Navegación – Mapa del sitio

InicioNuméros13Zer egin ‘Nouveau Roman’-aren hil...

Zer egin ‘Nouveau Roman’-aren hilotzarekin ? Saizarbitoria eta birziklaia literarioa Hamaika pauso-n

Ur Apalategi
p. 31-42

Resúmenes

Ramon Saizarbitoria euskal eleberriaren modernizatzaile garrantzitsuena izan zen 1969tik 1976ra bitartean. Bere fikziozko prosaren berrikuntza Nouveau Roman-aren problematika literarioa bereganatuz eta euskal munduari aplikatuz burutu zuen. Hemeretzi urteko isilaldi luzearen ondotik, 1995ean Hamaika pauso eleberria argitaratu zuen. Nouveau Roman-a aspalditik modaz pasatua zegoen ordurako. Baina Saizabitoriaren unibertso literarioa hain hertsiki lotua egonki korronte horri, zaila zirudien Nouveau Roman-aren ondarea besterik gabe ezabatzea bere errepertorio literariotik. Ondare literario pertsonal horrekiko kontua "likidatu" beharra zeukan idazleak, nahitaez. Iragan literario horren "likidazio" prozesua aztertzen saiatuko gara mintzaldi honetan erakutsiz zein aterabide aurkitzen duen autoreak errepikapena eta ukapena aldi berean saihetsiz.

Inicio de página

Texto completo

1. Saizarbitoria nouveau romancier-a

  • 1 Egunkaria, 1995-12-9, Durangoko azokari buruzko gehigarriaren 6. orrialdean.

1Ramon Saizarbitoria Zabaleta 1944ean sortu zen Donostian eta gaur ere sortirian bizi da, Donostia delarik bere obra literario gehienen ekintzaren kokagune. Bere obran, alde batetik 1969tik 1976ra bitarteko aldia legoke, zeinetan idatzi baitzituen euskal literatura modernitatearen ildoan jarriko zuten bere hiru lehen eleberriak : Egunero hasten delako (1969), Ehun metro (1974) eta Ene Jesus (1976). Beste batetik, aztergai dugun Hamaika pauso (1995) eleberriaren argitalpenarekin hasten den eta oraindik bukatu ez den aldia legoke. Bi aldien arteko etendura 19 urtekoa da eta idazle izaeraren onarpenak sinbolizatzen du hobekien eta sakonkien bien arteko jauzi kualitatiboa. 1995ean, Durangoko liburu eta disko azokaren karietara Hamaika pauso aurkezten duenean, hots, 19 urteko isilaldi luzearen ostean, zera adierazten du idazleak Egunkariak egin elkarrizketan : « Hemendik aurrera ez diot neure buruari ukatuko idazlea naizela »1. Jakinik aitzinetik ere Saizarbitoriaren idazle estatusa ongi finkatua zegoela euskal literaturaren historietan, apur bat misteriotsua suertatzen da idazlearen ordurarteko konplexua eta bat-bateko asuntzio hori.

2Euskal literaturaren historiagile guztiak bat datoz onartzeko Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako-rekin aro berri bati hasiera ematen zaiola euskal letretan. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) jotzen bada ere lehen eleberri modernotzat, aski onartua dago benetako haustura eta jauzi kualitatiboa Saizarbitoriak eman zuela. Izan ere gaiaren eguneratze soilari edota teknika narratibo berri batzuen introdukzioari Saizarbitoriak literaturaren gaineko ikuspegi aldaketa kopernizianoa gehitu zion literaturtasunari buruzko gogoeta bere obraren ardatz bihurtuz eta lotura extraliterarioetatik (baita euskararekikoetatik) erabat aske utziz bere prosa.

  • 2  « Réponses de Claude Simon à quelques questions écrites de Ludovic Janvier », Entretiens, 31, 1972 (...)

3Nouveau Roman korronteari loturik ageri zaigu hasiera-hasieratik Saizarbitoriaren izena euskal letren panoraman. Abenturaren kontaketa sinpleari uko egin eta kontaketaren abentura aintzat hartzea erabaki zuen idazle talde paristar batek Nouveau Roman deritzona sortu zuen berrogeita hamarreko hamarkadan. Sartre batek zioenaren aurka artearen autonomia aldarrikatzen dute eta pinturan abstrakzioaren pareko zerbait sortu nahi dute literaturan. Susmoz begiratzen diete eleberri tradizionalari –L’ère du soupçon da Nathalie Sarraute idazlearen saiakera-manifestu famatuaren izenburua–, zeren, Claude Simon-ek dioenez : « assez vite, j’ai été frappé par l’opposition, l’incompatibilité même qu’il y a entre la discontinuité du monde perçu et la continuité de l’écriture »2. Horregatik, kontaketaren arbuiatzeari ekingo diote kontaketatik bertatik, ilusio erreferentziala hausteko asmoz. Horretarako, mise en abyme-a, simetria joku gehiegizkoak, estrukturaren exibizioa eta naturalismoa hautsiz narrazioaren artifizioa agerian utz dezakeen orori helduko diote.

4Egunero hasten delako eleberriak urte berean argitaraturiko Txillardegiren Elsa Sheelen-ek bezala protagonista nahiz kokapen atzerritarrak dauzka. Aipatzen dituen gaiak, aldiz modernoxeagoak dira. Txillardegik apaizen sekularizazioa aipatzen bazuen, Saizarbitoriak abortoaren gaia ezartzen du lehen planoan, baita, orokorkiago, feminismoarena. Baina bien arteko egiazko aldea ez datza horretan. Saizarbitoriak kontagintzari loturiko benetako berrikuntzak proposatzen dizkigu, etengabeko eleberriari buruzko gogoetara bultzatuz irakurlea. Hala, hari narratibo nagusiaren bitartez abortatu gogo duen Gisèle Sergier izeneko ikasle gazte baten istorioa kontatzen zaigun bitartean –modu behaviouristan kontatu ere, hau da objektiboki eta fokalizazio adaketak baliatuz–, bigarren hari batek eleberri tradizionaletik haratago garamatza. Tren geltoki batean edota telefono zentralita batean telefonoz hizketan ari den berritsu baten elkarrizketak –solaskidearen hitzen elipsi erabatekoa baliatuz gainera, Camus-ren La Chute monologoan bezala– okupatzen dute osorik bigarren plano hau. Eta harrigarriena da elkarrizketa hauek ez dutela zerikusi zuzenik lehen planoko istorioarekin. Ez dago eleberri hau ulertzerik, dudarik gabe, Nouveau Roman korronte literarioaren gakoak menderatu gabe, ondoko azpi kapituluan azalduko dudanez. Esan daiteke eleberri honek, bere erradikaltasun formalarengatik zein berezko kalitatearengatik, benetako haustura modernoa burutzen duela euskal letren tradizioan. Gure literaturako lehen obra erreflexiboa da, hots, bere buruaz, bere izaera literarioaz, eleberriaren diskurtsoaz gogoeta egiten duen lehen obra literario euskalduna.

  • 3  Ezagutu zituen argitalpen ugariez gain obra hau gaztelerara, frantsesera, ingelesera eta italierar (...)

51974ean, alta, Saizarbitoriak Ehun metro eleberria argitaratzen duenean berehalako arrakasta publikoa eskuratzen du3, nahiz eta obra hau bere opera prima bezain esperimentala izan (bigarren pertsonaren erabilera narrazioan, ikuspundu aniztasuna, eleaniztasuna, etabar). Eta arrakasta hau, Sarrionandiaren poesiarekin gertatuko den bezala larogeieko hamarkadaren hasieran, gaizkiulertu bati zor dio autoreak, askotan aitortu eta deitoratu duenez. Zertan datzan gaizkiulertua ? Bada, ez da zaila azaltzea. Nobela honetako protagonista ETAkide bat da, zeinaren azken ehun metroak –Donostiako konstituzio enparantzaren diagonala– deskribatzen baitzaizkigu. Mugimendu armatu honek garai hartan zuen popularitatea ikusirik euskal munduan, eta bukatzear zegoen frankismoarekiko gorrotoa aintzat hartuz erraz ulertuko da irakurlego euskaldunaren irakurketaren nolakotasuna. Euskal irakurlegoak Saizarbitoriaren obra modu politiko batean irakurriko du, Guardia zibilaren bortizkeriaren salaketa bat bezala eta euskal militantearen gorazarre gisa. Egun, kontestua desberdina delarik oso, hobeto ohartzen gara, liburuak mezurik badu, honako hau dela : munduaren pertzepzioa erlatiboa dela eta ETAkidearen ideologiaren ondoan hiritar arrunt askok indiferentziaz begiratzen dutela Guardia zibila nola ari den tirokatzen militantea bere ihesaldiaren azken metroetan. Ez dago ikuspegi absoluturik. Mundua ikuspegi desberdinez osturik dago, askotan kontraesankorrak diren ikuspegiz, eta egia guztiak dira erlatiboak. Eleberriaren objektibotasunak eta dialogikotasunak agerian ezartzen du ikuspegi bateratzailerik eza. Eleberriak azaltzen duen errealitatea –ez baitu egiarik edo mezurik ematen– bortitza da, asaldagarria ere, baina bakarrik gure ideologiaren arabera.

61976ean Ene Jesus kaleratuko du Saizarbitoriak, eta gaizkiulertua argitu nahi izan balu bezala lehen baino are esperimentalagoa agertuko da bere idazkeran. Obra hau, izan ere, inoiz euskaraz idatzi diren « zailenetakoa » dela esan baikenezake, bederen ikuspegi tradizional batetik. Ez dago egiazko ekintzarik, diskurtso nobeleskoaren ezinezkotasunaren kontzientzia eta isiltasunaren poetika daude eleberriaren oinarrian eta ez da beraz harritzekoa testua diskurtso fragmentario eta hutsunez betea bihurtzea. Laburpena egitea ez da erraza baina honelakoa litzateke kontatzen zaigun istorioa : gizon bat eroetxean dago, ohe batean etzanda antza, eta istorioak kontatzen ditu, denbora pasatzeko. Samuel Becketten mundu absurdoa, zeinetan hitzak munduaren absurdua betetzeko baliatzen diren, gogora dakarkigu nobelak. Bitxiki, esperimentala izan arren, humanitatez beteriko eleberria dela esatera ausartuko nintzateke –hori bai, humanitate desesperatu batez betea– eta bere bigarren idazlealdiko hainbat tematika, esaterako Hamaika pauso-ko protagonistaren hainbat obsesio eta nortasunaren ezaugarri– bertan agertzen dira lehen aldiz, garapen handiago baten zain baileuden.

7Laburbiltzeko, esan daiteke Saizarbitoriaren lehen aldian 50, 60 eta 70eko hamarkadetako modernotasunaren ikur eta prozedura literario gehienak –ez bakarrik Nouveau roman-a– erabiltzen dituela (behaviourismoa, perspektibismoa, Nouveau Roman-aren erreflexibotasuna, absurdotasun beckettiarra) euskal eleberrigintza bere anakronizitate kronikotik ateratzeko asmoz.

2. Saizarbitoria postmodernoa

  • 4 Euskaldunon Egunkaria, op.cit., p.6

8Hemeretzi urte beranduago, Hamaika pauso-rekin, aldiz, Saizarbitoriak abian den tren baten martxa hartzen du, euskal literatur sistema kozkortu batena eta eleberrigintzan indarrean dagoen errealismo berriarena. Euskal literaturan errealismoa da berriz gailendu, urte anitzez –hain zuzen Saizarbitoria isilik egon den urteetan– nagusi izan den fantasiaren mundua edota neorruralismoarena bigarren plano batean utziz. Mugimendu honi hasiera Atxagaren Gizona bere bakardadean lanak eman zion, 1993an. Eta Saizarbitoriak berak bere liburua aurkeztean zera dio, « hemengo gauza inmediatoez hitz egiteko ausardia izango litzateke berria, lehena ez naizen arren hemen ez baita asko kultibatzen hori »4. Bada, egia esan, antzekotasunik Atxagaren eta Saizarbitoriaren bi obra gotor hauen artean. Bietan ETAkidea da protagonistetako bat. Biek Bartzelona eta Euskal Herria dituzte kokagune bikoitz. Eta biak ala biak mintzo zaizkigu Trantsizioa deritzon garai historikoaz. Halere, azalekoak dira antzekotasunak eta oso sakonak desberdintasunak. Hamaika pauso itzuleraren liburua izan zen Saizarbitoriarentzat, baita bere behialako estatusa konfirmatzeko modu bat euskal sistema literarioa egituratuagoa zegoen aro berri honetan. Horregatik heltzen dio halako seriostasun batekin modan dagoen genero zein gaiari. Bere postua berreskuratu nahi badu puntako idazleekin lehiatu behar baita eta terreno berean gainera.

9Agian harrigarriena zera da, Saizarbitoriak ez dituela itzuleraren eleberri honetan erabat baztertu Nouveau Roman-aren eginmoldeak. Hamaika pauso-rekin garai berrietara egokitu arren –oroitu 80eko hamarkadatik aitzina, posmodernitatea nagusitzen zaiola modernitateari eta narrazio tradizionalera itzultzen dela literatura (hori bai, distantzia ironiko edo « bigarren gradu » batekin)–, bere hastapenetako poetikari modu bitxi batean leiala izaten jarraitu duela baina zurruntasunaren edo anakronismoaren arriskua maisuki saihestuz. Hamaika pauso-ren kasua berezia da, izan ere, autorearen bibliografian zeren hain zuzen Nouveau Roman-a modan zegoen garaiean girotua baitago ekintza eta horrek justifika baitezake –barne justifikazioa litzateke beraz– hein batean teknika hauen erabilpena. Baina ondoko eleberriak begiratuz gero ohartzen gara Saizarbitoriak naturaltasun handiz jarraitzen duela teknika hauetako batzuk erabiltzen (nahiz eta gaurko giroan kokaturik egon ekintza), honek ez duelarik ezertan oztopatzen bere unibertso literario pertsonalaren garapena eta ez duelarik ezertan anakroniko bihurtzen bere produkzioa.

3. Hamaika obsesio saizarbitoriar

10Eleberri hau irakurtzean kontuan hartu behar dugun elementu bat, behar bada orotan garrantzitsuena, zera da, protagonista nagusia idazle bat dela. Honek, nahitaez, liburuaren interpretazioa baldintzatu egiten du. Ohartzen gara, irakurketan aurrera egin ahala Euskal Herriaren historia modernoaren zati bat modu subjektiboan aztertzeaz gain eleberri honek baduela bigarren planoan beste gai bat : idazkera erromaneskoarena. Ez du zentzurik ageriko gaia ala bigarren planokoa ote den garrantzitsuena eztabaidatzeak, zeren argi dago ez dituela Saizarbitoriak arrazoi sakonik gabe uztartu biak nobela bakar batean. Idazkera erromaneskoari buruzko gogoeta da, dudarik gabe, Hamaika pauso, baina historian kokaturiko idazkera mota bati buruzkoa eta historiatik egindako begiratua eskaintzen zaio bere garapenari. Hots, 1973tik 1984era bitarteko epea besarkatzen duen eleberri honek garai horretan garatzen den idazkera literario mota du gogoetagai –laburbiltzeko, Nouveau Roman eta estrukturalismoaren ondaretik edaten duen tradizioa, narrazioa krisian jartzen duen hori– baina 1995eko ikuspegitik egiten da gogoeta, desfase honek dakarren distantzia kritikoarekin. Eta, noski, ezin dugu ahantzi, literatura mota horren bozeramaile eta protagonista nagusia, Euskal Herrian bederen, Saizarbitoria bera izan genuela. Horregatik, pentsa daiteke 70eko hamarkadako idazlearen irudi kondentsatua den Iñaki Abaituak pertsonaiak baduela zerikusirik lehen aldiko Saizarbitoriarekin eta, hortaz, eleberri hau badela ere bigarren aldiko Saizarbitoria berriak bere idazle iraganari buruz egiten duen gogoeta eta gainditze ahalegina.

11Badakigu, bestalde, literaturarena bezalako esparru kualitatiboan gainditze hitza problematikoa suerta daitekeela, baina uste dugu merezi duela perspektiba horri bere aukera ematea eta ikustea zertan saiatu den Saizarbitoria bere corpus zaharraren ondare-presondegitik ateratzen eta zertan jarraitu duen bere hastapenetako poetikari leiala izaten Hamaika pauso-rekin summa bat idatziz, bere hamaika obsesioren birziklaia. Horretarako, eleberriaren poetika inplizitoa osatzen duten zenbait « poetikema » isolatu eta zerrendatuko ditugu, ikusiz nola jasotzen edo traizionatzen duten Saizarbitoriaren 70eko hamarkadako obren poetika aurretik ongi aztertua. Zeren, eta hau da azterketa honek duen interesetarik bat, Saizarbitoriak berrizo idazteari ekiten dion 90eko hamarkadan narrazioaren krisia aspalditxotik bukatutzat eman baitaiteke eta joera posmodernoari jarraiki eleberrigintza berriro ere kode narratibo klasikoagoetara itzulia baita.

a)-Idazketaren teoriaren idazketaren teoriaren…

12Nouveau Roman-aren ezaugarri nabarmenenetako bat literaturari buruzko teoria literaturan bertan txertatzeko joera izan zen eta Saizarbitoria jokamolde horri lotu zaio bere obra guztian zehar, Hamaika pauso-n barne. Narraziogintza klasikoaren kritikatik abiatzen da Nouveau Roman deritzon korrontea eta adierazgarria da bere manifestuetarik bat L’Ère du soupçon (Nathalie Sarraute, 1956) deitu izana. Narrazio molde tradizionalak, bereziki XIX. mendeko eleberrigintza europarrean garatzen direnak, susmagarritzat jotzen dituzte idazle berriok, kontsideratuz ilusio errealista edo psikologikoa proposatzen dutela egiaren mozorropean eta bereziki forma literario horien errepikapena bihurtzen dela gezur erromaneskoaren iturri, ez baitago egungo egoerari egokitzeko ahaleginik. Ilusio horri aurre egiteko zenbait bide ere proposatuko dituzte, hala nola psikologia estrata sakonago edota ikustezinago batzuen azterketa (Sarraute) edota diskurtso nobeleskoaren exibizio salatzaile bat. Bigarren ildo hori da apika gehien landuko dena eta mugimendu horretako autore gehienek narrazioak sor dezakeen ilusio mimetikoa etengabe salatuko dute beraien narrazio propioaren gakoak eta egiturak agerian utziz nahiz hauen teoria eginez.

  • 5  Zehaztu dezagun, anbiguitateak uxatzearren, modernotzat joko ditudala aurrerantzean Nouveau Roman- (...)

13Borondate desmistifikatzaile eta kritiko horren aztarnarik badago Saizarbitoriaren obra goiztiarrean eta ikusi besterik ez dago lehen hiru eleberrietan egiten dituen joku narratologiko konplexuak ohartzeko ez gaudela prosa klasiko baten aurrean, baizik eta eleberrigintza ohikoaren hutsuneak salatu nahi dituen ekoizpen literario baten aurrean. Pentsa zitekeenaren aurka, Hamaika pauso-n ez dugu atzerapausurik arlo horretan. Gaurko korrontearen aurka joanez, Saizarbitoriak bereari eusten dio eta eleberriaren teoria sendo bat den eleberria proposatzen digu. Nola saihesten duen orduan anakronismoa ? Oso sinpleki, bere pertsonaia 70eko hamarkadako idazle bihurtuz, hots markotik edukira igaroaraziz gogoeta teorikoa. Horrela, Ehun metro batean, ala Ene Jesus batean marko narratiboaren mailan gertatzen baldin bazen idazketaren galdezkatzea eta ez pertsonaien mailan, hemen nobelaren gai bihurturik ageri zaigu bere pertsonaia nagusiaren bitartez. Beste modu batera esateko, Hamaika pauso-n narratzaile posmoderno bat –extradiegetikoa– idazle moderno bati buruz –intradiegetikoa– ari zaigu, zeina liburu moderno bat idazten ikusten dugun5.

b)-Denbora psikologikoa vs. denbora kronologikoa

14Saizarbitoriaren eleberria historian oso kokatua dagoen eleberria izan arren lineartasunari uko egiten dion liburua da, liburu bat zeinetan gertakariak nahas-mahasean eta maiz errepikaturik ematen baitzaizkigu, ordena subjektibo baten arabera. Ordenatze ez logiko horren berme teorikoa « memoria plater hautsi bat da » Claude Simon-en esaldia litzateke. Eta bide batez ohartzen gara, beste behin ere eleberriak bere antolaketaren giltzak ematen dizkigula, liburuaren teoria liburuan bertan txertatuz. Berriro diogu, Saizarbitoriaren Hamaika pauso ez da gertaera historikoekiko errealista edo leiala, baizik eta gertaera hauen oroitzapenarekiko. Horregatik, rekonstituzioa ez da historiarena oroimenarena baino. Aldekoak Marleau-Ponty-ren aipu bat osorik dakar, nahiko ondo zilegiztatzen duena denboraren bertsio subjektiboaren hautaketa :

  • 6  Maurice Merleau-Ponty, Phénoménologie de la perception, Paris, Gallimard, 1945, 489. or.

« [Le temps subjectif est celui] qui naît de mon rapport avec les choses, qui n’a de sens pour nous que parce que nous le ‘sommes‘, qui est à la lettre le sens de notre vie, et, comme le monde, n’est accessible qu’à celui qui y est situé et qui en épouse la direction »6.

15Ulertzen dugu denboraren beste kontzepzio bat, objektiboa, gezurtia litzatekeela. Eta ez dugu esan nahi honekin denbora subjektiboa eta bere berreraikuntza egian oinarritzen direnik, baizik eta errealitatearen kontzepzio elastikoago bat daukala oinarrian.

16Eta plater hautsiarena ez da autoreak darabilen irudi bakarra memoriaren berreraikitze jokoa metaforizatzeko. Güell Parkeko mosaikoa ere eleberriaren eraikuntza kronologiko ezohikoaren azalpen egokia dateke zeren antolaketa ezohiko honen eraginetarik bat denboraren espazializazioa baita. Ez gaude abiadaren eta jarioaren estetika batean, baizik eta puzzle mentalaren ala koadro kubistaren kokapenaren problematikan.

17Konkretuki baina, nola gauzatzen da denbora linearrarekiko urruntze hau ? Zerrendatxo bat egin genezake.

18Lehenik, prolepsiaren eta analepsiaren erabilera nahiko klasikoak leudeke. Oroimena ardatz duen eleberri batean analepsiaren edo flash back-aren omnipresentzia ez da harritzkoa. Prolepsiarena esanguratsuagoa iruditzen zaigu aldiz. Zerbait salatzen du. Etengabeak dira prolepsiak eleberri honetan, izan daitezen explizitoak ala inplizitoak. Esaterako, gorago aipatu dugun eleberriaren lehen paragrafoan, eleberriaren lehen esaldian, beraz, iragartzen da Abaituaren suizidioa (modu nahiko alusiboan). Eta esan daiteke hemen prolepsia erabiltzen den bakoitzean heriotza edota katastrofe bat iragartzeko erabiltzen dela. Fatalitatearen indarra eta honen aitzineko Abaituaren ahulezia dira azpimarkatzen direnak alde batetik. Existentzialismo sartrearrak zioen bizitza bat destino bihurtzen dela hiltzen zaren unean. Hots, hil aurretik beti dagoela aukera egindako eta bizitako guztiaren zentzua –norabidea– aldatzeko, aukera librea eginez. Bada, heroiaren heriotza, eta gainera heriotz hautatua, iragarriz, eleberriak askatasun sentsazioari uko egiten dio eta hastapenetik patu huts den bizitza bat kontatzen digu. Hori dela eta, uler daiteke lineartasunak ez garrantzirik izatea. Patu huts den Abaituaren bizitzan zehar nahi den moduan ibil daiteke, atzera, aurrera, zeharka, detailetxoetan geldituz, zenbait elementu handituz, pasarte hoberenen errepikaldia proposatuz, telebistan bageunde bezala… Baina bestalde, nobelak argi eta garbi esaten digu suspentsea ez dela izango bere sedukzio arma. Sotilagoa izan nahi du eleberriak eta bestelako errekurtsoak erabili nahi ditu irakurlea bereganatzeko.

  • 7  Juan Garzia, op. cit., 94. or.
  • 8  Robbe-Grillet, Confesiones de escritores, Buenos Aires, El Ateneo, 1996, 258. or.

19Errepikapena aipatu dugu, eta hau litzateke lineartasuna hausteko Saizarbitoriak darabilen errekurtsoetarik bat. Juan Garziak dio nobela hau irakurtzen duenean « tema » hitza musikan duen zentzuan interesatzen zaiola7, alegia luzean errepikatzen den zer bat dela tema saizarbitoriarra, eta ez hainbeste « gai » bat. Eta egia da eleberri honetan zenbait motibo funtsezkoren agertze-desagertze etengabea gertatzen dela, musika zati batean bezala. Zabalegiren zapata estuegiak, Güell parkeko eztabaida sentimentala, Abaituaren Omega ordularia, « babo alena », « piztu dezakek argia » eta antzeko esaldiak… Funtsean, Robbe-Grillet maisuak azaltzen zuenez : « Eszena bat ez da errepikatzen garrantzitsua delako, errepikatzean garrantzitsu bihurtzen delako baizik »8. Haatik, errepikapena ez da Saizarbitoriaren ikuspegi estetiko edota teorikotik bakarrik justifikatzen. Hemen baduke barne justifikazio indartsu bat, eta da Abaituaren nortasun obsesiboa. Gauzak errepikatzen badira da, neurri handi batean, Iñaki Abaitua iraganeko gertakizun umiliagarri eta traumatizanteenek obsesionaturik bizi delako, etengabe hausnartzen dituelako.

20Erabilia den beste teknika bat, errepikapena bezala eszena ala motiboaren enfatizazio ahalegin bati lotua, dilatazio tenporalarena da. Tarteka eleberriak eszena bat edo motibo bat errealismoaren mugetatik harat eramaten du denboraren dilatazio bat erabiliz. Hori gertatzen da, esaterako Zabalegiren heriotzaren unea iristen denean, hots, tiro egiten diotenean (373. or.). « Errealki » segundu pare bat irauten duen gertazkizuna –tiro egitea eta lurrera erortzea– bi orrialdeko ekintza hanpatu eta geldotua bihurtzen da, detaile fisiologiko hiperrealistaz hornitua. Sergio Leoneren western spaghetti-etako eszena zenbait datozkigu gogora.

21Azkenik, eleberriaren lineartasuna hausten duten elementuen artean trantsizioa (edo trantsiziorik eza ?) aipatu beharko genuke. Esan daiteke eleberri honek bi hari narratibo paralelo (biak ala biak heriotzerantz doazelako) eta aldi berean kontrapunktiko (kontrastea dagoelako bi pertsonaien artean) dituela : Zabalegiren exekuzioaren deskribapena (Abaitua eta narratzailearen eskutik, batzuetan narratzaileak Abaituaren esanak zuzentzen dituelarik) eta Iñaki Abaituaren autodestrukzioaren kontakizuna, honen ardura narratzaileak bakarrik duelarik. Bestalde, hari narratibo hauek beraien potentzialitate diakroniko osoa garatzen dute arestian aipatu analepsi eta prolepsien bitartez. Beraz, orotara material erromaneskoa hain da aberatsa eta anitza non zaila dirudien kontakizuna antolatzea.

22Lineartasunari uko egiteaz gain, Saizarbitoriak laburpena/eszena mozketa erromanesko ohikoari ere uko egiten dio eta esan daiteke ia osorik eszena hanpatuen alborakuntza dela eleberria, fragmentuen collage-a bailitzan. Honela teorizatzen du Abaituak idazkera mota hau Susanarekin Güell parkean egon zen aldi bat oroituz :

  • 9 Hamaika pauso, 190. or.

« Susanarekin han bertan egon zen egunean, fragmentazioaren literaturak duen barne-armonia ere –Butor-en hitzetan, ‘historiaren linealtasun konbentzionalarekin bat ez datorren ordena ezkutua’– antzeko zerbait izan zitekeela sumatzen zuen, haren aurpegi negartiaren ikuspenari ihes egitearren, oinetan, distiratsuak ziren mosaiko zatiei so, beren osotasunean ez bide zuten egokitasun intimoa atzematen zielarik. »9

23Elipsi narratiboa etengabeak dira eta autoreak ez du inoiz hartzen « gauzak nola doazen » azaltzeko ardura ekintzaren laburpen bat proposatuz. Intentsitate handiko eszena gakoen akumulaketa bat da Hamaika pauso, zeinetan hari narratibo batetik bestera nahiz iraganetik oroitzearen orainera joan-etorri etengabeak egiten baitira logikaren ardura gehiegirik gabe. Nola pasatzen da, beraz, Saizarbitoria eszena batetik bestera, ez badago lotura logiko-diskurtsiborik edota bederen sintesi-laburpen pasarterik ? Bada psikoanalisiak asoziazio libreak deitzen dituen lotura intuitibo inkontzienteak erabiliz.

24Adibide bakar bat aski bekit eginmoldearen berri emateko. Une batean Abaitua ikusten dugu Daniel Zabalegiren sumarioa aztertzen. Orrialde batzuk irauten du pasarte honek eta bat-batean zera esaten zaigu : « Sumarioa magalean zuela, paperez inguraturik zegoen Juliak atea jo zuen hartan » [nire letra etzanak]. Beraz, Juliarekiko harremanaren planora igaro gara Zabalegiren bizitzatik, eta baita sumarioa belaunen gainean zuen aldi batetik bestera, hartara. Eta hori guztia inolako trantsizio aitorturik gabe, horrela, besterik gabe. Sumarioa belaunen gainean edukitzearen motiboa erabiliz bi pasarteak uztartzeko.

25Asoziazio libreen teknika psikoanalisiak erabili bazuen kontzientziaren aukera auto-zentsuratuetatik ihes egitea baimentzen zuelako izan zen. Pazienteak burura datozkion gauzak datozkion eran eman behar izaten ditu, espontaneoki eta aukeratu gabe. Noski, arau hau ezin da erabat aplikatu, besterik ez bada pentsamentua hitza baino lasterrago doalako eta beti dagoelako denbora tarte bat zeinetan aukera bat egiten edo norabide bat hartzen duen pazienteak burutik pasa berri zaiona formulatzerakoan. Baina, eta hau da interesgarria Freuden aburuz, aukera edota norabide hauek isilune, duda, lapsus edota coq-à-l’âne-en bitartez manifestatzen dira eta azken hauek txit interpretagarriak dira. Bada, honelako zerbait litzateke Hamaika pauso (bai Saizarbitoriarena, bai Abaituarena), isilune, duda, errepikapen, lapsus eta batez ere coq-à-l’âne-ez betetako irudi eta ideia segida ez antolatua. Eta hain zuzen ez antolatua delako ezin antolatuagoa, alegia inkontzienteak antolatua. Eta egia da hori dela harrigarriena, Hamaika pauso antolakuntza logikorik edo agerikorik gabeko eleberria izan arren antolakuntza sakonagoa duen liburua da eta irakurleak ez ditu inoiz faltan botatzen ez lineartasun kronologikoa, ez logika.

26Esan daiteke, denbora subjektiboa ez duela lehen aldiz erabili Saizarbitoriak Hamaika pauso-n. Badira, jakina, halako esperientzia narratiboak Ehun metron nahiz Ene Jesus-en. Esaterako eszena dilatatuaren teknika da Ehun metro-ren eraikuntzaren ardatz nagusia, eleberriak eszena bakar bat, eleberri bihurtua, kontatzen digulako. Errepikapenak eta trantsizio libreak ere ugari dira Ene Jesus-en. Baina hemen, egitura narratologikoa askoz ere konplexuagoa izateaz gain historiaren geruza handi samar bat aintzat hartzeak beste dimentsio bat ematen dio teknika horien erabilpenari. Izan ere, Hamaika pauso ez baita bakarrik une historiko konkretu baten kartografia subjektiboa baizik eta subjektibotasun kartografo horren zereginari buruzko gogoeta ere.

d)-Denbora berraurkitua eta idazkera edo Prousten ondarea

27Iraganaren presentzia, hots, denbora geruzen metaketak sortu loditasun erromanesko sentipena ez da arras berria Saizarbitoriaren obran. Ehun metro bezalako obra batean ere, nahiz eta aktualitate gai bat izan hizpide, Saizarbitoriak hirugarren hari narratibo bat sartzen zuen kontrapuntu gisa esplika zezakeena orainean kokaturiko borroka armatuaren fenomenoa. Iheslariaren azken metroak ziren kontagai lehen planoan, bigarrenean berriz azken metro horien lekukoaren interrogatorioa eta azken planoak praile kolegioko haur baten istorioa kontatzen zigun. Ene Jesus-eko pertsonaia nagusia ere iragan edipiar jasanezinaren zamarekin bizi zen. Beraz, iragana elementu erromanesko zentrala zen obra hauetan ere. Zer da beraz berria Hamaika pauso-n ? Sinpleki iragana historiako iragana –hots, extratestuala– ez ezik obrak berak sorturiko tenporalitatearen iragana ere badela. Esan nahi duguna da, Hamaika pauso osatzen duen materia testual organikoa bere buruaz oroitzen dela obrak aurrera egin ahala.

28Horrela, liburuaren hamaikagarren kapitulua hasten denean bat-bateko jauzia eginarazten digu Saizarbitoriak denboran eta pertsonaia berak urte batzuk beranduago aurkitzen ditugu, zahartuta. Pasartea, jakina, guztiz proustiarra da eta Guermantes-tarren etxeko dantzaldia oroitarazten digu, Denbora galduaren bila-ko Denbora berraurkitua azken liburukian aurkitzen dena. Fikzioak berak sorturiko pertsonaiak zahartuta aurkezten digu autoreak : Abaituaren koadrilako pertsonaiak aldatu egin dira trantsizio urte horietan zehar eta mundu berriaren koordenatuetara egokiturik aurkitzen ditugu Abaituak bere hastapeneko egoeran blokeaturik jarraitzen duen bitartean, funtsean Abaituak ez duelako historian sinesten. Abaitua oroitzeko gai da, baina ez aurrera begiratzeko. Historia oroipenaren eritasuna da Abaituarentzat, oraina pozointzen dion zerbait. Bere eginkizun nagusia oroitzea da, umiliagarriak suertatu zaizkion pasadizo mingotsetaz oroitzea, ala Zabalegiren bizitza berreraikitzea bere propioa arinago suerta dakion.

29Eta Prousten obran oroimena, jakina denez, sentsazioek eragiten bazuten (usaimenak, ukimenak, dastamenak), Saizarbitoriak badu berezitasun bat bere-berea arlo horretan. Reminiszentzia saizarbitoriar gehienak hizkerak eragiten ditu. Pertsonaia saizarbitoriarrak hizkera izakiak dira. Esan ohi zutenagatik oroitzen ditu Abaituak, eta narratzaileak ere Abaitua esan eta idatzi zuenagatik oroitzen du batez ere. Koadrilako Arantxa « ona zaude zu » gaiztoki Abaituari esaten diona da, Ortiz de Zarate « piztu dezakek argia » esaten diona Abaituari bere logelara galtzerdi pare baten bila sartzen denean goizaldean, Diego Suñer « diberti zaitezte » esaten diena Abaitua eta Susanari larrutan egitera doazenean, Zabablegi bere amari « erabili ahal izango ditudanagatik » esaten diona da zapata parea eramaten dionean presondegira, etabar. Eta esaldi labur hauei testuak errepikapenaren bitartez ematen die garrantzia, gorago azaldu dugunez. Zerbait adierazi nahi dute esaldi hauek, zerbait sintetizatzen dute, eta hori ulertarazteko errepikatzen dira. Noski, ez da hau testuak duen baliabide bakarra petsonaia baten esentzia laburki azaltzeko –elementu bisualak, hala tikak (Juliaren zigarroa eri txikia eta nagiaren artean atxikitzeko modua) nola ezaugarri fisikoak (Zabalegiren orbana edota Zarateren orbaina), baina bai nagusia. Beste ezein autorek baino gehiago darabil Saizarbitoriak hizkera pertsonaiak marrazteko eta laburbiltzeko, esentzia bihurtzeko. Pertsonaien hizkera reifikatu egiten duela esan genezake, fetitxe bihurtzen duela Saizarbitoriak.

30Joera horren karikatura Susanaren tratamentu narratiboa litzateke. Etno-soziologikoki ezin kokatuago geratzen da Susana Abaituaren ikuspegi trufatian bere hizkeragatik.

« Bazekiela esan zuena esango zuela, errepikatu zion [Abaituak], eta agian, dena perfektu izateko ‘Dios mío’ edo ‘cielo santo’ baten gehigarria beharko zukeela.

–‘Dios mío, si lo sé, me traigo el land rover’. Ikusten ? Horrela hobeto.

  • 10  Hamaika pauso, 74. or.

31Ez zirudien ironia ulertzen zionik, eta ‘ze inozoa zaren’ esan zion, zerbait ulertzen ez zuenetan esan ohi zuen bezala. ‘Qué tonto eres’ esaten zuen, eta ‘cuidado que eres tonto’ batzuetan.10

32Pasartearen balorea, jakina, iragan inperfektuaren erabilerak egiten du. Gauza hauek Susanak esan ohi ditu, Susana dira. Edo bestela esanda, hitz hauek, espresio hauek dira Susana.

e)-Oroitzea, eritzea, idaztea

  • 11 Hamaika pauso, 49. or.

33Funtsean liburuak iradokitzen duena, idazle den pertsonaia nagusiaren figuraren bitartez, zera da, idaztea oroitzea dela, eta gehienetan gainera patologikoki oroitzea, mingarriak diren gauzatxo horiek, hitzak gehienetan, hausnartzea eta lixeritu ezinik ibiltzea. Horregatik, apika, eritasunari asoziaturik ageri da idazkera Hamaika pauso-n. Borges etor dakiguke gogora, hemen, eta bereziki « Funes el memorioso ». Baina zuzenagoa litzateke berriro ere Proust konbokatzea, eta batez ere bere opera magna-ko Marcel narratzaile-idazle oheratua. Noiz idazten da ? Ekintzarako, borrokarako ezgai sentitzen garelarik. Halakoxea zen, baita ere, nahiz ez idazlea izan, Ene Jesus-eko narratzaile oheratua. Oroitzera kondenatua zegoen. Abaituak ezintasun hori bere eleberriaren incipit bihurtuko du, Zabalegiri egotziz bere-berea den joera : « Egin aurretik mugimendu bakoitza entseiatzen duk buruan, egiteko gauza izango haizela ziurtatzeko »11. Horrek azaldu dezake Saizarbitoriaren nahiz bere narratzaile nagusiaren nola Abaituaren joera estilistiko nabarmen bat, esaldi luze eta korapilatsuarena.

34Defenda daiteke honako ideia : periodo saizarbitoriarra luzea eta konplexua da erakutsi nahi duen errealitatea bera ere konplexua delako. Ados. Baina azalpen honek ez du asebetetzen. Nik esan nezake esaldi saizarbitoriarra luzea, konplexua, bihurria, setatia, hori guztia batera dela, narratzailearen energia bitala bizitzatik idazkerara pasa delako eta indar guztia obserbazio zein deskribapen lan ahalik eta zehatzenean xahutzen duelako. Horra adibide bat, zeinetan esaldiaren luzetasuna, pertsonaiaren ekintzarako ezintasuna, eta prokrastinaziorako joera nahasten diren. Abaitua bizarginarenean bere golkoarekin :

  • 12  Ibid., 156. or.

35Oroitzapenetan babestua, pena zuen bizarginak ‘el señor está servido’ esango zionean altxatu beharko zuelako, eta eskuak egin ziezazkioten aginduz egonaldia luzatzeko aukera ere neurtu zuen, uste osorik gabe, ordea, bai baitzekien ez zuela halakorik egingo.12

36Eleberriaren bukera aldera Abaitua gaixotzen da eta ez du ezertxo ere egiten sendatzeko, kontsideratuz hobeto idaten duela sukarra daukanean :

« Iñaki Abaituak ez zuen penizilinaren mesederik onetsi nahi izan. […] Sukarrak, berriz, handiegia ez zenez, ausentzia egoera batean mantentzen zuen, apal eta baketsu nolabait ere, eta hori oso eroso gertatzen zitzaion.

  • 13  Ibid., 406. or.

Beti egoera hartan bizi izan balitz gehiago idatziko zukeela iruditzen zitzaion, literatura gehiago egiteko eragozpenik handiena gehiegizko bizitasunari, gauza gehiegitaz interesatzeko joerari egozten baitzion. »13

  • 14 Hamaika pauso, 8. or.

37Eleberriaren hasieratik bertatik Iñaki Abaituaren irribarrea aipatzen digu narratzaileak. Irribarre horren jatorria ? « Mailegu literariorik gabe ezer adierazteko gauza ez dela pentsatzea »14. Eta beste behin ere oihartzun joko bat dakusagu eleberria eta bere kanpokaldearen artean. Metalepsia deitzen zaio diegesia eta maila extradiegetikoaren arteko kutsadurari. Izan ere, mailegu literarioaren bitartekaritzarik gabe hitz egiteko Abaituaren ezgaitasuna, ez al da Saizarbitoriaren aitortza bat. Bera ere ez bailitzan gai idazteko mailegurik egin gabe. Eta bereziki, bere aurreko obrei mailegurik egin gabe.

38Badakigu ekintzarako ezgai denean zertaz oroitzen den Abaitua eta badakigu, baita ere horri esker –ahulezia horri esker, eritasun horren graziaz– idazten duela Hamaika pauso eleberria. Baina zertaz oroitzen da Saizarbitoria ? Zeren azken beltzean, berak ere Hamaika pauso izeneko eleberri gotor bat idatzi baitu. Esan daiteke, nagusiki, garai historikoaz gain bere lehen aldiko obra literarioaz oroitzen dela eta Hamaika pauso bere lehen hiru eleberrien gauza hoberenen medley bat dela, edota remix bat, nahiz eta askoz gehiago izan osagai hauen guztien batuketaren emaitza.

4. Sampling literarioaren artea

39Egunero hasten delako eleberriari zer zor dio Hamaika pauso-k ? Lehen-lehenik historian kokatua egonagatik gertakari txiki eta itxuraz ezdeusei eskaintzen dien arreta. Historiaz –gizarte aldaketez– hitz egiteko modu atipikoa da Saizarbitoriarena, pertsonaia aski marginalen bizitzaren detaileak aztertuz lortzen baitu ezin hobeto islatzea kontestu handia. Saizarbitoriak behinola esan bezala historia zirrikitutik ikusten da, zeharka. Edota, estilo unibertsitarioagoan esateko, Jon Kortazarren hitzak oroit ditzakegu :

  • 15  Jon Kortazar, Jakin, 13 eta 29 zkiak.

Apartándose de la exposición de grandes ideas solo acepta tratar de los pequeños problemas cotidianos […] en una búsqueda fenomenológica de la realidad.15

40Abortatzera doan neska gaztearen abentura marginala aintzat hartuz Egunero hasten delako-n gizarte europarrean gertatzen ari zen balore eta giro aldaketaren berri ematen zigun autoreak, inoiz ezer esplikatu gabe. Hemen, Abaituaren abentura miserable-trajiko-magnifikoaren bitartez, 70eko hamarkadako euskal gizartearen radiografia sakona egiten du.

41Lotura sakonago bat ere ikusten dut idazlearen opera prima eta itzuleraren obra handi honen artean. Izan ere, bi liburuetan ekintza zail bat ia klandestinoki edota erabat klandestinoki egitera doan pertsonaia baten bakardadea da hizpide. Ilegalki abortatzea ; borroka armatua desmitifikatzen duen nobela bat idaztea : bi ekintza gizartearen (kasu batean gizarte burges eta giristinoaren, bestean euskal komunitate abertzalearen) bazterrera eramaten dituztenak pertsonaiok.

42Ehun metro-rekiko loturak are nabarmenagoak dira. Saizarbitoriak eman zion hasiera euskal literaturan ETAren gaia jorratzeari, eta hemen ere berriro heltzen dio gai berari. Han bezala hemen ere, gertakizun trajikoa (erahilketa/exekuzioa) eta deskribapen fisiologiko hotz eta kasik zientifikoa tartekatzen dira behin baino gehiagotan. Bestalde, bi liburuetan dialogismo elebiduna darabil errealitate efektu bortitza lortzearren. Aipagarriak dira, alde horretatik bai Susana karakterizatzeko egiten den gazteleraren erabilera nahiz goardia zibilei esanarazten dizkien hitzak. Ehun metro-ren garaiean esan liteke errealismoa zutela helburu gazteleraren intrusio hauek, baina Hamaika pauso-n efektua ez da maila berekoa. Izan ere, euskal eleberrigintza asko garatu da 1974az geroztik eta gaur egun arrunta bihurtu da euskara hainbat hizkuntza erregistrotan orduan ez bezala. Horregatik, esango genuke hemen elebitasunak helburu askoz ere estetikoagoa duela, kolore bat ematen zaiola testuari, euskal seventies kolore gastatu bat, vintage saizarbitoria tonu bat, argazki bati sepia kolorea aplikatuko geniokeen bezala photoshopen bitartez. Horren froga da bai Susanaren bai goardiei egozten zaizkien hainbat hitz euskaraz datozela liburuan –goardien « ale, goazen » famatua, kasurako, bi hizkuntzetan proposatzen digu testuak–, Ehun metro-n aldiz muga linguistikoak askoz ere eskrupulo gehiagorekin errespetatzen zirelarik.

43Ene Jesus-ekiko loturarik ez da falta, ezta ere. Nabarmenena, dudarik gabe protagonista nagusiaren joera obsesiboa litzateke. Baita bien ekintzarako ezintasuna. Ezin ahantzi, bestalde Ene Jesus-en agertzen dela euskal gizonaren psikoanalisiaren lehen saiakera, mater terribilisarekiko irentze konplexua barne. Aitak protagonistari hiltzeko orduan eskainitako ordulariaren motiboa ere Ene Jesus-en agertzen da lehen aldiz, funtzio sinboliko berberaz gainera. Hots, aitaren jarauntsi asumitu ezinaren irudi bihurtzen da. Ikusi dugu nola Hamaika pauso-n, Abaituak Zarateri mailegatzen dion aitak emandako Omega ordularia, eta nola beti damutuko den hori egin izanaz. Izan ere abertzaletasunaren gidaritza eta tenpoa eskaintzen baitio ETAri jestu horren bitartez. Ikusiko dugu nola amorruz begiratuko duen Zarate ordularia bortizki erabiltzen. Bada, Ene Jesus-en, jada, falusaren lekukoa ezin asumitu dezake protagonistak, eta arazo horren sinbolo bihurtzen da aitaren ordularia. Aitak semeari ordularia emango ziola hiltzean agindu arren, hilkutxa barruan gorpu delarik, beilari lanetan dabilen inor ez da ausartzen hildakoaren eskumuturretik ordularia kendu eta protagonistari ematera. Ordularirik gabe geratuko da, amaren botere izugarriaren menpe, irendurik. Azkenik, Ene Jesus-en Juan Jose Lasa psikoanalistak izenpetzen bazituen epilogoa eta « Ama » izenburudun gehigarri bat, hemen J. J. Lasa pertsonaia bilakaturik aurkitzen dugu, fikziora integraturik eta Abaituaren konfidente bihurturik.

5. Ondorioa

44Belaunaldi sakrifikatu baten istorioa kontatu digu Saizarbitoriak eta sakrifizio horrek eman dituen fruituei esker, berriro itzul daiteke euskal bizitza literariora. Ehun metro-rekin idazle engaiatu gisa (gaizki)ulertua izan ondoren, Ene Jesus-ek suposatu zuen Saizarbitoriaren suizidio literarioa. Hemeretzi urte pasa dira geroztik, hamaika pauso eman dira euskal literatura duin bat sortzeko, eta orain has daiteke Saizarbitoriaren bigarren idazlealdia, lehen aldiko Saizarbitoriari merezi zuen hilobi literarioa edo mausoleoa –Hamaika pauso eleberria– eskainiz.

Inicio de página

Notas

1 Egunkaria, 1995-12-9, Durangoko azokari buruzko gehigarriaren 6. orrialdean.

2  « Réponses de Claude Simon à quelques questions écrites de Ludovic Janvier », Entretiens, 31, 1972, p.18.

3  Ezagutu zituen argitalpen ugariez gain obra hau gaztelerara, frantsesera, ingelesera eta italierara itzuli zuten (gauza harrigarria garai hartarako !) eta Alfonso Ungría zinema zuzendariak pantailaratu egin zuen 1985ean.

4 Euskaldunon Egunkaria, op.cit., p.6

5  Zehaztu dezagun, anbiguitateak uxatzearren, modernotzat joko ditudala aurrerantzean Nouveau Roman-ari ala estrukturalismoari loturiko joera literarioak, joera postmodernoei kontrajarriz.

6  Maurice Merleau-Ponty, Phénoménologie de la perception, Paris, Gallimard, 1945, 489. or.

7  Juan Garzia, op. cit., 94. or.

8  Robbe-Grillet, Confesiones de escritores, Buenos Aires, El Ateneo, 1996, 258. or.

9 Hamaika pauso, 190. or.

10  Hamaika pauso, 74. or.

11 Hamaika pauso, 49. or.

12  Ibid., 156. or.

13  Ibid., 406. or.

14 Hamaika pauso, 8. or.

15  Jon Kortazar, Jakin, 13 eta 29 zkiak.

Inicio de página

Para citar este artículo

Referencia en papel

Ur Apalategi, «Zer egin ‘Nouveau Roman’-aren hilotzarekin ? Saizarbitoria eta birziklaia literarioa Hamaika pauso-n»Lapurdum, 13 | 2009, 31-42.

Referencia electrónica

Ur Apalategi, «Zer egin ‘Nouveau Roman’-aren hilotzarekin ? Saizarbitoria eta birziklaia literarioa Hamaika pauso-n»Lapurdum [En línea], 13 | 2009, Publicado el 15 abril 2013, consultado el 28 marzo 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/1958; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.1958

Inicio de página

Derechos de autor

CC-BY-NC-ND-4.0

Únicamente el texto se puede utilizar bajo licencia CC BY-NC-ND 4.0. Salvo indicación contraria, los demás elementos (ilustraciones, archivos adicionales importados) son "Todos los derechos reservados".

Inicio de página
Buscar en OpenEdition Search

Se le redirigirá a OpenEdition Search