Nabigazioa – Web mapa

HasieraAlea6Comptes rendus - Liburu ikertzeakLiburu ikertzea : Xabier Artiagoi...

Comptes rendus - Liburu ikertzeak

Liburu ikertzea : Xabier Artiagoitia Hatsarreak eta parametroak lantzen

Euskal Herriko Unibertsitatea eta Arabako Foru Aldundia, 2000, 446 orr.
Ricardo Etxepare
p. 439-450

Testu osoa

1Gramatika sortzaileak bide luzea egin du honezkero gure artean, eta esan genezake egun zabalduen den ikermoldea dela bai hemen, eta orohar, baita hemendik kanpo ere. Patxi Goenagaren Gramatika Bideetan (1980) klasikotik Artiagoitia irakasleak plazara berri duen Hatsarreak eta Parametroak honetaraino, hala ere, ez dira ugari izan (nolabait esatearren) iker-molde hedatu honen berri xehe emateko eginak izan diren liburuak. euskaraz. Sintaxiaren alorrera mugatuaz, eta Goenagarenaz aparte, Itziar Lakak itzulitako Lasnik eta Uriagerekaren GB Ikastaro Bat ezaguna eta oinarrizko zenbait gai tratatzen dituzten Goenagaren (1986) eta Salabururen (1987, 1989) aspaldiko lan bildumak besterik ez genituen. Urtetako hutsartea bete-tzera dator beraz, argitara berri den Hatsarreak eta Parametroak hau, eta esku ezin hobeagotik gainera : ofizioaren nekeak aspaldi probatuak eta gaiaren zokoak ondo miatuak dituen Xabier Artiagoitia, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearenetik, alegia.

2Liburua mardula da (446 orrialde), eta ez gaingiroki irakurtzen diren horietakoak. Arrazoiak bitarikoak dira : batetik, liburua euskal sintaxiak azken hamar-hamabost urteetan eman duenaren sintesi lan gisa pentsatua izan delako, eta ez bakarrik diziplinaren bilakaera eta oinarrien azalpide orokor gisa. Bestetik, egileak aitortzen duen bezala, liburua ez delako « txoil deus ez dakitenentzako » egina, baizik eta sintaxiarekin eta gramatika sortzailearekin gutxie-neko ezagupidea egina dutenentzako (egileak liburua EHUko Euskal Filologia lizentziaturako laugarren mailako eskoletarik sortua dela esaten digu). Liburua nahikoa modu tradizionalean antolatua dago : gramatika sortzailearen oinarrian diren ideien azalpen orokor baten ondoren (lehen atala), Gobernu eta Uztardura ereduaren modulu ezagunen errepasoa egiten da : Perpaus Egitura (bigarren kapitulua), Hiztegia eta Theta Teoria (hirugarrena), Kasu Teoria eta Ergatibitatea (laugarrena), Mugimendu Teoria eta NZ-hitzen mugida (bostgarrena), Uztardura Teoria (seigarren kapitulua). Zazpigarren kapituluak buru mugimenduari eta sintaxiaren eta morfologiaren arteko erlazioei heltzen die, azken sei-zazpi urteotan garatu den programa minimalistaren ildotik.

3Lehen kapituluak, Hatsarreak eta Parametroak ikermoldearen oinarrizko ideiak, gramatika sortzailearen azpian dagoen ikusmoldea azaltzen du : ikerketa bide hau mugatzen duten galderak (zer den hizkuntza bat, nola jabetzen garen hartaz, nola erabiltzen dugun, nola sortu zen espeziean eta azkenik, nola gauzatzen den burmuinean), modularitatearen eta hizkuntzaren beregaintasunaren tesia (1.2.), barne eta kanpo hizkuntzaren arteko diferentzia (ingelesezko I-language eta E-language), hiztun idealaren kontzeptua eta onargarritasuna eta gramatikaltasunaren arteko diferentzia (1.3.), hizkuntz jakintzaren eta haurrak ingurune linguistikotik jasotzen duen input urriaren arteko jauziaren handia, Chomsky-k Platon-en problema deitu zuena eta sortzezkotasunaren hipotesia bermatzen duena (1.4.1.), hizkuntzen arteko bereizketa eremua eta haren mugak (hatsarreen eta parametroen arteko oreka) (1.4.2.), gramatika partikularren eta gramatika unibertsalaren arteko erlazioa (egokitasun deskriptibo eta teorikoaren arteko tenkaren auzia) (1.4.3.), eta azkenik, gramatikaren antolaketa orokorra-ren lehen itxuratze bat (1.5.). Atala ondo idatzia dago eta argia da azalpenetan, nahiz eta gramatikagintza sortzailearen aitzin uste guziak atal bakar batean bildu nahiak nabartasun eta dispertsio itxura pittin bat ematen duen batzuetan. Deus ere aipatze aldera, zenbait kontzeptuk nere ustez formulazio laxoegia dute beren zuzenean. Horietako bat, gramatikagintzaren jomu-gari dagokio. Egileak honelaxe dio : « Burmuinaren egoerek ardura diote hizkuntzalari choms-kyarrari, hizkuntz gaitasuna giza burmuinaren osagaietariko bat den aldetik » (19. orr.). Orobal « 'zer da hizkuntz bat jakitea » galderari ematen zaion erantzunean (20. orr.) : « halako hizkuntz jakin bat barneratu duen hiztun baten burmuin-egoeraren teoria ». Edota 24. orrialdean : « Gramatikaren baieztapenak gogoaren teoriak barne hizkuntzari, hots, burmuinaren egiturei buruz egiten dituen baieztapenak izango dira. » Hori guzia egia da, eta Chomsky-k hizkuntza-laritzaren ikerketa gaiaren jomuga aipatzen duenenan komunzki gogo/burmuina terminoa erabiltzen du. Chomsky-k dioen bezala, lengoaiaren fakultatea giza biologian erroturiko ahal-mena da, eta giza-burmuinaren antolamendu bereziaren emaitza. Baina hizkuntzalariak iker-tzen dituen gogo atalen propietateak zuzenean burmuinaz predikatzen direla esatearekin batera, beharbada ez zen soberan egongo aipatzea ere burmuina delakoak badituela analisi maila desberdinak, elkarrekin nahasi behar ez direnak. Chomsky-ren hitzetan : « Burmuina maila desberdinetan iker daiteke : atomoen mailan, zelula, zelula-multzoen eta neurona sareen mailan eta baita errepresentazio-konputazio sistemen mailan ere » (Chomsky, 1993, 93. orr.) Hau pellokeria bat baino zerbait gehiago da, batetik errepresentazio-konputazio sistema analisi maila berezi eta beregaineko gisa ezartzea hautu jakin bat delako. Chosmky bera gainera, ezkor agertzen da maila arteko ustezko loturabideen inguruan. Cogo/burmuin terminoaren erabilera, beraz, ez da axolarik gabea, Chomsky-z denaz bezanbatean.

4Formulazio laxoegia duen bigarren kontzeptua, lehen atal honetan, Logika Formaren definizioa da. Egileak LF « perpausen interpretazioa eta kontzeptualizazioa jasotzen duen maila » dela dio (34. orrialdea), eta agian egokiagoa litzateke esatea Logika Forma gramatikak interpretazio moduluei eskuetaratzen dien egitura sintaktikoa dela, interpretazioa neurri handi batean, baina ez guziz, determinatzen duena.

5Bigarren kapitulua, perpaus egiturari dagokiona, kategoriaren nozioarekin (2.2.0) eta sintagma eta osagaien eraketari buruzko X-barra eskemaren hipotesiarekin hasten da (2.2.1 eta 2.2.2). Honen ondoren, izen sintagmatik hasi eta perpaus jokatuetaraino aurkitzen diren sintag-men oinarrizko egiturak agertzen ditu (izen sintagma eta Artiagoitiak berak berriki ikertu duen determinatzaile sintagma, inflexio eta konplementatzaile sintagmak, eta aditz sintagma eta posposizio sintagmak). Hirugarrenik, balio sintaktikoa duten egitura harremanen gaineko azpi atalak datoz, o-komando erlazioa eta gobernu erlazioa aurkezten dituztenak. Bukatzeko, Kayne-ren antisimetriaren hipotesiaren berri laburra ematen da.

6Ohiko bideari segituaz, osagaiaren nozioa egitura erizpideen bitartez justifikatzen da. Osagaien presentzia salatzen duten fenomenoei dagokienean (koordinazioa, ordezkapena, mugimendua, elipsia, galdera-erantzun jokoak, partikulen kokapena) adibideak ez dira beti ondo aukeratuak. Honela, ordezkapenaren kasuan, honako adibideak ematen dira (43.orr.) :

(1) a. Diputazioek aho batez onartu dute...
b. Nola onartu dute diputazioek... ?
c. *Nola onartu dute batez...

7Aho batez segidak osagai bat eratzen duela erakusteko, nola bezalako ordezkapen forma batek ezin zatitua duela agertzen da. Baina jakina, nola batek sekula ez lezake aho bezalako zerbait ordezka, aho izena osagai baten barnean egon ala ez.

8Koordinazioaren kasuan, exenplua hauxe da (44.orr.) :

(2) Diputaioek [legearen aurreproiektua] eta [errepide gehiago egingo dituztela] onartu dituzte

9(2) kategoria bereko osagaiak bakarrik koordina daitezkeela erakusteko baliatzen da.
Kategoria desberdintasunaren bitartez etsenpluaren onargaiztasuna esplika daitekeen neurrian
(hor DS eta KonpS koordinatzen saiatzen ari gara), koordinazioak kategoria nozioaren eragin-
kortasun sintaktikoa erakusten du. Hala ere, badirudi hemen arazoa beste bat dela, eta perpau-
sek komunztatzeko duten zailtasunarekin lotua dagoela :

(3) a. Diputazioek [legearen aurreproiektua berehala prest egongo dela] eta [errepide gehiago egingo dituztela] onartu dute/*dituzte
b. Diputazioek [legearen aurreproiektua] eta [errepide gehiago egingo dituztela] onartu dute.

10Izen sintagmaren barne egituraz diharduela, eta X-barrak bereizten dituen osagarri/espezifi-katzaile erlazioak identifikatu asmoz, egileak jeneralizazio hauxe proposatzen du : « osagarriak I-tik hurrago behar du espezifikatzaileak baino. harekin apurtu ezinezko l'osagaia osatzen duelako edo. » Horren adibidetzat haren (37) exenpluak (diakritikoak egilearenak dira) (55.orr.) :

(4) a. Valverderen Atxagaren erretratua
b. *Atxagaren Valverderen erretratua (Valverde erretratugilea izanik)

(5) a. Aitaren berebilaren erosketa
b. *Berebilaren aitaren erosketa (Eguzkitza, 1993)

11Hainbat hiztunen belarriaren arabera, ordea, bada diferentzia nabarmen bat (4) eta (5) en artean : (4) b guziz naturala da ; (5) b berriz, ezinezkoa. Diferentzia noski, osagaien ardatz den izenaren nolakotasuenan dago : eventu izaera eta argumentu egitura duen erosketa batetik ; emaitza huts den erretratua bestetik. Antzeko fenomenoa gertatzen da ingelesez (Grimshaw, 1990, 145) : egile erroldunaren lekualdaketa (estraposizio bidez) posible da izen hutsekin, baina ez aditzetik eratorritako izenki batekin :

(6) a. An attack by the enemy occurredb. An attack occurred by the enemyc. *The destruction of the city occurred by the enemy

12Besterik da, noski, zergatik gertatzen den horrelakorik.

13Hirugarren kapitulu bikaina, Hiztegia eta Theta-Teoriari buruzkoa da, eta segida natu-ral bat dauka Kasu Teoriari buruzko laugarrenean. Hirugarren atal hau lexikoiean gordetzen diren tasunen eztabaida orokor batekin hasten da. Egileak hautapen thematikoa eta kategoria hautapenaren arteko diferentziak tratatzen ditu, eta argumentu-egitura eta theta errolen kon-tzeptuen artean lehen bereizketa egiten. Argumentu egituraren nozioa aurkezteko Grimshavv-ren predikatuen sailkapena erabiltzen du. Egileak, izendatuki, alde batera uzten ditu dimentsionalitate edo tipo semantikoekin zer ikusia duten hautapen galdakizunak (Zucchi 1989, Asher 1993 edo Ormazabal 1995 lanen zentzuan, hau da, proposizioa, eventua, galdera, gertatua bezalako dimentsionalitate desberdineko tipo semantikoak), nahiz eta gero theta hautapenaren sailean berragertzen diren (115.orr.). Egitura lexiko-kontzeptualen izaerari buruzko azpiatal labur bat ere bada (3.1.3.). Sarrera lexikoen lehen itxuratze honen ondoren eta argumentu eta predikatuen arteko diferentzia orokorrak agertu eta gero, egilea argumentu egitura sintaxi egituran nola islatzen den aztertzen du. Bertan, Marancz-en adibide klasikoaren (1984) egokitzapen eder baten bidez theta errolen ezarpen konposizionala erakusten da (123.orr.) eta Baker-en Theta Ezarpenaren Uniformetasunaren Hipotesia aurkezten da. Islapen Hatsarrearen (Projection Principle, Chomsky. 1981) eta harekin loturiko zenbait kontzepturen inguruko eztabaidaren ondoren (3.4.) egilea aditzaz bestelako predikatuen propietateen azter-ketari ekiten dio (izenak, adjektiboak eta posposizioak). Bereziki interesgarria da hemen lehe-nagotik Artiagoitiak (1997,1998) landua duen DS predikatuen analisia, zeinen arabera determinatzailearen agertzea bi faktoreren mendean baitago : batetik predikatua izaki maila-koa izatea ; bestetik, eta partizipioekin batera agertzen denean, eventua burutua izatea (151.orr.).

14Laugarren kapitulua, Kasu Teoria eta Ergatibitatea, aurrekoaren luzapen natural-tzat jo dezakegu, eta argumentu egituraren sintaxi islapena aztertzen du, Kasuaren teoria tarteko. Egiturazko kasua eta berezko kasuak bereizi ondoren, egilea euskarazko predikatu iragangaitzen sailkapen dagoeneko ohikoa egiten du, ez-akusatiboen eta ez-ergatiboen artean, Perlmutter, Burzio eta Levin-en lanetatik abiatuz. Azken honen tesia, zeinaren arabera aditz inakusatiboen saila NOR aditz formen sail berbera den, kritikatzen da. Euskararen kasu sistema ere aztertzen da, ergatibitatearen parametroaren ikuspegitik, eta ergatibitate morfolo-gikoa eta sintaktikoa bereizten dira (euskara lehen sailari dagokiolarik, Ortiz de Urbina, 1989). Atal honek igoera aditzen eztabaida interesgarri bat dakar (berez Artiagoitia I999ren labur-pena), Salaburu-k aspaldi xamar (1987) aztertutako irudi aditzaren erabilera zenbaiten inguru-koa :

(10) Apaiz honek iduri du Apezpikua oso haserre dagoela

15(10), guziz bitxi egiten dena hiztun gehienentzako, onargarria da hiztun talde batentzako. Hiztun batzuentzat ematen du irudi aditzak zinezko subjektu thematikoa duela. Subjektu thematiko honek mendeko perpauseko subjektua kontrolatzen du. Honela esplikatzen dira bigarren pertsonako kasuak :

(11) Zuk [pro gaisorik zaudela) ematen duzu

16Hartara, Artiagoitiaren ondorioa da euskarak badituela bi sarrera irudi aditzari dagozkionak (182.orr.), lehena bitxitasun tipologikotzat har genezakeena :

(12) a. iduri, A : gaia, proposizioa
b. irudi, A : -TH, proposizioa

17(10) bezalako kasuak baina, ez dira agian hain bakan munduko beste hizkuntzetan : Rothstein-ek erakusten duen bezala (2001, l89.orr.) irudi bezalako aditzek subjektu lexikoa izan deza-kete, lexikoa izateak berez thematikoa izatea ez dakarrelarik. Honelakoetan baina, irudi aditzak ez du juntagailu ohikoa hartzen :

(13) John seems as if his baby kept him up all night

18Baliteke (10) en azpian dagoen egitura (12) ren parekoa izatea. (12) bezalako etsenpluetan John-ek kasu nominatiboa du, seems-ek ezarria, baina bere lotura aditzarekin topiko batena bezain lausoa da (Rothstein-ek izan ere, topikalizazio berezi baten gisa hartzen du).

19Nago, gainera, portaera hau ez ote den irudi aditzaz harat ere hedatzen. Har, esate baterako, merezi izan, zenbait hiztunen ahotan. Lehen etsenpluak igoera aditza peto petoa ematen du. Bigarrenak kontrol egitura baten itxura guztia dauka. Beste biak berriz, ez dira ez bat ez beste :

(14) a. pro merezi du [norbait joatea]
b. [(*norbait)/PRO joateak] merezi du
d. Jonek [norbait/pro haraino joatea] merezi du
e. Zuk [ pro/norbait haraino joatea] merezi duzu

20Bostgarren kapituluak, Mugimendu teoria eta NZ-hitzen mugida izenburua du. Lehenbiziko azpiatalek oinarrizko kontuak tratatzen dituzte : mugimenduaren existentzia eta beronen izaera ziklikoa (1.1.), eta aztarnen justitlkazio teoriko eta enpirikoa (1.2.). NZ-mugi-darik ez duten hizkuntzen bitartez (Txinerazko etsenpluak erabiltzen dira hemen) Logika Forma errepresentazio mailaren aurkezpena egiten da (1.3.). Hurrengo azpiatalak, operadore-aldagai egituren saila zabaltzen dute erlatibagintzako operadore mugimendua aztertuaz. NZ-mugidaren eta erlatibagintzako mugidaren arteko paralelotasunak frantsesezko iraultze estilistikoaren (stylistic inversion) eta irlanderaren konplementatzaile jokoaren bitartez (McCloskey, 1979) erakusten dira. Kapituluaren hasieran Chomsky-ren « On Wh-movement » (1977) hizpidera ekartzen denez gero, beharbada ez zatekeen soberan izango bestelako opera-dore-aldagai egiturak iragaitzean bederen aipatzea, hala nola konparazio egiturak eta infiniti-bozko erlatiboak.

211.6. azpiatal luzeak mugimenduaren gaineko murriztapenak tratatzen ditu, ikerketa eremu honen bilakaera historikoaren ildoari segituaz. Honela, hurrenez hurren datoz Ross-en lehen muga kategoriak (1967), Chomskyren Azpikotasunaren Baldintza (1973), Kategoria Isilaren Hatsarrearen formulazioa ekarri zuten kanporaketa asimetriak (Chomsky, 1981 eta ondorengoak), Huang-en Ateraketa Eremuen Gaineko Baldintza (1982), Chomskyren saioa azpikotasun eta gobernu hertsidurak formulazio bakar baten bitartez esplikatzeko (Barriers-eko sistema, edo Artiagoitiak bataiatzen duen bezala Behaztopo sistema. 1986) eta azkenik Rizzi-ren Hurkotasun Erlatibatuaren Hatsarrea (1990). Etsenpluak ondo aukeratuak daude (irakaslearentzat biziki lagungarri izango dena), eta gaiak dituen konplexutasunak ez dira isil-bidez saihesten, batzutan soluziobideak eta hiztunen senaren nondik norakoak zabalik uzten direlarik. Egileak kapitulu hauxe aukeratu du egitasmo minimalista gaingiroki bada ere aurkezteko (1.6.5. azpiatala), azpian diren intuizioei areago begiratuaz, egungo eztabaidaren gorabeherei baino. Aurkezpen hau gehienbat Mugidarik Laburrenaren Baldintzara eta Kateen Uniformetasunaren Printzipiora mugatzen da (Chomsky, 1993, 1995).

22Bostgarren atalaren bigarren zatiak foko egitura sintaktikoak ditu mintzagai. Egileak Altuberen arau deskriptibo ezagunaren funtsa auzitan jartzen du (hor Hidalgoren lana aipatu beharko litzateke, 1995). baina azkenean. eztabaidarako aukeratutako fenomeno multzoa hurbiletik segitzen dio delako Altuberen legeari (fokoaren aditz aurreko posizioa. aditzaren ondokotasun derrigorrezkoa). Egia da halere, Artiagoitiak NZ-mugidaren eta fokoaren arteko paralelotasunak bilatu nahi dituela espreski, eta NZ-mugidak ordenu hertsiagoa ezartzen duela perpauseko elementuen artean. Interegarria da hartara. Altuberen arauak perpaus bakunen baitan duela indarrik gutxien. Hiztun askorentzat aditzaren ondoko fokoa guziz zilegi da. aldaera estilistiko gisa bederen :

(15) Jonek eman dio MUSU HAUNDI BAT Mireni

23Bizkitartean. fokoak perpaus arteko besarkadura baldin badu. hau da NZ-hitzak bezala. operadoreen gisan portatzen bada, orduan aditz aurreko posizioa eta aditzaren ondo-kotasuna derrigorrezkoak dira :

(16) a. *Jonek esan dio BIZIKLETA HAUNDI BAT Mireni erosi duela
b. BIZIKLETA HAUNDI BAT esan dio Jonek Mireni erosi duela

24Artiagoitiak aditza eta fokoaren arteko loturaren analisi sintaktiko desberdinak errepa-satzen ditu : Ortiz de Urbinaren saioa, ondokotasun erlazio hori Aditza Bigarren deituriko fenomeno tipologikora hurbiltzeko (2.1.2.). Lakaren Sigma kategoria, ezeztapena, baieztapen enfatikoa eta ezkerreratutako fokoa bilduko lituzkeena eta Denbora buruaren mugimendua behartzen duena, eta azkenik Laka eta Uriagereka (1987) eta Uriagerekaren hipotesia (1999), zeinen arabera ondokotasuna ez baita konfigurazio jakin batetik segitzen (espezifikatzaiie-buru konfigurazioa), baizik eta tartean deus ere egotea galerazten duen propietate morfosin-taktikoetarik (Fukui eta Speas-en proposamen bati jarraituaz (1986). Agian merezi zukeen hemen derrigorrezko ondokotasun hori auzitan jartzen duen zenbait gertakari agertzea. Esate baterako, ezaguna da ezeztapenaren ondoan fokoak eta aditz lexikoak ez dutela zertan elkarren ondoan egon behar, ez eta fokoak eta aditz laguntzaileak ere (Etxepare eta Ortiz de Urbina, 1999) :

(16) Ez dio JONEK Mireni lore sorta hori erosi. Aitorrek baizik.

25Atal luze eta interesgarri hau topikalizazioaren eztabaida labur baina jakingarri batekin bukatzen da (3.).

26Seigarren kapitulua, Uztardura Teoriari buruzkoa, izenordainen, anaforen eta errefe-rentzia adierazpideen distribuzio propietate nagusien lehen analisi batekin hasten da. O-ko-mando erlazioa berriz ere hartzen da, eta haren bitartez Uztardura Baldintzen lehen formulazio bat proposatzen. Handik abiatuta, egileak Chomsky (1981) etik Chomsky (1986) ra doan bidea aztertzen du, uztardura eremuen formulazio sofistikatuagoak behartu dituzten problemak ager-tuaz. 6.5. azpiatalak PRO teorema aurkezten du. Kapituluak Rebuschiren lan interesgarriaren (1988, 1989) sintesi bat dakar, elkar eta bata bestea anaforen uztardura eremu desberdinak batetik, eta bere/haren izenordainki posesiboena bestetik, erakusten dituena. Atalak uztardura teoriak GB teoriaren baitako beste eremuetako fenomenoak esplikatzeko duen baliagarritasuna agertzen du (bereziki Larson-en osagarri biko aditzen barne egitura, euskarazko datibo-abso-lutibo konfigurazioak azaltzeko egokitzen dena (6.7). Azken azpiatalak uztardura baldintzen aplikazio maila eztabaidatzen du (6.8).

27Zazpigarren kapitulua da, agian, irakurlearen aldetik arretarik handiena eskatzen duena. Aditzaren Mugida, Komunztadura eta Kasuaren Erkatzea izenburua duen atal honen azpiko giltza, aztergaiak eta proposamen desberdinak lotzen dituen haria, morfologia eta sintaxiaren arteko erlazioarena da. Zenbateraino morfologikoki konplexuak diren elementu morfosintaktikoak sintaxiaren arau hertsien bitartez esplikatzen ahal diren, edo zenbateraino jo behar dugun morfologia modulu beregaineko batera. Euskal sintaxiaren azken urteetako joera nagusia (eta orohar, GBtik minimalismora doan ikerbide osoarena) lotura aski zuzen baten aldeko hautua izan denez gero (Baker-en Ispiluaren Hatsarrea flexioaren dermiora eka-rriaz), atala ikusmira ezin hobea da hainbat eremu itxuraz bereiziren joko konplexua argitara ekarri nahi izan duten lanak eztabaidatzeko, batzutan zinezko tour de force sintaktikoak dire-nak. Atala Emonds-Pollock hipotesiaren (eta hura justifikatzen duten datuen) deskripzioarekin hasten da. Pollock-en hipotesiak Inflexio Sintagmaren barnean biltzen diren tasunen bereiz-keta proposatzen du, halako moldez non denbora, aspektu edo komunztadura tasunek bakoi— tzak beren proiekzio sintaktiko propioa islatzen duten. Pollock-en hipotesia aintzat hartu eta gero, haren ondorio zenbait tratatzen dira : batetik Chomsky 1991 ren perpaus egitura hedatua, Subjektu Komunztadura Buruaren alde egiten duena, eta bestetik Ouhallaren (1991) Ispiluaren Hatsarrearen interpretazio hertsia, zeinen arabera hizkuntzatik hizkuntzara adizki jokatuetan aurkitzen diren afixuen posizio desberdinak perpaus egitura mailako erlazio hierarkikoen islada diren. Lehen azpiatala Chomsky (1993) ko morfologia eta sintaxiaren arteko erlazioa-ren ikuspegiarekin bukatzen da. Ikuspegi honetan, morfologia eta sintaxiaren arteko erlazioa ez da hain zuzena, flexio-hizkiak ez baitira zuzenean deribazio sintaktikoan batzen. Aitzitik, adizki jokatuak osorik heldu dira lexikotik, eta beren tasunak perpaus egiturako buru egokie-kin erkatu behar dira. Bi ikuspegi hauek euskal adizki jokatuen eta perpaus egituraren azter-bideetan beren isla izan dute : lehenaren baitan para liteke esate baterako Lakaren lan garrantzitsua (1993a) adizki jokatuen barne eraketari buruzkoa (7.2.3), eta bigarrenean Fernandezen komunztaduraren gauzatze sintaktikoari buruzkoa (1997). Perpaus egituraren nondik norakoarekin loturik dago baita ere argumentuen oinarrizko ordenaren auzia. Atalak sintesi eztabaida interesgarria dakar (Ortiz de Urbina 1994, Fernandez 1997. Albizu 1997. eta Ormazabal eta Romero 2000 lanetatik) datibo komunztaduraren eta datibozko argumentuen posizio sintaktikoaren inguruan (7.4.2.). Euskararen Kasu sistema ergatiboak ere merezi duen arreta jasotzen du, Chomsky (1993) eta Bobaljiken (1993) ergatibitate morfologikoaren inter-pretazioa azaltzen da, eta euskararen kasu sistema ergatiborako Lakaren egokitzapena (1993b) aztertzen da, besteak beste.

28Eduki teorikoaz aparte, liburuak bibliografia zabal bat eskeintzen du, bi zatitan emana. Lehen zatian, ikuspegi orokor batetik idatzitako artikuluak eta liburuak biltzen dira : bigarre-nean, euskarari zuzenkiago lotuak diren lanak.

29Liburuaren balorazio gisa, esan behar dut liburua ez dela bakarrik lagungarri diren horietakoa, baizik eta, areago, luzaroan lagun izango duguna. Artiagoitiaren lana guziz aipa-garria da, eta halaxe izango zatekeen gurea bezalako eskasiarik ezagutzen ez duten beste aldee-tan ere. Horrekin batera, aitortu behar dut tarteka badudala liburuak bere baitan gehiegi hartzen ote duen susmoa. Eskola baten kontestuan zilegi bezain ohiko diren zehar aipamenak (analisi baten luzapen edo aldaera posibleak, honako edo bestelako analisiak suposatzen duen harako erreferentzia) batzutan liburuan testu estatusa hartu ote duten nago. Horrelakoetan, egilea arti-kulu edo sistema baten mamia laburtu beharrez aritzen dela iruditzen zait, zer hori inoiz ilun xamar egiteraino laburbiltzen duelarik. Tankera hori hartzen diet nik esate baterako, bostgarren kapituluan, Rudin-en NZ anitzen mugimenduaren tipologiaren azalpenari (214. orr), subjektu vs. osagarria asimetria- ri dagokion sekzioa, that/aztarna efektuaz ari delarik (231. orr), Lasnik eta Saitoren sistemaren deskripzioari (233. orr) edo Chomskyren Barriers sistemako adjunkzio aukeren eztabaidari (May-ren lana aipatzen delarik). Erreferentzia horiek egon behar dutenik ez dut ukatuko (lanean sakontzeko nondik nora jo behar den argitzeko beha-rrezkoak dira), baina testuaren harian emanda berez trinko xamarra den testua moteldu egiten dute.

30Bistan da liburu batek (honek edo bestek) ezin duela dena bere baitan hartu. Bada, hala ere, Artiagoitiaren liburuan gutxienez nabarmena den hutsune bat : Kuantifikazioa ez da ezertarako agertzen, Logika Formaren sintaxian rol garrantzitsua izan badu eta badauka ere. Hemen jakina, errua ez da autorearena : liburua euskal sintaxiaren azken urteotako lanaren sintesia den aldetik, etxeko sintaxiak hartu duen bide meharregiaren berri ematen digu.

31Artiagoitiaren lanak dituen alde laudagarrien artean, ezin dugu ahaztu gramatika sortzailearen terminologia (maiz aski bihurria) euskaraz emateko ahalegin berezia, hainbat irakasle borroka etsigarri batetik aterako dituena. Hemen, bataio kontu guzietan bezala, nork gehiago nork gutxiago maiteko ditu, baina ezin aipatu gabe utzi esate baterako, rol themati-koen izendatze egokia (106-107. orr), Chomskyren blocking category-ren ordaina den behaz-topo kategoria, harako structure preservation-ena den egiturari eutsi hatsarrea, edo superiority terminoari egokitu zaion goragotasuna, besteak beste.

32Liburu hau dudarik gabe berri ona da euskararen inguruan lanean ari diren hizkun-tzalari guztientzako, eta euskal sintaxiak. bere apalean. lortu duen sofistikazio mailaren erakusgarri bikaina da. Lanerako gonbita baizik ez dena, bestalde.

Orrialdearen goiko aldean

Bibliografia

ALBIZU, P. (1997) « Generalized Person-Case Constraint : A Case for a Syntax-Driven Inflectional Morphology » In A. Mendikoetxea eta M. Uribe-Etxebarria (arg) Theoretical Issues at the Morphology-Syntax Interface. Donostia : ASJUren gehi-garriak. 1-34.

ARTIAGOITIA, X. (1997) « DP predicates in Basque », in A. Taff (ar), Working papers in Linguistics, Vol 15, Seattle : University of Washington. 161-198.

ARTIAGOITIA, X. (1998) « Determinatzaile Sintagmaren Hipotesia Euskal Gramatikan », Uztaro 27, 33 — 61.

ARTIAGOITIA, X. (1999) « Subordination », EHUko eskuizkribua, J.I. Hualde (arg) A Grammar of Basque liburuan agertzekoa.

ASHER, N. (1993) Reference to abstract objects in discourse, Kluwer.

BOBALJIK, J. (1993) « Ergativity and Ergative Unergatives » In C. Phillips (arg) Papers on Case and Agreement II, Cambridge MA : MIT Working Papers in Linguistics, Volume 19,45-88.

CHOMSKY, N. (1973) « Conditions on transformations » In S. Anderson eta P. Kiparsky (arg) A Festschrift for Morris Halle, New York : Holt, Rinehart and Wilson, 232-286.

CHOMSKY, N. (1977) « On Wh-Movement » In P. Culicover, T. Wasow eta A. Akmajian (arg), Formal Syntax, New York : Academic Press, 71-132.

CHOMSKY, N. (1981) Lectures on Government and Binding, Dordrecht : Foris.

CHOMSKY, N. (1993) « A Minimalist Program for Linguistic Theory » In K. Hale and S. Keyser (arg), The View from Building 20, Cambridge MA : MIT Press. 1 — 52.

CHOMSKY, N. (1995) The Minimalist Program, Cambridge MA : MIT Press.

EGUZKITZA, A. (1993) « Adnominals in the Grammar of Basque » In J.I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg) Generative Studies in Basque Linguistics, Amsterdam : John Benjamins.

ETXEPARE, R. eta J. Ortiz de Urbina (1999) « Focalization » J. I Hualde (arg) A Grammar of Basque liburuan agertzeko.

FERNANDEZ, B. (1997) Egiturazko Kasuaren Erkaketa Euskaraz, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak.

GOENAGA, P. (1980) Gramatika Bideetan, Donostia : Erein.

GOENAGA, P. (arg) Euskal Sintaxiaren Zenbait Arazo, Bilbao : UPV-EHU.

GRIMSHAW, J. (1990) Argument Structure, Cambridge MA : MIT Press.

HIDALGO, B. (1995) « Ohar garrantzitsuak euskararen hitz ordenaren inguru. Euskara, SVO ? » FLV, 70. 401-420.

LAKA, I. (1990) On the Nature of Functional Categories and Projections. MITko doktorego tesia.

LAKA, I. (1993) « The structure of Inflection : A Case Study in X0 Syntax » In J.I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg), 21-70.

LAKA, I. (1995) « Thetablind Case : Burzio's Generalization and Its Image in the Mirror » In E. Reuland (arg) Workshop on Burzio 's Generalization liburuan agertzekoa.

MARANCZ, A. (1984) On the Nature of Grammatical Relations, Cambridge MA : MIT Press.

ORMAZABAL, J. (1995) The Syntax of Complementation : On the Connection between Syntactic Structure and Selection, University of Connecticut-eko doktorego tesi argi-taragabea.

ORMAZABAL, J. eta J. Romero (1998) « On the Syntactic Nature of the me-lui and the Person-Case Constraint » ASJU, XXXII-2, 415-433.

REBUSCHI, G. (1988) « Defining the three Binding Domains in Basque » ASJU XXVII-1, 233-241.

REBUSCHI, G. (1989) « La problematique de la localité dans la théorie du liage » In P. Salaburu (arg.), 121-141.

RIZZI, L. (1990) Relativized Minimality, Cambridge MA : MIT Press.

ROTHSTEIN, S. (2001) Predicates and their Subjects, Kluwer.

SALABURU, P. (arg) (1987) Sintaxi Teoria eta Euskara, Donostia : EHU.

SALABURU, P. (arg) (1989) Sintaxi Teoria eta Euskara, Donostia : EHU.

Orrialdearen goiko aldean

Artikulu honen planoa

Errefentzia paperezkona

Ricardo Etxepare, «Liburu ikertzea : Xabier Artiagoitia Hatsarreak eta parametroak lantzen»Lapurdum, 6 | 2001, 439-450.

Erreferentzia elektronika

Ricardo Etxepare, «Liburu ikertzea : Xabier Artiagoitia Hatsarreak eta parametroak lantzen»Lapurdum [Linean], 6 | 2001, Sarean emana----an 01 juin 2009, kontsultatu 29 mars 2024. URL: http://journals.openedition.org/lapurdum/1255; DOI: https://doi.org/10.4000/lapurdum.1255

Orrialdearen goiko aldean

Lizentzia

CC-BY-NC-ND-4.0

The text only may be used under licence CC BY-NC-ND 4.0. All other elements (illustrations, imported files) are “All rights reserved”, unless otherwise stated.

Orrialdearen goiko aldean
Search OpenEdition Search

You will be redirected to OpenEdition Search