Navegación – Mapa del sitio

InicioNuméros13Testuak mugimenduan. Iruzkin labu...

Testuak mugimenduan. Iruzkin laburrak egungo euskal literatur lan zenbaitez

Mari Jose Olaziregi
p. 289-295

Resúmenes

Prozesu amaigabe gisara ulertzen du Kritika Genetikoak idazkuntza, eta horren berri ematen kritikariek bazter uzten zituzten zirriborro, aldaketa, zuzenketa, edo proba zuzenketak kontuan hartuz. Kritika Genetikoari buruzko ohar batzuen ondoren, euskal literatur sisteman norabide kritiko honek eman dituen emaitza apurrak aipatzen dira artikuluan. Testuaren etengabeko mugimendua, idazlea egiten eta berregitzen doan irakurketa, hori guztia iradokitzen du ikuspuntu genetikoz egindako azterketak. Artikulu honetan testu beraren aldaerek euskal literaturan izan duten ugaltzeaz hitz egiten da, eta guztiaren osagarri, bere testuak « denbora untzi » bihurtu dituen Bernardo Atxagaren hainbat lan aipatzen dira eta laburki iruzkintzen.

Inicio de página

Texto completo

1Testua mugimenduan : aldaerak

2Testuen aldaerak argitara emateko joera gero eta nabarmenagoa da euskal idazleen artean. Horixe izango dugu, besteak beste, hizpide ondorengo lerrootan : aldaera horien ezaugarriak eta joera honen oinarrian kausi dezakegun literatura kontzeptua. Aldaerez mintzo garenean, kasu honetan, egileek eurek literatur lan « beraren » berridazketa/laburtze/luzatze/moldatze… eragiketen ondorioz atontzen dituzten argitalpenei egiten diegu erreferentzia. Modu honetan, demagun, hasiera batean jendaurreko irakurketa baterako antolatutako testua, Bernardo Atxagaren Zeruak (1994), kasu, eleberri bilaka daiteke (ik. Zeru horiek, 1995) ; edo egunkari batean kaleratutako ipuin laburra ipuin luzeago baten oinarri (besteren artean, Iban Zalduaren kasuan gertatu izan den moduan) ; edo eleberri baten berralgitalpena dela-eta, egileak berak testua « birmoldatzea’ hauta dezake, jatorrizkoari hainbat aldaketa erantsiz (Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delakoren 2007ko birrargitalpenaz ari naiz). Baina hori bakarrik ez, idazle batek erabaki dezake lehenago argitara emandako hainbat testu sorkuntza lan berri, eta beraz, originalean txertatzea eta testu horiei irakurketa berri bat erastea, hau da, beste testu bilakatzea : Atxagaren Lekuak (2005) liburua horren adibide egokia dugu. Tartean geratuko litzaizkiguke, esate baterako, autoitzulpenak lekarzkigukeen hausnarketak. Hotxe daukagu, adibidez, Vladimir Nabokoven autoitzulpenen kasu esanguratsua, eta bere Lolita guztiek eman duten hizpidea. Autoitzulpen horietan, sorkuntza ahalegin desberdinak, egileak berak burutzen dituen berrirakurketak kausitzen ditugu.

3Sorkuntza prozesua iharduera amaigabea dela oroitarazten digute autoitzulpen/berridazketa/moldaketa horiek guztiek, eta horretaz hain justu, sorkuntza prozesuan, jarri ditu begiak 1970eko hamarkadaz geroztik Frantzia, Erresuma Batua, Italia edo Argentina bezalako herrialdeetan garatuz joan den Kritika Genetikoak. Idazketa prozesuaren azterketa du, beraz, kritika mota honek helburu, Harrera Estetikak irakurketa prozesua aztertzen duen moduan. Bi hurbilpen kontrajarri, baina biek ere Formalismoak eta Estrukturalismoak lehenesten zuten Testuaren gailentasuna auzitan jarri nahi dutenak.

  • 1  P.M. de Biasi (2000 : 33) « Zirriborroek lanean ziharduen idazlearen egunez-eguneko istorio logiko (...)

4Filologiak testua zehaztu, finkatu nahi badu, Genetikak testuaren beraren existentzia ukatzen du eta lanean ziharduen idazlearen istorio « sekretua » azaleratzen digu (Biasi, 2000 : 33). Istorio hori azaleratzeko, sorkuntza lanean bazter utzitakoaz arduratzen da genetika : zirriborroak1, lan eskemak, ezabapenak, dokumentazio lanak, proba zuzenketak.... hori guztia bilakatzen da aztergai, eta Institut des Textes et Manuscrits Modernes (ITEM) ezaguneko zuzendaria den Daniel Ferrer-ek esan bezala (2000 :16), detektibe baten lanarekin konpara genezake genetistaren iharduera : testuetako aztarna, zantzu, markak… aztertzen ditu eta azalpen bat ematen. Modu honetan jokatuz, Kritika Genetikoak dimentsio berri bat ematen dio testuari, denborarena. Testua etengabe bilatzen, sortzen den… zerbait izango litzateke, ekintza geldiezin baten ondorio behin behinekoa (Grésillon : 2000). Prozesua da, beraz, testuaren beraren mugimendua, axola zaiguna, eta mugimendu honek ez du helburu teleologikorik. Egile garaikide askok erakutsi dute testuaren ikuspuntu dinamiko hori, besteak beste, bere Finnegan’s Wakeri hastapenetan « Work in Progress » deitu zion James Joyce jaunak.

5Joyce izan da, preseski, duela 35 urte sorturiko ikerketa genetikoek aztertutako egileetako bat, 1840tik gaur arteko beste egile kanoniko batzuen lanarekin batera (Balzac, Stendhal, Heine, Hugo, Flaubert, Joyce, Zola, Proust, Valéry, edo Sartre). Horien guztien dossier genetikoak bildu dituzte ikerlariek, hau da, sortzaile horien idazketa proiektuen lekukotasun multzoak. Halaxe definitzen du Poitierseko Unibertsitatean kokatuta dagoen « Archivos » sail ezaguneko zuzendari den Fernando Colla jaunak (2009), lekukotasun multzo gisara, genesi kontuetan barneratzen diren ikerlariek bildu beharreko materiala. Collaren eta nazioarteko hainbat adituren ekarpenak bilduko ditu aurten kaleratuko dugun En el taller del escritor (Arkotxa, A. & Lluch, J. & Olaziregi, M.J. (Ed.), 2010, UPV/EHU) liburuak. Ataletako batzuk 2005eko udan Aurelia Arkotxa irakasleak eta biok EHUren Donostiako Udako Ikastaroen barruan antolatu genuen ikastaroaren emaitza dira, besteak, nazioarteko aditu ezagunek egindako ekarpenak. Gurean, eta Espainia osoan oro har, dagoen hutsune nabarmena betetzera dator artitalpen hau, izan ere, Joana Pocheluk 2010n Atxagaren Soinujolearen semeaz (2003) aurkeztuko duen doktorego tesia kenduta, edo Mikel Aierbek 2007an EHUn DEArako egin zuen Kritika Genetikoa eta idazketa-prozesuaren berreraiketa lana kenduta, norabide honek ez baitu jarraitzaile gehiegirik izan gurean.

6Eskuizkribuak denbora untzi….

7Gurean egilerik bada bere testuen etengabeko berridazketa edo bermoldatze eragiketetan murgilduta ibili dena, idazle hori, ezbairik gabe, Bernardo Atxaga da. 1997an doktorego tesia aurkeztu nuenean, besteren artean, Obabakoak (1988) liburuan hain ugariak diren ipuinen berridazketekin egin nuen topo. Atxagaren beraren baieztapenok zinez dira esanguratsuak :

Ba, nik ere, batzuetan nahita eta beste batzuetan nahi gabe, nire karpetak, nire izkribuak, denbora untzi bihurtu nahi izan ditut. Zer esan nahi du honek praktikan ? Ba, honek esan nahi du orain dela hamar urte egindako ipuin bat berritu egin zela eta hola aldatuz joan dela azkenean kaleratua izan dan arte. Hor badago esate baterako, liburuan, Obabakoak delako horretan « Klaus Hahn » izeneko ipui bat (…) azkenean liburuan atera dena, ba, izango da, seguru asko, seguru asko, ipuin horrek izan duen hamabigarren bersioa edo horrela, ezta ?. (Atxaga, B., « Obabakoaken gainean », Enseiucarrean 5, 1990, 11-31. Letra etzanak gureak dira).

8« Klaus Hahn » ipuinaren kasua aipatzen zuen Bernardok, baina Obabakoakeko beste hainbat ipuin ere aipa zitzakeen, hala nola :

  • 2  OBB laburdurarekin, Obabakoaken lenehengo edizioari, hau da, 1988an Ereinen argitaratu zenari egit (...)

a) 1978ko « Francisco Javier » (21, Donostia, Hordago, 305-312), izen berarekin Obabakoak liburuan azaltzen dena (OBB2 :23-40)

b) 1978ko « Ipuin bat bost minututan izkribatzeko » (Pott bandaren braga 2 ; gero, « Algunas reglas prácticas para escribir un cuento en sólo cinco minutos », 23, Donostia, Hordago, 23-27). Izen berarekin, OBB :285-288.

c) 1980ko « Margarete : Schewester Sturmischer Schvermet (Margarete : atsekabe trumoitsuzko arreba) » in Pott Tropikala, 57-58 ; berrargitaratua : « Drink Dr. Pepper », Donostiako Hiria I, Donostia, Haramburu Editor, 1983, 19-26. Birmoldatua : « Margarete, Heinrich « , OBB :313-322.

d) 1982ko Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena (Donostia, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala). OBB : 9-22. XII.

e) 1982ko « Post tenebras spero lucem » (Jakin 25, Urria-Abendua, 104-116.) OBB : 41-67.

f) 1983ko « Epilogoa, sasoi zaharrak gogoan » (in Joseba Sarrionaindia, Narrazioak, Donostia, Elkar, 135-141.) Birmoldatua : « Ni Jean Baptiste Hargous », OBB : 323-328.

g) 1984ko « Gauero aterako nintzateke pasiatzera (II) Marie-ren azalpena » (in Donostiako Hiria III, Donostia, Haramburu Editorea, 7-15.) Birmoldatua :  »Gauero aterako nintzateke pasiatzera. I. Margarethe-ren azalpena. II-Marie-ren azalpena » (Arbola 0, 1986ko Abuztua, 12-14). OBB : 117-121.

h) 1985ko « Wei lie deshang » (Plazara 1, 27-28). OBB : 371-381.

i) 1986ko « Ipuia Zumeta lagunarentzat » (Pamiela 12, 37). Birmoldatua : « Hans Menscher », OBB : 279-284.

9Berez, aldaketa gehiago ala gutxiago dituzten ipuin « berrituok » (dela izenburuari dagozkionak, dela estrategia narratiboei dagozkienak, hala nola, maila narratibo bikoizketak, narratzaile ala denbora aldaketak…ik. Olaziregi : 1998) liburu berri batean itsasten ditu Atxagak, egitura eta irakurketa maila zinez konplexuak dituen liburuan gainera. Gogoratu, bestela, Obabakoakeko paratestuan, aurkibidearen oinoharrean, egile inplizituak ematen zigun irakurketarako aholkua. Ezin esan, ipuinek jasandako aldaketak gora-behera, testu « beren » aurrean gaudenik. Pierre Menard ezaguna parafraseatuz, bere testuak « berregiten » diharduen Atxaga honek horixe iradokitzen baitigu : iraganeko testuak eta oraingoak ez direla berdinak, denbora ez dela alferrik pasa, eta berak « denbora untzi » deritzen horietan, irakurle eta irakurketa berriak antzematen ditugula.

10Atxagaren beste adibide ezagun bat aipatzekotan, gogora dezagun, 1990eko « Plajiatzekoarekiko alfabetoa », gerora, Groenlandiako lezioa (1998) izeneko liburuan« Lezio ttiki bat plajioari buruz »bihurtzen dena. Zehar aldizkariaren 7., 8., 9., 10. eta 11. zenbakietan eman zen argitara lehenengoa, 1990eko azaro-abendutik 1991ko uztail-abuztura. Testuaren luzera bera da atentzioa deitzen duen lehenengo alderdia, 1990ekoa gerora argitaratuko zenaren bikoitza baita : « Fichte » filosofoari dagokion atala barneratzen du, 1998koak ez bezala. Horretaz gain, paratestuari berari begiratu besterik ez dago jatorrizko « alfabetoa » « lezio » bihurtu zaigula ikusteko, Groenlandiako lezioa liburuak duen jite ironikoa, jostaria... azpimarratze aldera. Desberdintasunekin jarraituz, derragun askozaz ere luze eta garatuagoak, deskribatzaileagoak direla jatorrizkoan « Génie » eta « Charles Emmanuel Nodier » deritzoten atalak, adibide eta erreferentzia ugariz hornituta zeudela, eta bertan tartekatzen ziren aipuak jatorrizko hizkuntzetan (frantsesa, ingelesa, gaztelania) zetozela. 1998ko aldakian, berriz, aipu gehienak itzuli egin dira euskarara, eta asko arindu da testua, tonu eta egituraketa « literarioagoa » emanez. Oro har, adjektibo kalifikatzaileak dira « lehundu » direnak eta, esate baterako, Musset ez da dagoeneko idazle tranposo gisara aurkezten. Nodier, ostera, « iraultzaile » izatetik, « errebelde » izatera pasa da 1998ko aldakian. Beste aldaketa batzuk, « politikoki zuzenagoak » bihurtzen dute testua eta, hala, artista ez oso serioez hitz egin nahi denean, jatorrizkoan zeuden « andaluziako abeslari folklorikoak » baztertu eta « modako ileapaintzaileak » aipatzen dira 1998koan. Azkenik, derragun jatorrizkoan Ciceroni egozten zitzaion poema bat Marciali egozten zaiola azkenekoan.

  • 3  Mikel Ayerbek 2007an burututako Ziutateazen lehenengo bi edizioen alderaketa irakurtzea gomendatze (...)

11Interesgarria da, halaber, 1976an lehenengo aldiz argitara eman zen Ziutateaz eleberriaren kasua. Orain artean hiru argitalpen izan ditu (1976an, Kriselun ; 1986an eta 2008an, Ereinen). Deserrotuen hiri distopiko batean kokatzen da eleberria, Ziutatea izenda genezakeenean. Eta hasieratik du 1976ko testuak zinez taxuera esperimentala : bi liburukien azaletan Meltxor Sarasketaren argazkiak datoz, « K » erraldoiak irudikatzen dituzten argazkiak erakutsiz. Jarraian, egile inplizituaren ohar eta epilogoekin egiten du topo irakurleak. Testu abangoardista honetan, zenbakirik gabeko atalek, irakurleari egiten zaizkion gonbiteek, esku artean duguna « gauzatzea » guri dagokigula iradokitzen zaigu etengabe. Bigarren argitalpenean gehitu zen J.M. Iturralderen hitzaurreak liburuaren testuinguru historiko-soziala eskaini zigun, baina hori bakarrik ez, 1986an geunden eta dagoeneko pasata zeuden geurean esperimentalismo eta abangoardien garaiak : irakurketa « erraztu » nahi zitzaion irakurleari eta horretarako, adibidez, liburuen atal desberdinei izenburuak jarri zitzaizkien. Esandakoaz gain, Mikel Ayerbek bere artikuluan ongi adierazi duen modura (ik. Ayerbe : 2006), azaleko ilustrazioaren aldaketa gogoratu beharko genuke. Izan ere, bigarren ediziorako, Arnold Böcklinen Hildakoen irlaren ilustrazioa hautatu baitzen, zinez hautapen esanguratsua ilustrazioak aurkezten dizkigun Caronte eta ikaroak kontuan hartzen baditugu3.

12Aurreko ataletan, Atxagaren testuen aldakiak izan ditugu hizpide, guztiak argitara emandakoak, hau da, berridazketa edo birmoldaketez aritu garela esan genezake. Baina lehenago esan bezala, dossier genetikoetan testuen zirriborro, zuzenketa, informazio bilketa… hau da, sorkuntza prozesuak bere gain hartzen duen guztia bilakatzen da aztergai, eta kritikariek « Génétique avant-textuelle » deritzotenaren barnean aztertzen. Mota honetako testu bat izango dugu jarraian aztergai, Bi anai (1985) eleberriaren zirriborrotzat har genezakeena eta egileak berak « azken aurreko erredakzioa » izendatu zuena. KM Kulturunean topatu dugu, Xabier Leteren artxibategian, eta C-517/ F-6 kodearekin kausi daiteke KMko Fondo Gordeetan. Karpeta batean dator, luzeran, 32 zentrimetroko 47 orriz osatutako dokumentua, originalaren fotokopia. Xabier Leteren beraren ohar batzuk datoz lehenengo orrian, Atxagak « azkenaurreko bertsio » gisara igorri ziola esanez eta zirriborro honen balorazio bat eginez : Letek dio zinez dela desberdina gerora argitara eman zen testua eta berari, Leteri, bertsio hau gogokoago egiten zitzaiola.

13Azterkizun dugun zirriborroak, 1984ko uztailaren 14ko data darama, Bi anai argitaratu baino hilabete batzuk lehenagokoa (1985ko udaberrian eman zen argitara nobela). Makinaz idatzitako izkribua da, eta zuzenketatxo batzuk ditu eskuz eginak, gramatikalak ia denak. Bistan da esku artean dugun izkribu hau ez dela, segur aski, « azken aurreko » zirriborroa, aldaketa itzelak baititu gerora argitara eman zen testuarekin, aldaketak bai istorioari berari dagozkionak, baita paratestu eta konta teknikei dagozkienak ere. Ondoko taula honetan laburbildu ditugu aldaketarik aipagarrienak :

14Lehenagoko lan batean, fabula moral modernotzat hartu genuen Bi anai eleberria (ik. Olaziregi : 2005), eta zinez esan genezake egileak 1984ko zirriborrotik 1985era sartzen dituen aldaketak interpretazio hori ahalbidetzen dutela, eleberriko kontalariak animalia izatea alde horretatik baitoa. Gainera, nabarmenagoa da argitara emandako testuan Obabako giro moral hertsiak bi anaien bizimoduan ezartzen duen kontrola : aitaren (30) eta apaizaren (80) ahotan « zerrikeria » hitzak jartzen dira, adibidez, Danielen balizko ekintza arau-apurtzaileak definitzeko orduan, eta dudarik ez dago, apaizaren irudi eta protagonismoa esanguratsuagoa dela argitaratutako testuan berak iradokitzen baitu, azken batean, Danielek « lotuta » egon beharko zukeela (80).

  • 4  Besteak beste, kontalari berri bat, izarra, bi atal gehiago, atalen izenburuak, eta paragrafo osoa (...)

15Edonola ere, ez dira hauek Bi anai eleberriak izan dituen berridazte edo aldaki bakarrak. 1988rako 20.000 ale salduak zituen euskal literaturako best seller hau gaztelaniara « itzuli » zuen egileak berak, eta epilogoa eta hainbat aldaketa erantsi zizkion 1995eko bere Dos hermanosi4. Eleberri honek bere ibilbidean izan duen garrantzia azpimarratu nahi izan zigun asteasuarrak, eleberriko bi osagai, Obaba geografia imaginarioaren erabilera eta Mintzoaren barne ahotsarena nabarmenduz. Guretzako deigarriena, berriro ere, testuak « denbora untzi » direlako iradokizuna da. Atxagak berak dioenez, Dos Hermanos, jatorrizko testua gehi « egilearen bizitzako 11 urte » (157) da. Denbora ez baita alferrik pasatzen, eta alferrikakoa baita, berriro ere Pierre Menard lagun, testu « bera » berriro idazten ahalegintzea.

Inicio de página

Bibliografía

Ayerbe, Mikel, 2006, « Ziutateaz-eko hiria », Lapurdum 2006-XI, 49-57.

_____, 2007, Kritika genetikoa eta idazketa-prozesuaren berreraiketa, EHU, DEArako egindako ikerlana, argitaragabea.

Biasi, Pierre Marc de, 1996, « La critique génétique » in Bergez, D. et al, Introduction aux Méthodes critiques pour l´analyse littéraire, Dunod, Paris, 6-39.

_____, 2000, « Qu´est-ce qu´un brouillon ? Le cas Flaubert : essai de typologie fonctionnelle des documents de genèse », in Contat, M. & Ferrer, D. , 2000, op cit., 31-60.

Contat, Michel & Ferrer, Daniel (Zuz.), 2000, Pourquoi la critique génétique ?. Méthodes, théories, CNRS, Paris.

Grésillon, Almuth, 1992, « Ralentir : Travaux », Genesis 1, 1992, 9-32.

_____, 2000, « La critique génétique à l´oeuvre. Étude d´un dossier génétique : « Vivre encore » de Jules Supervielle », in Contat, M. & Ferrer, D. , 2000, op cit., 61-94.

Olaziregi, Mari Jose, 1998, Bernardo Atxagaren irakurlea, Donostia, Erein.

______, 2005, Waking the Hegdeghog. The Literary Universe of Bernardo Atxaga, Reno, Center for Basque Studies-University of Nevada, Reno.

Inicio de página

Notas

1  P.M. de Biasi (2000 : 33) « Zirriborroek lanean ziharduen idazlearen egunez-eguneko istorio logiko, psikoafektibo eta fenomenologikoa kontatzen digute, istorio sekretu bat, biografia literarioetan azaltzen ez dena, eta egileaz jakin behar dugun esentzialena biltzen duena. (...) ». Zirriborroei esker, testuen gaineko irakurketa eta hipotesiak bideragarriak diren jakin ahal dugu kritikariok.

2  OBB laburdurarekin, Obabakoaken lenehengo edizioari, hau da, 1988an Ereinen argitaratu zenari egiten diogu erreferentzia.

3  Mikel Ayerbek 2007an burututako Ziutateazen lehenengo bi edizioen alderaketa irakurtzea gomendatzen dut (ik. Ayerbe : 2007). Bertan, aldaketa esanguratsuenen azalpena egiten du eta Ziutateaz/Etiopia arteko antzekotasunak aipatzen ditu. Egunero hasten delakoren edizio desberdinen konparaketa ere egiten da Ayerberen lan berean, bereziki, 2007an argitaratutakoak aurrekoekin dituen aldeak komentatzen dira. Saizarbitoriaren hitzaurre autografikoa duen azken argitalpen hau « birmoldaketa » gisara izendatzen du egileak berak, lan neketsu eta aspergarri baten ondorio gisara. Helburua : jatorrizkoak zituen zenbait « akats » zuzentzea (dela akats lexikoak, dela edukizkoak, forzepsaren aipu ezaguna bezala). Ayerbek iradokitzen duen bezala, eleberriaren « entziklopedia » gaurko irakurleengana hurbiltzen ahalegintzen da Saizarbitoria, eta hala, erreferentzia literarioak, edo filmikoak, eguneratzen (Sacha Distel-en ordez, Marlon Brandorekin egiten dugu topo, adibidez). Baina hori bakarrik ez, bigarren pertsonan zeuden pasarteak hirugarrenean jartzen dira, eta bosgarren ataletik aurrera paragrafo osoak berridazten. Gainera, hainbat ataletan jatorrizkoak zuen dramatikotasuna, hala nola, abortoaren eskenan, leundu egiten da, eta zenbait espresio ere neutroagoak bilakatzen (adibide ezagun bat aipatzearren, derragun Gisele « bonboi bat » izatetik, « ezin politagoa » izatera pasatzen dela).

4  Besteak beste, kontalari berri bat, izarra, bi atal gehiago, atalen izenburuak, eta paragrafo osoak zenbait pertsonaiaren, hala nola, Carmenen, marltzurkeria nabarmenduz.

Inicio de página

Para citar este artículo

Referencia en papel

Mari Jose Olaziregi, «Testuak mugimenduan. Iruzkin laburrak egungo euskal literatur lan zenbaitez»Lapurdum, 13 | 2009, 289-295.

Referencia electrónica

Mari Jose Olaziregi, «Testuak mugimenduan. Iruzkin laburrak egungo euskal literatur lan zenbaitez»Lapurdum [En línea], 13 | 2009, Publicado el 15 abril 2013, consultado el 28 marzo 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/2158; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.2158

Inicio de página

Derechos de autor

CC-BY-NC-ND-4.0

Únicamente el texto se puede utilizar bajo licencia CC BY-NC-ND 4.0. Salvo indicación contraria, los demás elementos (ilustraciones, archivos adicionales importados) son "Todos los derechos reservados".

Inicio de página
Buscar en OpenEdition Search

Se le redirigirá a OpenEdition Search