Navigation – Plan du site

Bariazio sinkronikoa aztertzeko metodologia(k)

Gotzon Aurrekoetxea
p. 43-59

Résumés

Ezaguna da bariazioa hizkuntzaren ezaugarri intrintsekoa dela ; hizkuntzak, edozein izanik ere, barne-barnean duena. Ekarpen honetan, ikuspuntu sinkronikotik begiratuz, bariazio mota desberdinak (diatopikoa, diastratikoa eta diafasikoa) ikertzeko metodologia desberdinak aztertzen dira : bariazio diatopikorako metodologia hizkuntza atlasek garatu dute. Bariazio diastratikorako metodologia soziolinguistikoa erabiltzen da ; berriagoa izan arren, bere esparru eta teknika multzoa ongi finkatua duena. Bariazio diafasikoa soziolinguistika eta pragmatikaren bidez ikertzen da ; orain artean ez bada asko landu ere, jada urratsak ematen hasia da. Bariazio hauez gain, eta itxuraz faktore estralinguistikorik ez duen oharkabeko bariazio intrapertsonalaz ere badihardu.

Haut de page

Notes de l’auteur

Lan honek Espainiako Gobernuko Ministerio de Ciencia e Innovación-en HUM2007-65094/FILO proiektuko diru-laguntza jaso du.

Texte intégral

1. Sarrera

1Hizkuntzen aldaketaren zergatiaz galdetzeari utzi eta « zerk » aldatzen duen galdetzera pasatu behar da ; zer eta nor den aldaketaren motorra edo eragilea zehaztera (Labov 2001 : 190).

2Urte askotan tipologian aritu izan diren gehienek ez diote hizkuntza aldaketari kasu gehiegirik egin ; ez da euren ikerketan kontuan hartu izan. Hizkuntza bariazioa kaotikotzat hartua izan da eta linguistikoki interes gutxikoa. Aipatua izan denetan ere, bariazioa « libre » tzat jo izan da batzuetan, aukerazko arautzat (« optional rules ») besteetan, maizegi arau erregularrik gabetzat.

  • 1  « Linguistically irrelevant », dio Linell-ek « The written language bias in Linguistics » argitalp (...)

3Tradizionalki bariazioaren eragileak linguistikoki zokoragarri edo antzigabetzat jo izan dira1 eta horien artean aditasunik eza, nekea, oroimenaren muga eta abar aipatu izan dira.

4Baina jada ez da esan beharrik hizkuntza bariazioa faktore desberdin zehatzek (egitura linguistikoa, sikologikoa, soziala, kulturala...) eragiten edo galerazten dutela.

  • 2  L. Flydal izan zen diatopia eta diastratia kontzeptuak eta ikuspuntu sintopiko eta sinstratikoa as (...)

5Flydal (1951 : 240-257) eta Coseriu (1981)z geroztik sinkronian gauzatzen den bariazioa hiru moldetan bereizi ohi da : bariazio diatopikoa, diastratikoa eta diafasikoa.2 Coseriuk Flydalen diatopiko eta diastratiko kontzeptu bi hauei erantsiz diafasia eta diafasiko eta sinfasiko terminoak asmatu zituen.

6Bariazio mota bakoitza ikertzeko diziplina desberdina sortu eta metodologia bereziak landu dira : bariazio diatopikoa lantzeaz geolinguistika arduratzen da eta hizkuntza atlasen metodologia erabiltzen du. Bariazio diastratikoa lantzeaz soziolinguistika arduratzen da eta metodologia soziolinguistikoaz ezagutzen da. Bariazio diafasikorako pragmatika izan behar da kontuan.

7Beraz, sinkronian arituz, bariazioa hiru mailatan eman daiteke :

  • Hizkuntzaren barnean (intrahizkuntzako edo interdialektala) ;

  • Dialektoaren barnean (intradialektala edo intrahizkerakoa) ;

  • Eta pertsona barnean (bariazio intrapertsonala).

  • 3  « Dialects as we know them are objects whose existence comes from perception of reality not from r (...)

8Ez naiz arituko, nahiz oso interesgaria den, biltzen den informazioaren kalitateaz eta biltzearen arazoez. Hain zuzen ere Kretzchmar-ek Methods XIII. bitzarrean zioena baieztatuz : biltzen duguna errealitatea dela uste dugu, baina izatez errealitatearen pertzeptzioa da, ez errealitatea bera.3 Albo batera uzten ditut ere, ikertzaile desberdinek bildutako datuak sortzen duten aldakortasuna, edo transkribaketa inpresionistek sorturikakoa (Labov 2001 : 151). Albo batera utziko dugu, azkenik, hizkuntza aldaketa edo bariazioaren zergatiak aurkitzea, nola hasten den aldatzen oraindik misterioa baita (Labov 2001 : 466).

2. Bariazio geolinguistiko edo diatopikorako metodologia

9Hizkuntza atlasek datu-bilketa zein datuen argitalpenerako metodologia zehatza garatu dute. Bariazio diatopikoa jaso eta adierazteko metodologia honek bere garaian ikaragarrizko aurrerakuntza ekarri zuen hizkuntza bariazioaren alorrean. Hizkuntza atlas guztietan, aldiz, ez da metodologia bera erabili zentzu hertsian : ALFen hasi eta ohikoetan erabili zena asko garatu da ALLOc eta batez ere EHHAn. Azken bi hauetan hiztunen ezagutza pasiboaz egin den hausnarketak garrantzi handia dauka hizkuntza bariazio edo aldaketa aztertzerakoan (Aurrekoetxea 2002 : 60). Ez dugu Labov-en aipamen bat ekarri besterik honetaz ohartzeko (2001 : 246) :

« Even if the United States, where foreign languages are usually abandoned after two generations, speakers of the first native generation will have some active knowledge of the mother tongue of their parents, and almost always a reasonably strong passive knowledge. »

10EHHAn, hiztunen ezagutza pasiboan sakondu asmoz, proposamenen sistema gaineratu da datu-bilketa metodologian. EHHAko kartografian proposatutako hitzen bat hiztunak herrikotzat jo eta onartu duenean maparatu da dagokion kolorezko zirkulu baten bidez. Ez da maiz gertatzen, noizbehinka hitzen galtze prozesuan zertan gauzatzen den atzeman daiteke, 11090 galdera ‘anoche / hier soir /last night’ mapan bezala (ikus 1. mapa). Imaginatu dezagun mapa hau proposamen onartuei dagokien zirkulutxurik gabe eta 2. erantzunei dagokien zeharkako tramarik gabe, hori izango litzateke ohiko hizkuntza atlasetako mapa. Aldiz, EHHAn erabilitako inkesta-metodologiari esker ohiz biltzen ez zen informazio asko jaso da. Kasu honetan jaso diren proposamen guztiak « bart » hitzari edo bere aldaerei dagozkie : 51 kasutan bildu da hitz hau proposamen gisa ; hau da, lekukoak ezagutzen du, baina ez du bere kasa eman eta proposatu zaionean herrikotzat jo du.

11Mapa honek erakusten duena zera da : datu-bilketarako metodologia konkretu batek ea errealitate osoa biltzen duen ala errealitate horren zati bat baino ez. Honek orain artean, dialekologia tradizionalean egin diren monografietan datuak biltzeko erabili den metodologia berrikusi beharra erakusten du. Hausnarketa egin beharko genuke ea metodologia aproposa erabili den eta errealite osoa jaso ordez haren zati bat baino ez den jaso.

12Atlasgintzan erabiltzen den datu-bilketarako metodologia egokia izan arren, maiz izan dugu « galdeketa » egiten dugun sentsazioa. Eta konturatu gabe hel gaitezke lekukoa nazkatzeraino, harentzat bat ere interesik ez duten gure galderekin, inoiz bortxatzeraino ere. Honen adibide bat baino gehiago bildu da dialektologian (Aurrekoetxea & Perea 2009).

13Datuen zuzentasun eta egokitasuna zaindu behar da, bai biltzean nola aztertzean, oker jokatzeko arriskua bizi-bizi dagoelako : horietako bat ikertzaileak hiztunak emandakoa « zuzendu edo « moldatu » nahi izaten duenean gertatzen da ; aldaera estandarraren eraginez eta batez ere semantika kontuetan ematen dira halako « zuzenketak ». Ikertzaileak beti present izan behar du, hizkuntzaz datuak biltzeko beharrezko duen hiztunak baino gehiago jakin arren, hizkuntzaren erabileran hiztun hori « katedratikoa » dela edonongo eta edonolako unibertsitatean, hain zuzen ere « euskaraz baizik ez dakiten horiek ezpaitakite besterik egiten, eta ondorioz ezinezko zaiela beste hizkuntza edo molde baten eraginik izatea » edo bere hizkera baino entzun ez duen horrek, ezin duela inguruko hizkeren eraginik izan. Baina noiz edo noiz gertatzen da ikertzaileak lekukoa « erratu » dela ustea eta haren esanak aldatzen eta interpretatzen aritzea. Halakoetan, izan ere, erratzeko arrisku bizian dagoena ikertzailea izaten da. Horregatik, guztiz ados nago hizkuntza atlasgintzan indarrean dagoen irizpide nagusi batekin : ez da interpretaziorik egin behar ; eta ezinbestekoa bada, ahal denik eta interpretazio txikiena egin.

14Baina, hizkuntza atlasgintza bariazio geolinguistikoa aztertzean erdibidean gelditu da. Ez du bariazio diatopikoa bere osotasunean aztertzen. Datuak biltzeko metodologia garatu badute ere, hizkuntza atlasek ez dute garatu hizkerak bereizteko eta gutxiago sailkatzeko metodologiarik. Hizkako edo hizkuntza ezaugarrikako mapak erakustera mugatu dira, isoglosak erabiliz. Uzkur, oso uzkur jokatu du hortik aurrera, salbuespen gutxi batzuez.

15Baina jada sortua da atlasetan biltzen den bariazio diatopiko hori erabiltzeko tresneria : dialektometria.

16Zer da dialektometria ? Bada, hizkuntza atlasetan biltzen diren datu guztiak hartuz hizkeren arteko desberdintasunen azterketa kuantitatiboa.

17Azterketak kuantitatiboa ala kualitatiboa izan behar duen galdetu da behin baino gehiagotan. Eta honetan ere formazio eta ikusmolde desberdinek eragin handia dute. Baina nire ustean batak ez du bestea kentzen. Azterketa kuantitatiboa kualitatiboari laguntzeko tresna baino ez da eta ; hain zuzen ere arbolak basoa ikusten uzten ez duenean erabili behar den tresna.

18Tresna hau sortu artean, hizkeren arteko desberdintasunak aztertzean, azterketa kualitatibora mugatu dira dialektologoak, nagusiki. Horretarako hizkuntza ezaugarri batzuk erabili izan dira eta ez denak : ezagunenak eta erabilgarrienak, sarriegitan atomizaziora joz. Orain artean nagusiki dialektoen konparatze atomista egin da (euren artean loturarik ez duten datu edo ezaugarri gutxi batzuk erabili dira sarri). Hortik harat jo behar da. Datu-kopuru handiak erabiliz hizkeren sailkapen hierarkikoetaraino helduz.

19Datuez gain, ikertzailearen iritzia ere oso begibistakoa da ezaugarriak aukeratzean edo baztertzean. Ezaugarri batzuek pisu handiagoa omen dute askoren ustez, beste batzuek baino, hizkuntza sisteman joko garrantzitsuagoa jokatuko balute bezala. Azterketa kualitatiboaren aldekoek maiztasunaz hitz egiten dute ezaugarri batzuek beste batzuek baino pisu handiagoa behar dutela defendatzean, edo diakronikoki bilakaera handiagoa (aldaketa gehiago) izan dutela. Baina, hori esaten dutenean ez ote dira irizpide kuantitatiboak erabiltzen ari kualitatiboa defendatzeko ?

20Dialektometriak (DM) eskaintzen dituen baliabideen artean sailkapen hierarkikoak egiteko aukera dugu gaur egun. Tresneria dialektometrikoak eskaintzen dituen baliabideen artean dendrograma dugu mota honetako sailkapenak egiteko erabilgarrienetako bat.

  • 4  EUDIA ikerketa-taldeak hiru liburu argitaratu ditu Bourciez-ek bildutako euskal testuekin (Aurreko (...)

21Eman dezagun Iparraldeko hizkeren sailkapena egin nahi dugula eta badugula datu-kopuru handi bat datu-base batean eratuta. Adibidez, Bourciez bildumako euskal testuena4. Testu horietan agertzen diren hiztegia eta hizkuntza ezaugarriak hartuz 281 erregistro dituen datu-base bat eraiki ondoren euskal testuak agertzen diren 138 herriren sailkapena egin dugu eta dendrograma batean ezarri (ikus 2. irudia).

22Dendrogramak 138 hizkeren sailkapen hierarkikoa erakusten digu, zein diren multzo nagusienak azalaraziz. Dendrograma honetan azaltzen diren eta azter daitezkeen arazo asko dugu, baina horiek gaur albo batera utziz, erakusten dituen multzo nagusienak nola dauden egituratuta argiki ikus daiteke.

23Horiek zein eremu geografiko hartzen duten, edo horien egituraketa geografikoa ikusteko dendrograma hau mapa batera irauli behar da (ikus 3. irudia).

  • 5  Hizkeren sailkapen eta erkaketaren arteko desberdintasun semantikoa beste baterako uzten da.

24Mapa honek duen potentzialitatea ikaragarria da. Jada ez da ezaugarri batzuk hartuz eta banaka eraikitzen den mapa. Mapa hau eraikitzeko 38.778 datu erabili dira. Ez du bat ere zerikusirik orain artean Euskal Herrian eta euskararen kasuan eraiki diren mapekin. Eta sensu stricto hartuz lehen hizkeren sailkapena islatuko luke5.

25Gure kasuan proiektu honetan bildu diren datu guztiak erabili ditugu mapa hau egitean. Ez direla asko esango du datu-baseetan aditua den norbaitek. Eta arrazoia du, erabili litezkeen datuak milaka eta milioka konta daitezkeenean, baina jada azterketa beste plano batean kokatzen da.

26DM-k zinez ikaragarri laguntzen du datu diatopikoen sailkapen egoki bat egiten eta hizkuntzaren egituraketa geolinguistiko edo diatopikoa zertan gauzatzen den argitzen. Esan daiteke geolinguistikak bere muturreraino joateko behar izan duen tresna dela, eremu bateko egituraketa geolinguistikoa zehazten duelako.

27Hala ere, geolinguistikak hizkuntza aldaketa edo bariazioa badela ziurtatzen edo egiaztatzen du eta zein edo nolakoa den. Ez du hizkuntza aldaketa horren eragilea zein den zehazten, ezta hizkuntza aldaketa horren abiadura, ezta hizkera baten barnean egon daitekeen aldaketa ere. Hizkuntza aldaketa sinkronikoaz ohartzeko lehen urratsa da : hizkuntza batean aldaketa badela ohartzea eta nolakoa den aldaketa hori erakustea. Ez aldaketaren izaera eta ezaugarriez sakontzea. Ordura arte hizkuntza aldaketa diakroniaren kontua bakarrik zela uste zen eta ikuspegi aldaketa handia ekarri zuen hizkuntzalaritzara.

28Hizkuntza aldaketa sinkronikoaren zergatiak eta eragileak ikertzeko soziolinguistika fasera eman behar da pausua.

3. Bariazio soziolinguistiko edo diastratikoaren metodologia

29Soziolinguistika terminoa nahasia da, gauza desberdinetarako erabilia izan delako (Hernández Campoy & Almeida 2005 : 23 eta h.). Guk ’Variationist Sociolinguist’ bezala ezagutzen den diziplina izango dugu kontuan, hizkuntzaren aldaketa edo bariazioa ikertzen duena, alegia. Ikusmolde honen arabera, abiapuntua jada ez da hizkuntzaren homogeneitatea, tipologian edo dialektologia tradizionalean ari direnentzat bezala, hizkuntzaren heterogeneitatea baizik.

30« Bariazio-soziolinguistika » deitua izan denaren ekarria bi planotan ematen da :

  • hizkuntza bariazioa herri berean edo komunitate berean ematen dela ;

  • bariazio hori ez dela « librea », faktore sozialek eragina baino.

31Soziolinguistikaren ekarpenaren garrantzia bariazioa aztertzean faktore eragileen definitze eta zehaztean dago. Hauen artean hizkuntzaren barne eta kanpo faktoreak (sozialak) agertzen dira (Labov 1994, 2001). Ordura arteko bariazio « librea » ikusi da oso sistematikoa dela eta korrelazionatuta dagoela faktore linguistiko eta sozial, geografiko edo etnografikoekin. Arlo honetan berebiziko garrantzia dute Labov (1983) eta Trudgill-en lanek (1974, 1978).

32Eredu soziolinguistiko asko dago. Hemen nagusiki indar berezia hartu izan dutenez arituko gara. Aldaketaren hizkuntzaren barne faktore gisa hauek aipatzen dira : katearen aldaketa (chain shifting), fusioak eta eszisioak (mergers and splits), soinu aldaketaren erregulartasuna... (Labov 1994). Faktore sozialen artean adina, generoa, maila kulturala, maila soziala, etnia, erlijioa… (Labov 2001).

33Jada ez da helburua zer aldatu den aztertzea, zer ari den aldatzen baizik. Eta zein diren aldaketa horren eragileak edo liderrak zehaztea.

3.1. Datu-bilketarako metodologia

34Hizkunta aldaketaren faktoreak ikertzeaz gain ikusmolde honetan datu-bilketaren metodologian urrats berriak eman dira. Helburua hizkuntza aldatzen ari den unea atzematea bada, hizkuntzaren zein ezaugarri den aldatzen ari dena aurretik egin behar den behaketak emango digu. Egia esateko, garrantzi handikoa da hizkuntza erkidego batean ikerketa soziolinguistiko bat abian ezarri aurretik hizkera horren sistema linguistikoaren ezagutza handia izatea (Hérnandez Campoy & Almeida 2005 : 115). Behin erabakirik zein osagai ikertu, aldaketaren eragileak zein diren ikertzera bideratzen dira ahaleginak.

35Obserbatzailearen paradoxa (ikertu nola hitz egiten duten hiztunek sistematikoki behatuak ez direnean, behaketa sistematikoz baino ezin denean hori egin : Labov 1983 : 209 ; Hernández Campoy & Almeida 2005 : 11) gainditzeko bideak jarri ditu soziolinguistikak edo gutxienez gutxitu, eta ahal denik eta hizkera naturalenaren laginak lortu. Hona hemen metodo batzuk :

3.1.1. Behaketa kontrolatua

36Ikertzaileak gidoi batez edo galdera bidez gidatzen du inkesta edo elkarrizketa. Zein da inkesta edo elkarrizketaren arteko desberdintasuna ? Inkestan galderak egiten dira, zeintzuk informatzaile guztiei modu berean egiten zaizkien. Elkarrizketan ez.

a) Inkestak eta galdesortak. Galdesortak zuzenak, ikertzailea bertan delarik, edo zeharkakoak, posta edo bestelako bitartekoen bidez eginak, izan daitezke.

b) Elkarrizketak. Elkarrizketetan ikertzailearen presentzia ezinbestekoa da, zeinak galderen bidez, gidoi bat jarraituz, bere helburuak beteko dituen.

b1) Bakarkako elkarrizketa programatua edo aurrez erabakia. Soziolinguistika bariazionistan gehien erabiltzen den sistema da. Ikertzaileak gidoi bat erabiltzen du, elkarrizketa gidatzeko.

b3) Telefono bidezko elkarrizketa. Bertaratzea zail gertatzen denean egin ohi da. Labov-ek erabili zuen Lower East Side-i buruzko ikerketan (1966a) eta beste batzuetan ere.

b4) Testuen irakurketa eta bikote minimoak. Honela jasotako datuek ez omen dute oinarri ona eskaintzen analisi interpretatiboa egiteko (Hernández Campoy & Almeida 2005 : 141).

b5) Behaketa partehartzailea. Behaketa partehartzailea hizkuntza erkidego baten hizkera naturala lortu nahi denean erabiltzen da. Kasu honetan taldeko hiztun batekin kontaktua egin ondoren haren laguntzat aurkezten da eta ‘lagunaren laguna’ delakoaren teknika erabiliz gainerakoen konfiantza lortuz joan behar da, euren portaerak asumituz eta euretariko bat balitz bezala jokatuz. Behaketa mota hau askok erabili dute. Horien artean : Labov (1973 South Central Harlem-eko gazte taldeak ikertzean), Lesley Milroy (1980, Belfasteko ingelesaz), Penelope Eckert (1989, 2000 Detroiten)... Abantaila asko dituen arren, baditu bere desabantailak ere : egoera kontrolagaitza da, ordu asko behar dira, eta abar (Hernández Campoy & Almeida 2005 : 143).

3.1.2. Behaketa ez-kontrolatua

37Labov-ek aurretik zehaztutako bakarkako elkarrizketetan jasotako datuak egiaztatzeko elkarrizketa anonimo eta arinak erabili zituen, eta baita bat-bateko behaketa anonimoak kalean eta ostatuetan ezkutuko grabaketak eginez (Labov 1966a : 431-437).

38Hauetan ez dago planifikaziorik eta ezin da aldez aurretik jakin zer bilduko den. Horregatik, erabili izan denean ere beste molde batean bildutako datuak egiaztatzeko izan da.

3.1.3. Komunikabideen behaketa : ahozko artxiboen erabilera

39Nahiz jasotzen den estiloa formalagoa izan, zuzeneko emanaldietan eta jendeak parte hartzen duenean, gertakarien eraginpean direnean (lurrikara, uholde...) erabilgarria den informazioa biltzen da.

40Horrela jasotako informazioa oso erabilgarri izan daiteke bariazio estilistikoa ikertzeko. Mota honetako ikerketetan berezitu da Allan Bell Zelanda Berrian, beste batzuen artean (Hernández Campoy & Almeida 2005 : 144).

41Jaso nahi den hizkera motara bideratuta egon behar da behaketa. Beti ere datuak ordezkagarriak izan behar dira. Hori dela eta, corpus handiekin lanean hasi beharra ikusi zen eta hortik sortu dira gerora corpusekin lan egiteko joera eta zaletasuna. Datuteria handia behar izan da aldagaien maiztasuna kontuan hartu behar delako.

3.2. Datuen analisia

42Datuen analisian metodo kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiltzen dira. Hernández Campoy & Almeida-k (2005 :193) analisi kuantitatiboari ‘positivista’ ere deitzen diote eta kualitatiboari ‘interpretativa’.

43Bien arteko desberdintasunak honela zehazten dute Hernández & Almeidak (2005 : 193) :

44Teknika kuantitatiboek (1.3.1. parrafoan aztertu dira) :

  • arau orokorren arabera eratutako gertakari objektiboak aztertzen dituzte ;

  • datuak galdesorta estandarizatuekin biltzen dituzte ;

  • errealitate soziala aldagai batzuen arabera segmentatzen dute ;

  • prozedura estatistikoak erabiltzen dituzte ;

  • objektibotasunari ematen diote lehentasuna ;

  • prozedura deduktiboak erabiltzen dituzte, zeinetatik hipotesiak egiaztatuko dituzten.

45Teknika kualitatiboak aldiz :

  • behaketa zuzenez baliatzen dira ;

  • datuak tratatzeko prozedurak ez dira hain zehatzak, kuantifikazioa albo batera utziz ;

  • subjektiboari lehentasuna ematen diote, objektibotasunaren gainetik ;

  • prozedura induktiboa erabiltzen dute, datuetatik abiatu egoera interpretatzeko.

46Evert Gummerson (1991) aipatzen dute Hernández Campoy & Almeidak (2005 : 194) bi paradigmen arteko desberdintasunez diharduelako.

47Soziolinguistikan gehien erabili diren prozedurak kuantitatiboak izan dira, nahiz kualitatiboak ere badiren (Almeida 1999, 2003 : 28-35).

3.2.1. Metodologia kualitatiboa

48Ikertzaile askok erabili dute ; Cheshire (2000) da horietako bat : 11-15 urte arteko gazteen hizkera lantzen du. Estatistika deskriptiboa (maiztasun absolutuak eta erlatiboak) ere erabiltzen du, maiz erabiltzen baita metodologia kualitatiboan.

3.2.2. Metodologia kuantitatiboa

49Hona hemen metodologia honetan kontuan izan behar diren moldeak :

a) Estatistikako oinarrizko kontzeptuak

Lagina eta unibertsoa : batzuetan lagina erabiltzen da, besteetan unibertsoa. Aldagai linguistikoak aldagai dependienteak dira. Aldagai sozialak (adina, klase soziala, generoa) aldagai independienteak dira.

Aldagaien katalogazioa : nominalak, ordinalak, tartekakoak eta arrazoizkoak. Aldagai kualitatiboez (sexua) eta kuantitatiboez (formante bokalikoen altuera...) hitz egiten da, baina hobe da lau kategoriez hiz egitea : nominalak, ordinalak, tartekakoak eta arrazoizkoak (Hernández Campoy & Almeida 2005 : 202an azalpena). Batzuetan aldagai kualitatiboak kuantitatibotzat hartzen dira eta alderantziz.

Estatistika deskriptiboa eta inferentziala. Estatistikako bi adar nagusi dira.

Hipotesiak : hipotesi nuloa eta lan hipotesia.

Estatistika parametrikoa eta ez-parametrikoa. Parametrikoetan erregresio analisia edo t-test analisia dira ezagunenak. ANOVA analisia da ez-parametrikoetan garrantzitsuena.

Joera zentralaren neurriak (« Medidas de tendencia central) : media, moda eta mediana. Media aritmetikoa, moda (gehien errepikatzen den balioa), mediana (balio horretatik gora eta behera dauden balioen kopurua bera da).

Bariabilitate eta desbideraketa neurriak. Bariabilitatea neurtzeko bariantza (S2) kontzeptua elaboratu da. Desbideraketa tipikoa (S) varianza-ren erro karratu bezala definitzen da.

Joera zentralaren eta bariabilitatearen neurriak.

b) Medien diferentziekin harremanetan dauden neurriak. Hauen artean t-testa, bariantza eta kobariantza analisiak ; eredu probabilistikoak (ANOVA) :

lagin independienteetarako t-testa. Bi lagin multzotako mediak konparatzen ditu eta berdintasun edo desberdintasunaren adierazpen gradua konprobatzen du, eta baita medien inguruko datuen distribuzioa. Bi aldagai erkatzen ditu : aldagai independientea (karakterizazio nominalarekin) eta dependientea (kuantifikagarria) ;

harremanetan dauden laginetarako t-testa ;

ANOVA analisia lagin independienteetarako ;

bi faktoreren ANOVA analisia ;

ANOVA analisia harremanetan dauden laginetarako ;

kobariantza analisia (Hernández Campoy & Almeida 2005 : 231).

c) Aldagaien arteko harremana lantzeko honako lanabesak erabiltzen dira :

kontingentzia taulak : Txi-karratua2) ;

korrelazioa : tartekako aldagaien arteko harremana ikertzen du (pertsonen pisua, goiera, adibidez edo hiztun batek ekoizten dituen jatorrizko formen kopurua eta sare sozialaren artean...). Korrelazio indizea Pearsonen r-aren bidez adierazten dira ;

erregresio lineal sinplea ;

erregresio anizkoitza.

d) Estatistika ez-parametrikoa :

laginaren normalitatea : Kolmogorov-Smirnov-en testa ;

harremanetan dauden bi laginen probak : Wilcoxon-en testa ;

harremanetan ez dauden bi laginetarako probak : Mann-Whitney-ren testa ;

Friedman-en ANOVA ;

<#ITALIQUES#></#ITALIQUES#>Kruskal-Wallis-en ANOVA.

e) Erregresio analisia VARBRUL programetan :

VARBRUL 2S programa. Programa hau David Sankoff-ek diseinatu zuen bariazio soziolinguistikoa analizatzeko. Helburu nagusia : aldagai kualitatiboen erregresio analisia egitea, zeinen bidez SPSS programa estatistikotik bereizten den (honek aldagai kuantitatiboen erregresio analisia egiten baitu) (Hernández Campoy & Almeida 2005 : 267-282) ;

GOLDVARB 2001 programa (Hernández & Almeida 2005 : 282-286).

f) Datuen interpretazioa

Prozedura kuantitatiboak tresna gisa ulertu behar dira ; hizkuntza bariazioa modu errazago eta argiago batean ikusteko tresnak dira.

Ondorioz, prozedura kuantitatiboen emaitzak interpretatu behar ditu ikertzaileak, ezin ditu besterik gabe utzi. Interpretatzean aldagai linguistikoak izan behar ditu gogoan eta horiek zelan aldatzen diren, zein norabidetan eta zerk eraginik argitu behar du.

Era horretan, erabilitako tekniken eraginkortasuna ebaluatu behar du, beraien arteko osagarritasuna aztertuz.

Eta ondorioz, emaitzen esanahi edo adierazpen teorikoa baloratu behar da, beste ikerketa batzuekin konparatuz eta oraindik egin beharreko bidea zein den adieraziz.

Orain arteko emaitzak ikusita, gauza batzuk behintzat nahiko argi azaltzen dira :

hizkuntza aldaketa ez duela gehienetan faktore sozial bakar batek eragiten ;

bide beretik, belaunaldi aldaketak (adinak) ez duela eragin definitiboa hizkuntza bariazioan ;

hizkuntza aldaketa maizen eragiten duena ez dela sozio-kulturalki goi-mailakotzat hartzen den jendea ; erdi/behe maila eta emakumezkoak direla aldagai prestigiotsuenak erabiltzen dituztenak gehienetan ;

hizkuntza aldagai tradizionalen aldekoenak jende adindua eta maila sozio-kultural baxuena duten emakumezkoak izaten direla ;

sare sozialen garrantzia gero eta handiagoa dela.

3.2.3. Euskararen kasuak

  • 6  UPV/EHU-k babestutako ikerketa-proiektua da (UPV05/72)
  • 7  Madrilgo MiCINN ministerioak (HUM2007-65094/FILO) diruz lagundutako 3 urteko proiektua da.

50Oraindik gaztea den EUDIA ikerketa-taldeak euskararen bariazio sinkronikoa ikertzea du helburu nagusiena. Euskararen estandarizazioak hartu duen indarra kontuan harturik, garrantzi handikoa da euskararen bariazioa ikertzen dugunontzat, hizkeretan zehar zer gertatzen ari den ikertzea. EAS proiektua6 aldaketa hori zertan gauzatzen ari den ikertzera dator. Bestetik, EDAK ikerketa-proiektua abiarazi du 2007an7.

  • 8  EAS proiekturako ikus Aurrekoetxea & Ormaetxea (2006) ; EDAK proiekturako Aurrekoetxea & Ormaetxea (...)

51Ikerketa hauek biak W. Labov-en hitzetan « Observations in apparent time » gisakoak dira. Hots, hizkeren aldaketa une honetan zertan gauzatzen ari den ikertzea. Proiektu bietan Euskal Herriko 100 hizkera hartu dira ikergai eta hizkera bakoitzean adin faktorea soilik ikertuko da8, baina EAS proiektuan lexikoa, morfologia eta sintaxia ikertzen den bitartean, EDAK proiektuan azentua eta intonazioa ikertzen dira.

52Adina faktore sozialari dagokionez bi adinetako jendea aukeratu da ikerketa hauetarako : a) helduak (45 urte ingurukoak) ; b) gazteak (25 urte ingurukoak). Haiek euren hezkuntza hizkuntza arrotzean burutu dute eta euskara batuarekin duten harremana nagusiki seme-alaben formazioarekin lotuta dago ; hauek euskaraz egin dituzte ikasketak eta euskara batuaren ezagutza jasoa dute.

53Gainerako ezaugarrietan belaunaldi bakoitzari dagozkion ezaugarriak bilduko lituzkete : helduari dagokionez, lantegi batean lan egiten duena, gaztea unibertsitarioa...

  • 9  Dimako datuetarako Aurrekoetxea (2008) ; Otxandiokoetarako Ormaetxea (2008) ; eta Bolibar eta Etxe (...)

54EAS zein EDAK oraindik datu-bilketa fasean dauden arren, herri zenbaitetako emaitza batzuk emateko moduan aurkitzen gara. Halatan, EAS proiektuko Bizkaiko herri batzuetako (Dima, Otxandio, Etxebarria eta Bolibar9) datuak eskainiko dira (ikus 4. irudia).

55EAS proiektuak euskara estandarrak hizkera desberdinetan duen eragina neurtzeko aukera ematen du. Lehen emaitzen arabera belaunaldi gaztearen hizkera informalean euskara batua edo estandarraren eragina %10ean kokatzen da Bizkaiko herrietan : datuak Dimako %13-tik Bolibarko %8,3 bitartean kokatzen dira. Oraindik goiz da erabateko ondorioak ateratzeko, baina Aurrekoetxearen (2006 : 143), aurreko ikerketetan lortutako datuak berrestera datoz.

4. Bariazio estilistikoa edo diafasikoa

56Harreman sozialen araberako bariazioa da bariazio diafasikoa. Bariazio hau izendatzeko erregistro eta estilo hitzak ere erabiltzen dira.

57Bariazio mota hau pragmatikaren esparruan kokatzen da. Izan ere, pragmatika zera da : « (...) una disciplina que toma en consideración los factores extralingüísticos que determinan el uso del lenguaje, precisamente todos aquellos factores a los que no puede hacer referencia un estudio puramente gramatical : nociones como las de emisor, destinatario, intención comunicativa, contexto verbal, situación o conocimiento del mundo van a resultar de capital importancia » (M. Victoria Escandell Vidal 1993 : 16).

  • 10  Gaian sakontzeko, ikus Moreno Fernández (1992) eta Cestero (1992).

58Bariazio diafasikoa ez da gainerakoak bezainbeste ikertua izan orain artean. Oraindik ez da metodologia zehatzik garatu ; horrela mintzatzen da F. Moreno zera dioenean (1990 : 61-69)10 : « En cuanto a la variación diafásica, aún no se ha creado un complejo epistemológico que la investigue en todos sus detalles, sin embargo ha sido objeto de atención -eso sí, algo precaria- por parte de la pragmática o de la misma sociolingüística » (ikus López Morales 1993-1994 ere).

59Baina hasiak dira jada hizkuntza corpus batzuetan bariazio diafasikoa kontuan hartzen. Horietako bat dugu L.I.P. corpusa (Lessico di Frequenza dell’Italiano parlato (T. De Mauro eta beste 1993). Bost kategoria desberdinetan bereizi dute.

60C-ORAL-ROM proiektuak (http://lablita.dit.unifi.it/​coralrom/​) bete-betean ikertzen du mota honetako bariazioa (Cresti-Moneglia 2005, 2007).

61Bariazio diafasikoaren faktore nagusienak hauek dira :

  • Erregistro parametroa, zeinetan erregistro formal eta informala bereiz daitezkeen.

  • Kanal parametroa, zeinetan aurrez aurreko komunikazioa, telefonozko interakzioak, edota telebistakoak aztertzen diren.

  • Elkarrizketaren egitura parametroa, zeinetan hitz txanda egiturak elkarrizketetan edo monologoen egiturak aztertzen diren.

  • Testuinguru sozialaren parametroa : zeinetan familia edo bizitza pribatuari dagozkion interakzioak vs. jende aurre edo artean ematen diren interakzioak aztertzen diren.

  • Erabileraren eremuaren parametroa : zeinetan legeria, elkar truke, ikerketa, irakaskuntza, eliza... aztertzen diren.

62Miguel Casasen (1993) arabera diafasiak ondoko bi arloak hartzen ditu :

1) « estilo de lengua » desberdinak : egunerokoak, jendaurrekoa (edo arranditsua), familiarra eta arrunta edo baldarra ;

2) ahozkoa eta idatziaren arteko desberdinketa.

63EHHAren helburua bariazio geolinguistikoa aztertzea bada ere, galdera batzuetan bariazio diafasikoa ere landu da, sistematizazio osoz ez bada ere. Hala nola gizarte tradizionalean tabu izan diren gaietan (sexu kontuetan adibidez) eta haurren hizkuntza islatu nahi izan denetan. Adibidez, herri batzuetan [embárasaδa], [espéruen], [au̯rδun] formek emakumeraren egoera adierazten duten arren, ez dira nonahi erabiltzen, eta bakoitza egoera desberdinetan erabili behar da, mintzakidearen arabera, lekuaren arabera... Antzera esan behar da beste herri baten jaso diren [éspantʃátan], [okhypy], [isóra] formetarako ere.

64Bariazio mota hau jasotzeko metodologian lekukoa edo hiztuna egoera birtualetan ipini behar da eta esaldi bat itzularazteko eskatu behar zaio. Nola esango lioketen herriko apezari, medikuari, lagunei tabernan, etxean, lagunei. Horrela erregistro formala eta informalaren arteko aldaerak bilduko lirateke.

5. Bariazioaren oharkabetasuna

65Hiztunen artean (bariazio dialektala edota bariazio intradialektala) ematen den bariazio diafasikoaz gain, bada beste bariazio mota bat askoz ere zailagoa dena atzematen, baina datu-bilketarako metodologia egoki batek azalarazten duena : bariazio intrapertsonal oharkabea. EHHAko datuetan bariazio mota hau sarri bildu da, erabili den inkesta-metodologiari esker.

66Honen ezaugarriak ondokoak dira :

a)

mezu bera,

b)

testuinguru bera,

c)

elkarrizketatzailea bera,

d)

hiztunaren intentzioa bera. Maila estilistikoa bera, ustez bederen.

67Zein da aldatzen den faktorea komunikazio egoera horretan ? Beharbada hizkuntzaren barne faktoreen eraginez sortutako bariazio gisa aurkeztu beharko da. Berez, hizkuntzaren aldaketa, ekonomiaren arabera, forma sinple eta errazagoak ekoiztera bideraturik dago. Hau fonologikoki errazagoak diren formetara egokitzea izango litzateke.

68Zein da konturatu gabeko aldaera hauek ezartzeko lekua ? Aldaera sozial-diastratikoetan ala aldaera diafasikoetan ? Ala aldaeren sailkapena handitu behar da ?

69Galdera gehiago ere egin daitezke oraindik guztiz garatu gabeko alor honetan. Baina denen gainetik agian ondoko hau ipini beharko genuke : noraino da oharkabea bariazio intrapertsonala ?

70EHHAko datuetara itzuliz, bildu den informazioaren arabera esan daiteke ia ez dagoela galderarik herriren batean bariazio mota hau jaso ez duenik. Adibide gisa bakar batzuk azalduko ditugu :

  • bokalarteko -g- galtzea. Euskaran gertakari hau ohikoa dela edonork daki. EHHAko datuetan maiz agertzen da arau hau, baina ez beti. Horietako kasu bat « negu » hitzari dagokio (10120 galdera) : « negu » hitzeko -g- hori ez baita inon galtzen. Azalpen sinkronikoaren bilaketan zergatik ez den -g- hori inon ere galtzen galdetu behar da ;

  • berdintsu esan daiteke bokalarteko -r- hotsari buruz ;

  • bokalen tinbre-aldaketa da beste bat ;

  • diptongoaren izaera hurrengoa.

71Hauetako aldaketa batzuk elokuzioarekin lotuta dauela esan daiteke, mantso edo azkar hitz egitean hitzak eta formak desberdin ekoizten baitira. EHHAn bildu diren erantzunetan ezaugarri hau aztertu egiten da.

72Zein metodologia erabili behar den mota honetako bariazioa ikertzeko ? Garbi dago galdera-erantzuna sistema erabiliz emaitza urriak lortuko direla. Hiztunari bera konturatu gabe behin baino gehiagotan hitza erabilarazi behar zaio, behin eta berriz mota honetako aldagarritasuna ikertu nahi bada. Horretako, elkarrizketa gidatuen metodologia egokia izan daiteke, modu « natural » edo « naturalago » batean lortzen direlako gura diren hitzak eta aldaerak.

6. Ondorioak

73Hizkuntzalaritzan ari den jendeak kontuan hartu behar du hizkuntzaren aldagarritasuna sartu behar dutela euren teorietan, hizkuntzaren barne-barneko, bihotzeko, ezaugarri gisa. Bariazioa kontuan hartzen ez duen ikerketa, partziala dela deritzogu.

74Bariazio diatopikoari buruzko metodologia ondo ibilia da bai kanpoan, bai gure artean ere. Hala ere, datuak bildu eta aztertzean beti ez da behar den zehaztasuna erabili.

75Ezin da gauza bera esan bariazio diastratikoari buruz. Biluzik ez bada ere, hasi-masietan aurkizen gara gure artean. EUDIA ikerketa-taldea hizkuntzan ematen den bariazio mota hau ikertzeko helburuz sortu da, Labov-en ildotik sakontzeko asmoz. Eta bai EAS ikerketa-proiektua, eta bai EDAK ikerketa-proiektuaren helburuetan horixe bera dago. Denborak esango noraino heldu garen.

76Bariazio diafasikoa badela badakigu, baina ezer gutxi gehiago. Asko dugu oraindik jakiteko eta ikertzeko hizkuntza bariazioan ari garenok.

77Azkenik, aurreko kasuekin lotura sendorik ez duen bariazio intrapertsonal oharkabea ere badela egiazta daiteke EHHAko datuetan. Baina hori lortzeko metodologia aproposa oraindik ez da garatu.

Haut de page

Bibliographie

Aijón Oliva, Miguel Angel, 2004, « Elementos para un corpus de variación diafásica », in Villayandre Llamazares, Milka, Actas del V Congreso de Lingüística General : León 5-8 de marzo de 2002, vol. 1, 173-185.

Almeida, Manuel, 1999/2003, Sociolingüística, Universidad de La Laguna, La Laguna.

Alvarez González, Albert, 2006, La variación lingüística y el léxico. Conceptos fundamentales y problemas metodológicos. Sonora : Universidad de Sonora.

Aurrekoetxea, Gotzon, 2002, « Algunas consideraciones sobre la contrapregunta en las encuestas lingüísticas », in L. Rabassa (arg.), Mélanges offerts à Jean-Louis Fossat, Chaiers d’Etudes Romanes, CerCLiD 11/12, 57-65.

Aurrekoetxea, Gotzon, 2008, « Bariazio soziolinguistikoa Dimako euskaran », Euskalingua 12, 17-26.

Aurrekoetxea, Gotzon & Jose Luis Ormaetxea, 2006, « Euskararen Atlas Sozio-Geolinguistikoa » ikerketa-proiektua », Euskalingua 9, 157-163 [badu ingeles bertsioa ere].

Aurrekoetxea, Gotzon & Jose Luis Ormaetxea, 2008 « Euskara dialektalaren ahozko corpusa (EDAK) » (argitaratzeko in Euskaltzandiaren XVI. Biltzarreko aktetan).

Aurrekoetxea, Gotzon & Maria Pilar Perea, 2009, « The Dialectal Survey : a Critical Revision of Some Methodological Aspects », Dialectologia et Geolinguistica 17 : 3-11.

Aurrekoetxea, Gotzon & Charles Videgain, 2004, Haur prodigoaren parabola Ipar Euskal Herriko 150 bertsiotan, ASJU-ren gehigarriak XLIX, Bilbo : UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua, Leioa.

Aurrekoetxea, Gotzon, Charles Videgain & Aitor Iglesias, 2004, « Bourciez » bildumako euskal atlasa (BBEA)-1 : Lexikoa, ASJU-ren gehigarriak, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua, Leioa.

Aurrekoetxea, Gotzon, Charles Videgain & Aitor Iglesias, 2005, « Bourciez » bildumako euskal atlasa (BBEA)-2 : Gramatika, ASJU-ren gehigarriak, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua, Leioa.

Bailey, Charles-James, 1973, « The patterning of linguistic variation », in E. Bailey & J. Robinson (arg.), Varieties of Present-Day English, MacMillan, New York, 156-187.

Bailey, Charles-James / Roger Shuy (arg.), 1973, New Ways of Analysing Variation in English, Georgetown University Press, Washington.

Bertuccelli, M.,1996, Qué es la pragmática, Paidós, Barcelona-Buenos Aires-México.

Casas, Miguel, 1993, « Consideraciones sobre la variación diafásica », Pragmalingüística 1, 99-123.

Cestero Mancera, Ana María, 1992, « Intraspeaker linguistic variation : Style, register. A provisional bibliograph », in Moreno Fernández, (arg.), 1992, Sociolinguistics and stylistic variation, « LynX, a Monographic Series in Linguistics and World Perception, vol. 3 », Valencia : University of Minnesota-Universidad de Valencia, 125-130.

Coseriu, Eugenio, 1981, « Los conceptos de dialecto, nivel y estilo de lengua y el sentido propio de la dialectología », Lingüística Española Actual III, 1-32.

Cresti, Emanuela & Massimo Moneglia, 2005 (arg.), C-ORAL-ROM. Integrated Reference Corpora for Spoken Romance Languages, John Benjamins.

Cresti, Emanuela & Massimo Moneglia, 2007, « C-ORAL-ROM. Comparing romance languages in spontaneous speech corpora », to appear in Mello, E., Silva, Ch., Proceedings of the V Congresso International da ABRALIN, Belo Horizonte [kontsultagarri http://lablita.dit.unifi.it/preprint/preprint.2008-04-29.5893779941].

De Mauro, T. eta beste, 1993, Lessico di frequenza dell’Italiano parlato, in Moretti B., Petrini D., Bianconi S. (a cura di), Linee di tendenza dell’italiano contemporaneo, Atti del XXV Congresso Internazionale di Studi della Società di Linguistica Italiana (SLI), Bulzoni, Roma, pp. 83-118.

Eckert, Penelope & John Rickford (arg.), 2001, Style and Sociolinguistic Variation, Cambridge University Press, Cambridge.

Escandell, Maria Victoria, 1993, Introducción a la pragmática, Ed. Anthropos, Barcelona

Ezenarro, Amaia, 2008, « Etxebarria eta Bolibarko bariazio linguistikoa », Uztaro 67, 59-84.

Fernández Smith, G. & L. Escoriza, 2004, « Variación léxica y texto : análisis cualitativo del grado de formalidad en contexto con AQUAD », Pragmalingüística 12, 93-90.

Flydal, Leiv, 1951, « Remarques sur certains rapports entre le style et l’état de langue », Norsk Tidsskrift for Sprogvidenskap XVI, 240-257.

Gimeno, Francisco, 1991, Dialectología y sociolingüística españolas, UA, Alacant.

Gummerson, Evert, 1991, Qualitative methods in management research, Newbury Park : Sage.

Hernández Campoy, Juan Manuel & Manuel Almeida, 2005, Metodología de la investigación sociolingüística, Ed. Comares, Málaga.

Huber, G.L. & Hernández Smith, G. & Lorenzo Quiles, O.& L. Herrera Torres, 202, Análisis de datos cualitativos con AQUAD Cinco para Windows, Granada, Grupo Editorial Universitario [Programa : www.aquad.de].

Labov, William, 1983, Modelos sociolingüísticos, Madril, Ed. Cátedra.

Labov, William, 1994, Principles of Linguistic Change. Internal Factors, Oxford, Blackwell.

Labov, William, 2001, Principles of Linguistic Change. Social Factors, Oxford, Blackwell.

Larrosa Barbero, Mirian, 2004, « Metodología sociolingüística », Anuario de lingüística hispánica 19-20 (2003-2004), 141-178.

Linell, Per, 2005, The Written Language Bias in Linguistics : Its Nature, Origins and Transformations, Dordrecht : Routledge.

López Morales, H., 1993-1994, « Precisiones sobre el concepto de competencia sociolingüística », Boletín de Filología [de la Universidad de Chile] 34, 257-270.

Milroy, Lesley & Matthew Gordon, 2003, Sociolinguistics : Method and Interpretation, Oxford, Blackwell.

Milroy, Lesley y Jamen, 1985, « Linguistic change, social network and speaker innovation », Journal of Linguistics 21, 339-384.

Moreno Fernández, Francisco, 1990, Metodología sociolingüística, Madril, Gredos.

Moreno Fernández, Francisco (arg.), 1992, Sociolinguistics and Stylistic Variation, Lynx 3, Minneapolis eta Valentzia.

Moreno Fernández, Francisco, 1996, « Metodología geolingüística y metodología sociolingüística. El sexo en los atlas », in E. Radtke y H. Thun (arg.), Neue Wege der romanischen Geolinguistik, Acten des Symposiums zur empirischen Dialektologie, Kiel, Westensee-Verlag, 1996, 92-112.

Moreno Fernández, Francisco y Pilar García Mouton, 1993, « Sociolingüística en el ALECMAN », in R. Penny (arg.), Actas del I Congreso Anglo-hispano, Madril, Castalia, 139-149. [eta http://www.uah.es/otrosweb/alecman/contenido/Socioling.htm].

Ormaetxea, Jose Luis, 2008, « Otxandioko hizkera : adinaren araberako bariazioa », FLV 108, 249-262.

Payrató, Lluis 1997, « Variación lingüística y modalidades de la lengua oral », in A. Briz, J. R. Gómez Molina, J. J. Martínez Alcalde y grupo Val.Es.Co (arg.), Pragmática y gramática del español hablado. El español coloquial, Zaragoza, Pórtico, 177-192.

Trudgill, Peter, 1974, The Social Differentiation of English in Norwich, Cambridge, Cambridge University Press.

Trudgill, Peter, 1978, Sociolinguistic Patterns in British English, Londre, Edward Arnold.

Turell, M., 1995, La sociolingüística de la variació, Barcelona, PPU.

Villena, Juan Andrés, 1994, La ciudad lingüística. Fundamentos críticos de la sociolingüística urbana, Granada, Universidad de Granada.

Haut de page

Notes

1  « Linguistically irrelevant », dio Linell-ek « The written language bias in Linguistics » argitalpenean : http://langs.eserver.org/linell/chapter11.html.

2  L. Flydal izan zen diatopia eta diastratia kontzeptuak eta ikuspuntu sintopiko eta sinstratikoa asmatu zituenak.

3  « Dialects as we know them are objects whose existence comes from perception of reality not from reality itself »... « any dialect... exists as an observational artefact from perception » (biltzarreko abstract-liburukian).

4  EUDIA ikerketa-taldeak hiru liburu argitaratu ditu Bourciez-ek bildutako euskal testuekin (Aurrekoetxea & Videgain 2004, Aurrekoetxea, Iglesias & Videgain 2004, Aurrekoetxea, Iglesias & Videgain 2005).

5  Hizkeren sailkapen eta erkaketaren arteko desberdintasun semantikoa beste baterako uzten da.

6  UPV/EHU-k babestutako ikerketa-proiektua da (UPV05/72)

7  Madrilgo MiCINN ministerioak (HUM2007-65094/FILO) diruz lagundutako 3 urteko proiektua da.

8  EAS proiekturako ikus Aurrekoetxea & Ormaetxea (2006) ; EDAK proiekturako Aurrekoetxea & Ormaetxea (argitaratzeko).

9  Dimako datuetarako Aurrekoetxea (2008) ; Otxandiokoetarako Ormaetxea (2008) ; eta Bolibar eta Etxebarrikoetarako Ezenarro (2008).

10  Gaian sakontzeko, ikus Moreno Fernández (1992) eta Cestero (1992).

Haut de page

Table des illustrations

Titre 1. Mapa
URL http://lapurdum.revues.org/docannexe/image/1969/img-1.jpg
Fichier image/jpeg, 196k
Titre 2. Irudia
URL http://lapurdum.revues.org/docannexe/image/1969/img-2.jpg
Fichier image/jpeg, 80k
Titre 3. Irudia
URL http://lapurdum.revues.org/docannexe/image/1969/img-3.jpg
Fichier image/jpeg, 212k
Titre 4. Irudia
URL http://lapurdum.revues.org/docannexe/image/1969/img-4.jpg
Fichier image/jpeg, 126k
Haut de page

Pour citer cet article

Référence papier

Gotzon Aurrekoetxea, « Bariazio sinkronikoa aztertzeko metodologia(k) », Lapurdum, 13 | 2009, 43-59.

Référence électronique

Gotzon Aurrekoetxea, « Bariazio sinkronikoa aztertzeko metodologia(k) », Lapurdum [En ligne], 13 | 2009, mis en ligne le 15 avril 2013, consulté le 25 juillet 2017. URL : http://lapurdum.revues.org/1969 ; DOI : 10.4000/lapurdum.1969

Haut de page

Droits d’auteur

Aurrekoetxea G. | IKER

Haut de page
  • Logo Iker
  • Revues.org