was” idatzi beharrean “wuz” idaztea) ;
(b) Colloquial spellings ;
(c)
Regiolectal spellings ;
(d)
Prosodic spellings (adibidez, bokalak luzatzea) ;
(e)
Interlingual spellings ;
(f)
Homophone spellings (adibidez, “you” idatzi beharrean “u” idaztea).

7. Euskara-erdara kode txandaketa

61Egia da euskarazko eremu guztietan gertatzen den fenomenoa dela hau, ahozko mintzairan eta baita sareetan ere. Aipatu izan dituzten arrazoien artean honako hauek daude : hutsune linguistikoak betetzea, adierazkortasun gehiago ematea, arrazoi kulturalengatik esapide jakin batzuk sartzea beste hizkuntzan eginak daudenak, iruzkin ironikoa sortzea, umorea ematea, adierazpen horiek beren funtsa galduko lukete itzuliz gero.

62Ez da gure xedea hizkuntz txandaketaren azterketarik egitea, baina, bai whatsappetan agertzen den fenomeno honen berri ematea. Hauek dira Nafarroako gazteengandik harturiko esaldi solte batzuk, ikasleek grabatuak ; hauetan kode txandaketa usu agertzen da, 7. adibidean erakusten den bezala.

(7)

•- aupa zuuu, zmz o k ?

- Ez det gutxiago espero, ya es hora !

•- Sii, bokata bat y pa las once a doneztebeee

• Gaur egunien edozeinei aitze zako tendinitis daukela, edo rotura de fibras, edo esguince edo cistitis edo beste edozein -itis.

- ¡hasta que salga el Sol !

•- Porcierto bidali didate hau, Kuadrilla.

63Eta 8. adibidean elkarrizketa osotu batzuk :

(8)

A- Mentira jajajajja

B- No tiene gracia

A- Ezetz ?

B- Ordu osobat portalean zain

B- Bua ojala te pase

A- ta ze ein duzu ?

B- Ikusiko dugu me sigo riendo.

8. Aldakortasuna

64Egia esan, aldea dago hiztun batzuetatik besteetara. Ez da gauza bera Azkoitiko blogean idazten dena edota Iruñeko ikasle gazteen arteko elkarrizketak.

65Honako elkarrizketa hauxe da : Iruñeko unibertsitateko gazte bat, 20 urtekoa, eta Elizondoko beste bat, 23 urtekoa, lagunekin festa bat prestatzen ari direnean. Hau da elkarrizketa erreala, esaldi guztietan daude hizkuntz txandaketak (whatsapp bidezko ahozko mezuak). Kasu honetan, 9. adibidean, dena ekarri dugu, esanahigarria iruditzen zaigulako txandaketa eta beste ezaugarri batzuk :

(9)

A : Aupa peña ! ! Hurrengo igandean eskiatzera joango naiz Formigalera, norbait etorri nahi du ?

B : ando liao pero agian denbora aterako dut ta jungo naiz !

C : k va ni ez, oso garestia da eskiatzera joatea pa mi bolsillo.

D : Me apunto ! Hitz egingo dugu astean zehar nola geratu y eso.

A : Lo unico nik kotxea tallerrean daukat, beste norbaitek eraman ahal badu dpm !

D : No problem, nire kotxearekin jungo gara ! Eso si, utzi beharko didazue el katxarro del kotxe eskiak eramateko, badakizue nik ez dudala !

B : Utziko dizut bai, baino herrian daukat, beraren bila jun beharko dugu ee ?

D : Vale ondo, esango didazu noiz etortzen zaizun ondo pa ir.

A : Azkenik, gaur arratsean Decathlonera jungo naiz a x unos guantes x si kereis.

6610. adibidean beste elkarrizketa oso bat dakargu. Elkarrizketatzaileak hauek dira : Iruñeko 22 urteko bi mutil.

(10)

A- Epaaa

B- Aupa zuuu, zmz o k ?

A- Ondo bai ikasten nabil baina asteburuko juergan pentsatzen, ta zu zmz dana ?

B- Dena ondo lan ta lan, ea egunen baten Iruñera juten naizen ta afariren bat prestatzen degu behar den modun...

A- Ez det gutxiago espero, ya es hora ! Duela denbora asko ez garela elkar ikusten, te pierdes !

B- Ske liaturik nabil kon el kurro, gainera aita oporretan dabil ta lan guztia niretzat...

A- ai ai, egurree ! ! ! ! Pues hitz egingo degu azterketak amaitzerakoan o k ?

B- Bai hori da, azterketak amaitzean me pegas un toke ?

67Adibidez, Iruñe inguruko gazteagoek hauxe idazten dute : - naiz Jon edo nago en los kaidos. Fenomeno honen inguruan diotenez, Jon naiz idazten badute, formalegi suertatuko litzaieke. 11. adibidea Baztango gazteen artean bildutakoa da :

(11)

A- Ze plan bada gaur atsekoo ? ?

B- Atra hemendik 11terdi xrai ? Bajeran edan pxket ta bokata ta aire ?

A- Bai faborezzz

B- Yeaah

A- Hola ni gaten al naiz zuekinn ta ez bakarrik

B- Nik oraindik eztakit atrako naizen ala ez jeje

A- Ta oii ? ?

B- Nire gurasoak ez badire gaten elizondora eztakit utziko dataten bakarrik gaten….

A- Sii, bokata bat y pa las once a doneztebee

B- Ainhoa zer ? ? ? Ez datzut ja entenditzenJ

68Elkarrizketa honetan hizkuntz txandaketa ikusten dugu : emotikonoak, tokian tokiko ezaugarri fonologikoak, lexikoak : faborezzz, gaten al…, atrako, utziko dataten, ez datzut ja entenditzen.

9. Ondorioak

69Lan honen bidez sare sozialetan ateratako testuek aldakortasuna islatzen dutela badakigu, corpus eta diskurtso interesgarria eta hetereogeneoa osatzen dute. Corpus txiki honek bidea eman digu ikusteko modu kualitatiboan eta konparatiboan antzekotasunak eta diferentziak daudela, bai ortografian eta baita aukeraketa lexikoan ere. Metodologia bat baino gehiago dateke, baina, hemen aztertu dugu nolabaiteko corpus txikia eta horren bidez erakutsi dugu erabilera bizirik dagoela eta ezaugarri bereziak dituela.

70Corpusari dagokionez, hurrengo ikerketetan posible da ondorengo lanetan etiketatu morfologikoak (tagger) eta sintaktikoak (parser) erabiltzea, datu kualitatiboak eta kuantitatiboak lortu ahal izateko, Michael Beiβwenger et al. (2012) ikerlariek proposatzen duten bezala. Gisa honetan, azterketan sakondu daiteke eta datuak modu kuantitatiboan eta kualitatiboan azter daitezke hurrengo ikerketetan, erraterako, hitz baten erabilera maiztasuna edo aztertutako fenomenoen alderaketa estadistikoa egiteko. Azterketa hauek egin daitezke zenbat hitz erabiltzen diren jakiteko, gisa honetan, azterketa linguistikoa automatizatu ahal izateko.

71Bertzaldetik, ikusten dugu sare sozialen bidez ahozko elkarrizketaren ezaugarriak islatzen direla eta horrekin batera, hizketa arduragabekoaren eta dialektalaren ñabardurak. Horren ondorioz, dialektoen ahozko aldaeren markak agertzen dira bizirik mezu hauetan, eta horregatik erran ahal dugu bizirik gordetzen direla.

72Funtzio sortzailea eta ludikoa badira ere, benetan gailentzen dena da funtzio komunikatiboa, bazter utzirik garbitasun sintaktikoa. Bistan denez, blogetan eta whatsappen artean aldeak daude, baina, zer esanik ez, bietan euskara biziaren ezaugarriak agertzen dira, eta horrekin euskalkienak ere bai. Hizkuntza gutxituen kasuan, tokian tokiko hizkuntza aldaerek betetzen dute funtzio hori, identitate propioa garatzearena bere ingurune pertsonalean. Baina, Iruñea bezalako toki batean, tokiko hizkuntza aldaerarik ez dagoenez, hizkuntza nagusiak bete ohi du funtzio hori, bertze errekurtso batzuk gaineratuz, jakina.

Inicio de página

Bibliografía

Amonarriz, Kike. 2008. “Gazte hizkerak - hizkera gazteak”. BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 68, 167-183.

Androutsopoulos, Jannis. 2000. “Non-standard spellings in media texts : The case of German fanzines”. Journal of Sociolinguistics, 4 (4), 514-533.

Beißwenger, Michael et al. 2012. “A TEI Schema for the Representation of Computer-mediated Communication”, Journal of the Text Encoding Initiative, 3, <http://jtei.revues.org/476> [21/09/2013].

Gibson, Maik. 2012. “Préserver l’héritage des langues éteintes ou en danger”, 79-95, in Net.lang Réussir le Cyberespace Multilingue, édition et coordination : Laurent Vannini, Hervé Le Crosnier, c&f éditions.

Gómez Torrego, Leonardo. 2013. “La gramática en Internet”, Lengua y escritura en Internet : Tres décadas de “redacción”, <http://congresosdelalengua.es/valladolid/ponencias nuevas_fronteras_del_espanol/4_lengua_y_escritura/gomez_l.htm> [21/09/2013].

Gordo López, Ángel (coord.). 2006. Jóvenes y Cultura Messenger. Tecnología de la Información y la Comunicación en la Sociedad interactiva. Fundación de Ayuda contra la Drogadicción e Instituto de la Juventud. Hemen eskura : http://www.fad.es/sala_lectura/Messenger.pdf.

Kilgarriff, Adam y Grefenstette, Gregory. 2003. “Introduction to the special issue on the webas corpus”, Computational Linguistics, 29 (3), 333-348.

Kendall, Lori. 2002. Hanging out in the virtual pub : Masculinities and relationships online, Berkeley, University of California Press.

Pinilla Gómez, Raquel. 2009. “El lenguaje de los blogs”, en Sarmiento, R. y Vilches, V. (coords.) La calidad del español en la red. Nuevos usos de la lengua en los medios digitales. Ariel, Madrid, 73-77.

Sinclair, John. 2001. Corpus, concordance, collocation. Oxford, Oxford University Press.

Yus Ramos, Francisco. 2001. Ciberpragmática 2.0. Nuevos usos del lenguaje en Internet, Barcelona, Ariel.

WEBGRAFIA
-
www.red.es
-
www.unblogenred.es
-
www.wikipedia.es
-
www.cervantes.es
-
www.abc.es/blogs/jose-luis-orihuela/
(
http://blogak.goiena.eus/)
(
http://uztarria.com/komunitatea/JuleneFrantzesena/1328613812)

Inicio de página

Para citar este artículo

Referencia en papel

Orreaga Ibarra Murillo, «Sare sozialak, euskalkiak ikertzeko baliabide gisa»Lapurdum, Numéro spécial 3 | 2015, 155-175.

Referencia electrónica

Orreaga Ibarra Murillo, «Sare sozialak, euskalkiak ikertzeko baliabide gisa»Lapurdum [En línea], Numéro spécial 3 | 2015, Publicado el 12 julio 2017, consultado el 29 marzo 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/2658; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.2658

Inicio de página

Autor

Orreaga Ibarra Murillo

Nafarroako Unibertsitate Publikoa
orreaga@unavarra.es

Artículos del mismo autor

Inicio de página

Derechos de autor

CC-BY-NC-ND-4.0

Únicamente el texto se puede utilizar bajo licencia CC BY-NC-ND 4.0. Salvo indicación contraria, los demás elementos (ilustraciones, archivos adicionales importados) son "Todos los derechos reservados".

Inicio de página
Buscar en OpenEdition Search

Se le redirigirá a OpenEdition Search