Navegación – Mapa del sitio

InicioNumérosNuméro spécial 2Aitzin-solasaAitzin-Solasa

Aitzin-solasa

Aitzin-Solasa

Xabier Lamikiz, Manuel Padilla-Moyano y Charles Videgain
p. 9-13

Texto completo

1Ondoko orrialdeetan Lapurdum agerkariak ale berezia eskaintzen dio Xabier Lamikizi zor diogun aurkikuntzari, hots 1757. urtean Baionatik Kanadako Louisbourg hiriari buruz lapurteraz igorria izen zen gutun bildumari. Ondoko artikuluetan, aurkikuntza horrek ekartzen diguna xehekiago aipatzen dugu.

2Alabaina, Le Dauphin izeneko itsasontzi batean izan ziren gutunen atzemateko merezimendua izan du X. Lamikizek. Londreseko artxibo batean dauden dokumentuak biltzeko zortea izan zuen, bere tesiarako ikerketa ereman zuen denboran.

3Kanadako Louisbourg herrira joateko gogoa zuten Le Dauphin itsasontziaren marinelek. Bizkitartean angelesek itsasontzia harrapatu eta bahitu zuten, eskipaia eta guzi, eta bildu zituzten dokumentuak (gutunak barne) Londreseko artxiboetan gorde.

4Aurkikuntza guziz ederra da gutun horiek osatzen duten ustekabeko dokumentazioa. Eder eta arraro, gureganaino heldu diren euskarazko gutunen zerrenda zein urri eta murritz den kontuan hartzen balinbadugu, Manu Padillak erakusten duen bezala.

5Liburu hau bi partetan emana da. Lehenik euskarazko gutunak aurkezten ditugu, zer kokapen historikoa izan duten aipatuz eta euskarazko gutuneriaren ezaugarri batzuk emanez. Eranskin batean, Ile Royaleko euskaldunen hizkuntza ohitzei doazkien bi dokumentu agerrarazten ditugu: lehenak euskaldunek Louisbourgen apez bat euskaldun izatea nahi zutela erakusten du, eta bigarrenak hainbat jakingarri ematen du bertan ziren martxant eta marinel lapurtarren bizimoldeaz.

6Bigarren parteak gutunen beren testua ematen du, lehenik bertsio diplomatiko batean, eta ondotik egungo grafiaren araberako bertsioan. Bi bertsio hauek zutabe paraleloetan dira emanak, irakurleak nahi edo komeniago duena aise hauta dezan. Azkenik, testuan agertzen diren aditz-formen zerrenda ematen da, indize eta izendegi batekin batera.

7Liburu honetaz gain, Interneten gutunen argazkiak laster kontsultagarri dirate. Facsimile horiek begi aitzinean izanez, nahi duen irakurleak egiazta lezake guk egindako transkribapena noraino zuzena den ala ez. Erran gabe doa ager ditezkeen hutsak edo gaizki ulertutako pasarteak gure gain hartzen ditugula.

Historiaz bi hitz

81757. urtean, apirileko 4an, Baionako portua utzi zuen Le Dauphin itsasontziak. Martin Lermet deitu kapitainak eta beste marinelek Ameriketako Louisbourg hiria ikusi nahi zuen aste zenbaiten barne. Orduko postarik ez baitzen, Lapurdiko jendeen ohitura zen Louisbourgen bizi ziren askazieri gutunak igortzea itsasontzietako marinelen kondu: 50 euskarazko gutun igorri zituzten 48 lagun lapurtarrek. Frantsesez eginak ziren gutunak ere bazeramatzan untziak, bainan liburu honetan haietaz ez gara axolatu. Bertzalde, itsasontziak ardoa, arropak, oihalak eta zapatak bazerematzan eta, zernahi gerta, artillerazko « peza » batzuk ere, erran nahi baita kanoiak. Agiri ofizial batek frogatzen zuen kortsuan ibiltzeko baimena bazeukala kapitainak, Frantziako erregek emanik. Bainan fortuna ez zuten alde izan eta garai hartan Zazpi Urteko Gerra baitzen hedatu, marinel angelesek Le Dauphin harrapatu zuten. Kapitaina galdezkatua izan zen High Court of Admiralty deitu auzitegiaren aitzinean. Almirantegoko Auzitegi Goren horren paperak artxibatuak izan ziren Londresen, ondoko dokumentazio guziarekin eta, erran bezala, han hatzeman zituen X. Lamikizek duela zenbat urte. Dokumentu horiek Londreseko Dorre famatuan egon ziren 1856 arte baina egungo egunean beste auzo batean atxikiak dira, The National Archives instituzioaren magalean. Egia erran, gutun horiek Kanadako lagun ikerlari batzuek eskuztatu zituzten bainan sobera kasurik eman gabe, ez baitzuketen berek euskara ulertzen. 2003. urtean X. Lamikizek begiztatu zituen, bere tesiaren osagarriak bilatzen ari zela. IKER UMR 5478 CNRSko taldekideak abisatu zituelarik, erabaki genuen gutun horien berri eman behar zitzaiola euskaldun jendeari. Laguntza ere eskatua izan zen ikerketa proiektu hau bururatzeko; laguntza hori etorri gabe ere, testua argitaratzea beharrezko zela iduritzen zitzaigun.

9Argitaratzen dugun eskipaiaren zerrendak aditzera ematen duenaren arabera, marinel gehienak lapurtarrak ziren (bata Bicente Lissaratsou deitzen da, Donibane Lohizunekoa, adibidez eta beste bat, Jean Dechebehere, Ortzaizekoa), eta oso jende gaztea zen banaz beste. Bizitzeko baldintzak bortitzak zirela ezaguna da. Lermet kapitain balinbazen, jabea edo « burjesa » Jean Laborde sal-erosketetan zebilen gizon ahaltsua zen, Bidarten sortu zena eta orduan Louisbourgen bizi zena.

10Arrantzak pisu handia bazuen Louisbourgen baina komertzioa ere nolazbait garatu zen eta Europarekilako harremanek sare aski indartsua sorrarazi zuten hango bizilagunek. Euskaldun asko egoten ziren Île Royale uhartean Louisbourg herrian eta hango gizartean komunitate aski azkarra osatzen zuten, hainbertzeraino non eskatu baitzuten berentzat apez bat euskaldun izatea. Hori eskatu zutela aitzinetik bagenekien, baina M. Padillak bildu duen dokumentua eskaintzen digu zeinetan Urdoz izeneko apez euskaldun bat aipatzen baita euskaldunen artzai ona izan ledin.

11Historian zehar oihartzun handia izan duen fenomenoa aipatzen du X. Lamikizek. Marinel anitz, arrantzale izateaz gain, askotan kortsario bilakatzen ziren. Kortsario ala pirata ez zen gauza bera. Pirata osoki bere gain ari zen. Kortsarioak, aldiz, eskuratzen zituen harrapakinetatik eta irabazten zituen mozkinetarik parte bat Erregeri eman beharra zion, ontsalaz.

12Historio egileek ikertzen dute zergatik ote zen hain hedaturik orduko kortsa ihardunaldia. Zenbaiteraino abantail ote zeukan kortsario gisa bizia irabazteak ekonomia « baketsuago » batek ekar zitzakeen abantailen aldean? Bertzela erranez, kortsa ez ote zen besteak bezalatsuko fenomeno ekonomikoa, zeinetan euskaldunak beste jende anitz bezala sartzen baitziren, ustez eta mozkin ederrik aterako zutela? Desafio eta erronka gaitza zen, dudarik gabe. Haien bizitzeko moldeaz xehetasunak ematen ditu X. Lamikizek.

13Beste artikulu batean, Manu Padillak aipatzen du gutun horien atzematzeak preziatzeko nolako laguntza ekartzen digun. Lehenik, erakusten du guregana etorri diren euskarazko gutun pribatuak guti direla, oro har. Guti, eta aski barreiatuak eremuaren nola garaiaren aldetik. Aldiz, itsasontzian bildu gutun hauek multzo oso interesgarria osatzen dute, denak ber denbora eta guti edo aski ber lekuan idatziak izan baitziren, hots, Lapurdin, 1757. urteko lehen hilabeteetan, eta lapurteraz. Beraz izigarriko batasun interesgarria badaukate gutunetan agertzen diren testuek: orduko eta lekuko euskararen berri ematen digute xeheki. Ohartarazten dugu, ez baita ustegabe ttipia, gutunen egile gehienak edo bederen gutun-igorleak emazte direla, %60 bat hor nonbait. Ikerketa zehatzak erranen digu zenbat eskuk idatzi duen zenbat gutun. Ikusiko da orduan gutun batzuk ez ote zituzten idatzi ofizioz ari ziren eskribano publikoek edo besterik gabe idazten zekitenek, analfabetoak laguntzen baitzituzten. Batzuetan hala gertatu dela estipulatzen da gutun batean edo bertzean.

14Mamiaren aldetik, ageri da askotan presazko gutunak direla eta Lapurditik hara igortzen diren gauzak aipatzen direla: zapatak, oihalak, arropak, janaria, edaria, etabar. Diru arazoak ere frankotan aipu dira, eta bereziki kexuak. Garaiko gorabeherak aipatzen dira ere naski, hala nola gerlak ekartzen zituen kalteak, bahitzeak eta heriotzak, baina herrian gertatu auziak ere. Hunkigarriena da aitamek, esposek, anai-arrebek, askaziek oro har igortzen dituzten deien samina, Louisbourgen bizi den laguna ahal bezain laster etxera itzul zedin. « Zato etxera » da gutunetan behin baino gehiagotan egiten den otoitz samina.

15Erretolikaren aldetik, ikusten da gutun gehienek molde eta tornu bertsua jarraikitzen dutela, bereziki politeziazko eta kortesiazko formuletan. Gutun-igorleek molde horiek nolaz ikasten zituzten ikertzeko bada ere, zernahi gisaz Le Dauphin-en ikusten ditugun gutungintza herrikoiaren moldeak Europa osoko tradizio batean kokatzeko dira.

Gutun generoa

16Hizkuntzaz den bezainbatean, ohar guti baizik ez dugu egiten, edizioan agertzen diren iruzkinez gain, ondoko lan baten funtsa izanen delakoan. Ororen buru erabiltzen den mintzaira ez zaigu bat ere arrotz, ortografiak ematen dituen trabak gainditzen balinbaditugu.

17Liburu honetan argitaratzen duguna ez da gutun horien deskubrimenduak hartze eta merezi duen guzia. Hurrundik ere. Egingei dugun proiektu zabalago batean beste alderdi hanitz sartuko dugu: lehenik gutun horien testuak korpus bihurtu nahi ditugu, transkripzioak, itzulpenak eta anotazioa eskainiz. Agian beste hizkuntzetan agertu diren gutunekin konparaketa eginen dugu, dakigularik finlandieraz adibidez 50 gutun badaudela Londresen, baina milaka badaudela ingelesez, nederlanderaz edo frantsesez egindako gutunak.

18Gutun horiek informazio interesgarria ematen digute euskararen historiaren, dialektologiaren, soziolinguistikaren, gutunen generoaren aldetik.

  • Linguistikarentzat, ongi zedarriztatua den testua eskaintzen digute, denbora bereko eta leku bereko lapurterarekin konparaketa egiteko parada ematen duena.

  • Soziolinguistikarentzat, jadanik diglosian sartua den euskararen egoera eta gramatizazioa ikertzeko informazio aberatsa eskaintzen du.

  • Edozein gutun genero berezia den aldetik, ikusiko dugu zer duten berezirik gutun horiek: nola agertzen den igorleen intimitatea, zein diren adierazi dituzten gai nagusiak, sendimenduak barne.

  • Historiaren aldetik, azkenik Le Dauphin itsasontziaren gorabeherak sartzen dira Atlantikoaren historioan, Kanadaren eta Euskal Herriaren arteko harremanetan, kortsaren eta ekonomiaren arteko harremanetan, beraz lekuko nola munduko historian.

19Bada beraz egitekorik hemendik aitzina. Bego ondoko orrialdeetan argitaratzen duguna! Euskal irakurleari interesgarri izanen zaiola sinetsi nahi dugu.

20Baiona, 2014ko otsaila

Inicio de página

Documento anexo

Inicio de página

Para citar este artículo

Referencia en papel

Xabier Lamikiz, Manuel Padilla-Moyano y Charles Videgain, «Aitzin-Solasa»Lapurdum, Numéro spécial 2 | 2015, 9-13.

Referencia electrónica

Xabier Lamikiz, Manuel Padilla-Moyano y Charles Videgain, «Aitzin-Solasa»Lapurdum [En línea], Numéro spécial 2 | 2015, Publicado el 01 septiembre 2016, consultado el 28 marzo 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/2531; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.2531

Inicio de página

Autores

Xabier Lamikiz

Universidad del País Vasco UPV/EHU
lamikiz@gmail.com

Artículos del mismo autor

Manuel Padilla-Moyano

UPV/EHU & IKER UMR5478
manuel.padilla@iker.cnrs.fr

Artículos del mismo autor

Charles Videgain

Université de Pau et des Pays de l’Adour (UPPA)
charles.videgain@univ-pau.fr

Artículos del mismo autor

Inicio de página

Derechos de autor

CC-BY-NC-ND-4.0

Únicamente el texto se puede utilizar bajo licencia CC BY-NC-ND 4.0. Salvo indicación contraria, los demás elementos (ilustraciones, archivos adicionales importados) son "Todos los derechos reservados".

Inicio de página
Buscar en OpenEdition Search

Se le redirigirá a OpenEdition Search